Artista

Joseba Agirrezabalaga: "Artea sentipenen nahasketa bat da niretzat"

Julene Frantzesena 2022ko mar. 18a, 11:33

Joseba Agirrezabalaga, lanean. (Unai Sorrarain)

Artearen munduan urratsak egiten jarraitzen du azpeitiarrak. Urteetan egindako lanaren fruitua argitara ematen hasia da, bi sormen beka jaso baititu azken hilabeteetan. Musikak erakarri zuen artera, baina denboraren joanak gauzak ikusteko modua "aldatu" diola aitortu du.

Artearen munduan murgilduta urteak daramatza Joseba Agirrezabalagak (Azpeitia, 1982), eta azkenaldian, lan hori ikusarazten hasia da, baita egiten duenarekin gozatzen ere. Bi sormen beka jaso ditu, gainera: Alkizako (Gipuzkoa) Fagus-Alkiza interpretazio zentroaren Sormenaren Kabia eta Azpeitiko Udalaren nahiz Kulturaz kooperatibaren sorkuntza beka. Marraztea ez ezik, musika ere oso gustuko du.

Artista grafikoa zara, baina zure burua ez duzula artistatzat hartzen esana duzu. Zergatik?

Hori alde ekonomikoari begiratuta esan nuen; bestela ez daukat arazorik nire burua artistatzat hartzeko. Dena den, arraroa egiten zait; izan ere, artea ez dut ogibidetzat. Baina tira, ez da zaletasun soila ere, beraz... Proiektu txikiak baditut esku artean, baina langabezian nago. Azken urteetan lehen baino denbora gehiago eskaini diot arteari.

Eta zer moduz?

Lehen ere eskaintzen nion denbora sormenari; beste lan batzuetan arituta, sormenari eragiteko gogoa sortzen zitzaidan. Orain, baina, hainbat lan sortu zaizkit, beka pare bat jaso ditut... Hala eta guztiz, bizimodua ez zait asko aldatu.

Arte ikasketak egina zara. Arteari lotuta, etena ere izan zenuen, baina berriz hasi zinen gerora, Madrilen master bat egiten. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

2006an bukatu nituen Arte Ederretako ikasketak. Tarte bat igarota, 2012an, Artearen Ikerkuntza masterra egin nuen Madrilen. Ikasketei dagokienez, oraindik ere irekita nago; agian, egunen batean tesiren bat egingo dut. Interesaren arabera egiten ditut gauzak, baina batzuetan beharra ere sentitzen dut. Madrilen egin nuen masterra, adibidez, oso teorikoa zen; etxean egin genituen lan guztiak, eskoletan ez genuen arkatz bat ere hartu. Ondo etorri zitzaidan zer nahi nuen egin eta zer ez ikusteko.

Eta zer egin nahi zenuela ikusi zenuen?

Hain zen teorikoa masterra, ezen oso gogorra egin baitzitzaidan; gehitxo izan zen niretzat. Asko irakurri nuen, eta asko sartu nintzen aukeratu nuen gaian; Zumaiako flyschetatik abiatuta denborari buruzko gogoeta gauzatu nuen. Baina astuna izan zen. Gaur egun ez nukeen horrela egingo.

Artearen munduan, zer diziplina gustatzen zaizu gehien?

Musika. Horregatik hasi nintzen Arte Ederrak ikasten. Konbentzionala ez den musika gustatzen zait, baita bideoak egitea ere. Ikasketei ekitean, baina, denetarik probatzen hasi nintzen. Hasieran, zenbait gauza egitea pixka bat kostatzen bazitzaidan ere, gustua hartzen hasi nintzen gerora. Musikaren arloan proiektu batzuk baditut martxan: Bilboko Mikel Vegarekin osatutakoa edo Paezur izeneko bakarkako proiektua.

Zer-nolako musika proiektuak dira horiek?

Vegak eta biok gitarra jotzen dugu, eta inprobisazioa lantzen dugu, noizean behin elkartuta. Zaratatsua da gauzatzen dugun inprobisazioa; isiltasunarekin eta zaratarekin jokatzen dugu. Bartzelonako ekoiztetxe batekin biniloa kaleratuko dugu, eta azken boladan horretan nabil. Izan ere, azal guztiak eskuz egin behar ditut –300 bat binilo izango dira, guztira–. Bestalde, Itziar Martiegirekin zarata egiten aritu naiz; musika elektronikoa, baina suntsituta. Gainera, lehenago Fernalia taldean jotzen aritutakoa naiz. Saltsa txiki askotan ibili naiz, eta musikaren munduan jende ugari ezagutu dut. Horiek diskoen eta kaseteen azalak egiteko eskatu izan didate. Adibidez, Kaliforniako [AEB] musikari bati egin nion azala, baita Bielorrusiako bati ere. Bestalde, otsailean Igela argitaletxeak kaleratuko duen Cormac McCarthyren Child of God eleberriaren azala egin dut.

Marrazketaren mundura jauzia egitean, zer sentitu zenuen?

Marrazten hastean ez nuen ziurtasunez jarduten, baina denborarekin ikusi nuen marrazteko era asko zirela. Alaitzekin [Alberdi] asko marrazten nuen, eta asko animatu ninduen hark.

Marrazkiak, pintura eta hainbat teknika grafiko erabili izan dituzu zure lanetan. Zergatik?

Beti izan naiz gauzak probatzekoa. Teknika falta sumatzen nuen, eta ziurrenik horregatik erabili ditut bide bat baino gehiago; izan ere, teknikekin esperimentatzea gustatu egiten zait. Teknika baino nahiago dut bitarteko hitza erabiltzea, egiteko moduak ez baitu zertan teknikoa izan behar. Bitarteko bakoitzak erritmo bat ematen dit; adibidez, marrazki bat erritmo lasaian egingo dut, eta serigrafia azkarragoa da. Urteen poderioz konturatu naiz erritmo horiek nola eragiten didaten lan egiterakoan.

Sormenaren Kabia beka eskuratu zenuen urrian. Erritmo desberdinetako lanak egiteko aukera eman al dizu horrek?

Ideia horrekin aurkeztu nintzen deialdira. Askotariko erritmoak probatu nahi nituen, eta horiek konbinatu; izan ere, boligrafoarekin marrazki bat egiteko denbora behar da, baina trokoloarekin berehala egin daiteke irudia. Asko gustatzen zait bitartekoak nahastea.

Natura ere presente izan da zure lanetan. Zer da natura zuretzat?

Bai eta ez. Natura denean dago presente; forma fraktalak marrazten ditut askotan, naturan daudenak. Dena den, lanak egiten ari naizenean, ez da hain presente egoten natura. Jendeak esan izan dit, abstraktuak izan arren, organikotik asko dutela nire lanek. Naturari asko erreparatzen diot, baina beste edozein gaik naturak bezainbeste indar izan dezake nire lanetan.

Sormenaren Kabia bekaren esperientziaz zer balorazio egiten duzu?

Lagun batek esan zidan beka deialdia zabalik zela; nik ez neukan ideiarik ere. Eskaera egin nuen, eta handik gutxira esan zidaten niretzat zela beketako bat –bi ematen dituzte–. Egia esan, ez nuen espero, sekula ez naiz aurkeztu halako deialdietara, eta... Beti neure kasa aritu izan naiz. Horrelako bekek balio dute jendeak zertan ari naizen jakiteko. Hiru asteko egonaldia egin zenuen Alkizan.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Hiru aste izan nituen lana gauzatzeko. Alkizako nekazaletxe batean egon nintzen aste horietan, eta oso gustura aritu nintzen lanean. Astia izan nuen lana gauzatzeko, ez bainuen beste zereginik. Gainera, beste beka jaso zuen Ione Larrago ilustratzaile antzuolarra nirekin aritu zen lanean.

Natura zer-nola sartu duzu proiektuan?

Helburua nire lan egiteko era laburbiltzea eta obrak ikusgai jartzea zen, eta naturako elementuak txertatu nahi nituen obretan. Hiriko antropologia lantzen duen eta lurreko plastikoak-eta lanetan sartzen dituen Londresko neska bat izan zen inspirazio iturria. Hernio-Gazume eremua, baina, babestuta dago, eta han ez dago plastikorik; hostoak eta bai, baina ez zitzaizkidan horiek interesatzen. Horregatik, hasieran zaila egin zitzaidan lanetan natura txertatzea. Egun batean, estudioa basora eramatea otu zitzaidan; euritan aritu nintzen akuarelekin margotzen. Euria izan da lanetan sartu dudan naturako elementua.

Zenbat artelan egin dituzu orotara?

Hamabost bat izango dira. Xilografia nahiz monotipia bitartekoak erabili ditut horiek egiteko. Lan batzuk azkar egin ditut eta beste batzuk motelago. Hainbat lan egitean, azkarregi ari nintzela sentitu nuen, eta boligrafoarekin gauzatu nituen beste batzuk, erritmo motelagoan.

Hasierako helburuak bete al dituzu?

Lanetan natura sartzea idealizatuta neukan, eta horixe izan da hasierako ideiatik aldatu den gauza bakarra. Lanak egiteko hiru aste edukitzea luxua izan da, oporretan nengoela sentitzen nuen; izan ere, orain arte denboraren bila aritu izan naiz. Gustatzen zaidan horretan aritzeko egonaldia egiteko aukera izatea... Zirkuitu artistikoan sartzeko curriculum oparoa izan behar da, eta askotan esaten diot nire buruari pausoa emateko beranduegi ote den. Dena den, salbuespenak badira, eta poztekoa da arreta proiektuan jartzen duen Sormenaren Kabia gisako bekak izatea.

Otsailaren 10era arte daude zure lanak ikusgai Alkizako Urmara museoan. Zer da zuretzat lanak erakustea?

Niretzat emaitza baino garrantzitsuagoa da lan prozesua. Disfrutatu prozesuan egiten duzu, pentsamenduak orduan pasatzen dira-eta burutik. Hori bai, erakusketa jarriz gero, bizirik jarraitzen du lanak. Izan ere, askotan zerbait egin eta tiraderan geratzen da, eta egindakoak balioa galtzen du. Artea sentipenen nahasketa bat da niretzat.

Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren sormen beka ere eskuratu duzu, Alaitz Alberdirekin egiten ari zaren Puzle proiektuari esker.

Puzle zenari Split izena jarri diogu behin-behinean. 2014an, xilografia handiak egiten hasi ginen; irudi handiak ziren, eta trokoloak duen tamainagatik, horiek zatitzea erabaki genuen. Garrantzi berezia ematen ari gara irudiaren zatiketari; marrazkiari baino, irudia erakusteko moduari ari gara erreparatzen. Zatiketa oinarri duen lana da, eta eskulturara ari gara gerturatzen.

Alberdirekin batera, Labana eta Orbana esperimentazio lantegia gidatu duzu Dinamoa sormen gunean. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso esperientzia aberasgarria izan da. Jendeak bikain erantzun zuen, eta dinamikoa izan zen. Nabaritzen zen jendeak saioetan deskonektatu egiten zuela, eta hori ikustea ederra izan da guretzat. Ea berriz egiteko modurik dugun.

Zer da irudia zuretzat?

Gaur egun dena da irudia, irudiaren munduan bizi gara. Split proiektua ere horixe da; irudi ugari ditugu inguruan une oro, irudiaren bonbardaketa bizi dugu egunerokoan, eta hori zatikatzea garrantzitsua da. Izan ere, gaur egun ez dakizu irudi asko osoak al diren ere. Irudia oso garrantzitsua da, eta irudiak duen garrantziaz jabetzea ere bai.

Arteak zer ekarpen egin dizu urteotan?

Gauzak ikusteko era erabat aldatu dit arteak. Irteera bat ere eskaini dit; marrazten ari naizenean asko lasaitzen naiz, adibidez. Interesa piztu dit, eta probatzen aritzeko aukera ere bai; orain badakit zer egin nahi dudan. Proba-errore bikoan aritu izan naiz urteetan, eta erroreari, zehazki, garrantzi handia eman izan diot, ez naiz-eta batere perfekzionista.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide