Erreportajea

Gozamen iturri zena, galbide

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 3a, 11:27

Lasaoko San Millan jauregia, Gizakia Helbururen zentroaren egoitza. (Ihintza Elustondo)

Gizakia Helburu proiektuaren Lasaoko zentroak 30 urte bete ditu. Droga mendekotasuna izandako 1.450 lagun inguru igaro dira urteotan handik. Erabiltzaileen profila aldatu bada ere, arazoaren muinak berbera izaten jarraitzen du: emozioen kudeaketa. 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarirako egindako erreportajea da hau.

Laranja koloreko hormak dituen eraikin bat dago Lasao auzoaren erdigunean. Jauregiaren izena irakur daiteke kartel batean: San Millan. Eliza dauka ondo-ondoan. Laranjondo bat sarreran, loreontziak leihoetan, pala bat eta erratza sarreran. Jendearen joan-etorria suma daiteke atea gurutzatzean. Hautsak kentzen ari dira batzuk, besteak sukaldean lanean, beste zenbait baratzean. Emakume baten ahotsa entzun daiteke kantuan. Nola azaltzen diren bizipozaren arrastoak gunerik tristeenetan.

Izan fundazioak sustatutako Gizakia Helburu proiektuak kudeatzen du gunea, eta gaur-gaurkoz, droga mendekotasuna duten 26 lagun bizi dira han; normalean 32-34 lagun izan ohi dira, baina izurria tarteko, ohi baino jende gutxiagok hartzen du han aterpe. Kontsumoarekin duten arazoaz jabetuta, gizartetik aldendu dira, profesionalen laguntzaz lan pertsonala egin eta osatuta berriz jendartean bizitzera itzultzeko. Isolatuta daude, berriz munduratzeko.

1984an sortu zen Gizakia Helburu elkartea Madrilen, droga mendekotasuna zuten pertsonei eta haien familiei laguntzeko helburuarekin. Ordutik, hainbat zentro jarri dituzte martxan, horietako zenbait Euskal Herrian; bat Lasaon. Zentro guztiek ez dituzte behar berberak asetzen. Izan ere, erabiltzaileek Gizakia Helburu proiektuan laguntza eskatzen dutenetik, hiru fase gainditu behar izaten dituzte. Harrera fasea da aurrenekoa; fase horretan, errotik mozten dute kontsumoa. Behin prozesu hori gaindituta, komunitatean denboraldi bat eman ohi dute, osatzeko eta lanketa pertsonala egiteko. Ondoren, bergizarteratze prozesua hasi ohi dute; azken fase horretan, ohiko bizimodura itzultzen hasten dira pixkanaka, eta berriro drogaren amarruan ez erortzea izaten da erronka. Bigarren faseari dagokion zentroa da Lasaokoa.

Lasaoko komunitatea zabaldu aurretik, halako beste gune bat bazegoen Gipuzkoan; Hernanin, zehazki. Sasoi hartan, ordea, mendekotasun arazoak ugariak zirenez, halako zentroen eskaera handia zen, eta arazo bilakatu zen espazio falta. Orduan, Felix Azurmendi zen Gizakia Helburu proiektuaren Gipuzkoako presidentea, eta hark gotzaindegiarekin hitz egin zuen, arazoaren berri emateko. Horren aurrean, Lasaoko San Millan jauregia eskaini zieten beste komunitate bat osatzeko. Hasieran auzotarrek erresistentzia azaldu zuten arren, azkenean lortu zuten proiektua auzoan errotzea eta zentroa martxan jartzea. Gunea abandonatuta zegoenez, sustatzaileek konponketa lanak egin zituztenean eta eremua egokitu zutenean ireki zituen ateak komunitateak, 1991n. Hala, iaz 30 urte bete zituen.

Oscar Arregi (Eibar, Gipuzkoa, 1965) izan da zentroko arduraduna azken 11 urteetan. Hark adierazi duenez, gaur egun, Gizakia Helburu proiektuak bi komunitate ditu Gipuzkoan; Lasaokoaz gain, martxan jarraitzen du oraindik ere Hernanikoak. Arregik bi zentroen arteko ezberdintasunak azaldu ditu; haren arabera, Lasaon egon ohi dira kasurik konplikatuenak: "Zailtasun gehiago dituzten erabiltzaileak etortzen dira hona, kontsumitzen denbora gehiago daramatenak, familiarteko nahiz lagunarteko harremanak gehiago kaltetu dituztenak, arazo judizialak dituztenak...". Badira Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelatik Lasaora lekualdatzen dituzten zenbait erabiltzaile ere. Hernanin, berriz, konplikazio gutxiago dituztenak egon ohi dira: "Adin txikiagoa dutenak, kontsumitzen denbora gutxiago daramatenak, arazo judizial gutxiago dituztenak, familia baliabide gehiago dituztenak...".

Lasaon, beraz, benetako tragediak bizi dituzten pertsonak egon ohi dira. Donostiako Ulia Enea zentroan kontsumoa erabat eteteko hiru hilabeteko harrera fasea egin ostean, urtebete inguru ematen dute Lasaon, beren eguneroko bizimodutik urrunduta. Kontsumitu gabe ematen dute denbora hori; Arregiren arabera, gainera, norbait kontsumitzen harrapatzea zentrotik bidaltzeko motibo da. Erabiltzaileak "animoz nahiz fisikoki" errekuperatzea da egonaldiaren helburua, eta galdutako harremanak berreskuratzen ere joaten dira, pixkanaka.

Eguneroko bizimodua

"Gizarte txiki baten gisakoa" da Lasaoko zentroa, Arregik adierazi duenez. "Goizean jaikitzean, erabiltzaileek beren eginbeharrak egiten dituzte: logela jaso, gosaldu, medikazioa behar badute hartu...". Hark nabarmendu duenez, ehuneko handi batek hartzen ditu botikak: "Droga mendekotasunaz harago, bestelako arazoak dituzte askok: batzuek antsietate arazoak, besteek buruko gaitzak... Batzuk izan daitezke drogen kontsumoaren ondorioz sortutako gaixotasunak, eta beste batzuek ez dute zertan hala izan". Goizeko errutina horren ostean, batzuek eskolak jasotzen dituzte zentroan bertan, eta besteek bestelako zereginak egiten dituzte: sukaldean aritu, mantentze lanak, etxea garbitu, baratzea landu... "Garrantzitsua da erabiltzaileek errutina bat izatea eta lan mundurako beharrezkoak diren gaitasunak barneratzea", adierazi du Arregik. Etxe guztia autogestio bidez kudeatzen dutela azpimarratu du.

Eginkizun horiez gain, hainbat terapia saio egin ohi dituzte erabiltzaileek, barrura begirako lana egiteko. "Zenbait saiotan, bakoitzak nola sentitzen den esaten du, eguneroko kontuak azaltzen ditu, familiari dagozkionak... Beste saio batzuetan, berriz, lehenaldiko momentuak ekartzen dituzte gogora, eta une horien gaineko kontzientzia hartzen dute: noiz ez zituzten erabaki onak hartu, zertan hanka sartu zuten... lantzen dute. Ariketa horien helburua da mendekotasuna izatera zerk bultzatu dituen ondorioztatzea; mendekotasun horretan erortzeko arrazoiak zeintzuk izan diren jabetzea". Izan ere, Gizakia Helburu proiektuaren sustatzaileek argi dute pertsona bati zerbait gertatzen zaiola adierazten duela drogaren kontsumoak: "Substantzia sintoma baino ez da". Hau da, Arregiren arabera, mendekotasuna duten pertsonek mina baretzeko baliatzen dute droga, ondoeza murrizteko. Horregatik, "oso garrantzitsua" da iraganaren errepasoa egin eta kontsumitzeko arrazoiak zein izan ziren deskubritzea. "Berriz ere kontsumoaren bidea hartu beharrean, arazoaren aurrean beste baliabide batzuk izateko aukera ematen dizu horrek; gertatzen zaizun hori beste modu batera konpontzeko".

Oscar Arregi.

Profila aldatzen

Azken 30 urteotan asko aldatu da erabiltzaileen profila. 1980ko hamarkadan, drogen kontsumoa askoren hondamendi bilakatu zenean, jende gehienak heroinarekin zituen arazoak. Gaur egun, baina, bestelako substantziak kontsumitzen dira. "Egun, heroina gutxi kontsumitzen da, nahiz eta orain gorakada izan den. Hala ere, beste droga batzuekin alderatuta, gutxienekoa da heroinaren kontsumoa. Lasaoko komunitatera iristen direnen ehuneko handi batek alkoholarekin ditu arazoak. Alkoholaren ostean, kokainak eragiten ditu arazo gehien, eta horren ostean, anfetaminek, haxixak eta heroinak; ordena horretan". Alkohola oso normalizatuta dagoen arren, haren kontsumoak jendeak uste baino "kalte handiagoak" eragiten dituela nabarmendu du Arregik.

Lasaoko komunitatea zabaldu zutenetik, 1.450 erabiltzaile inguru igaro dira zentrotik, eta horien artean, nabarmena da gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna. Arregiren arabera, erabiltzaile horien %85 gizonak eta %15 emakumeak izan dira, batez beste. Horren zergatiaz galdetuta, ez daki zein den erantzuna. "Beti horrela izan da. Urtetik urtera aldatu egiten dira kopuruak, baina gutxi gorabehera, antzekoak izan ohi dira beti ehunekoak". Kontrara, zentroko langile gehienak emakumeak izan ohi dira. Gaur-gaurkoz, zortzi lagunek lan egiten dute han, eta boluntario talde batek laguntzen die erabiltzaileei zenbait zereginetan.

%70ek amaitzen dute

Lasaoko prozesua amaitzean, bergizarteratze fasea hasten dute erabiltzaileek. Egonaldian zehar ikasitako guztia praktikan jartzeko unea izan ohi da hori, eta pixkanaka, lan munduarekin harremana izaten ere hasten dira. Arregik dioenez, Lasaoko egonaldiaren ostean, "jendeak hobera" egiten du. "Komunitatea amaitzen duen pertsonen zenbatekoa altua da. Oro har, jende gehiagok abandonatzen du programa lehen fasean bigarrenean baino. Lasaoko zentroko erabiltzaileen ehuneko handi bat igarotzen da bergizarteratze fasera. Hirugarren fase horretan aurkitu ohi dituzte arazorik handienak: eguneroko bizimodura itzultzen hasten direnean tentazioak izan ohi dituzte, orduan agertu ohi dira krisiak, eta orduan jarri behar izaten dute praktikan ikasitako guztia, beren bizitzen jabe izan daitezen. Gure helburua da pertsona horiek baliabideak izatea berriro ere ez dezaten drogetara jo; autonomia izan dezatela, independentzia...".

Arregik esku artean dituen datuen arabera, %70ek amaitzen dute Lasaoko komunitateko egonaldia, eta gainontzekoek lehenago uzten dute zentroa. Abandonatzen duten %30 horietatik "ehuneko handi bat" berriz itzultzen da programara. Era berean, bergizarteratze fasera igarotzen direnen artean, %60k bukatzen dute prozesua, eta gainontzekoek ez; prozesua amaitzen ez duten %40 horietatik "beste ehuneko handi bat" itzuli egiten da programara. "Fase guztiak amaitzen ez dituztenak askotan itzultzen dira. Dena den, hori guretzat ez da erabateko galera, prozesuaren parte izan daitekeelako abandonatzea eta berriz itzultzea". Hala ere, kroniko bilakatzen diren zenbait kasu ere badirela nabarmendu du.

Gakoa: emozioen kudeaketa

Duela urte batzuk bai, eta orain ere bai; izan legezko ala ez, gizartean drogak kontsumitu egiten dira. Horretan ez dago inolako zalantzarik. Batzuek substantzia horien kontsumoa hobeto kontrolatzen dute, eta beste batzuek kontrolatzeko gaitasuna galtzen dute, beren bizitza hondamendi bilakatzeraino. Baina zergatik sartzen dira pertsona batzuk irteerarik gabeko zurrunbilo horretan, eta beste batzuk ez? Arregik jende askoren esperientziak gertutik bizi izan dituen arren, ez dauka galdera horrentzako erantzun argirik: "Zergatik erortzen da bat eta haren ondokoa ez? Ez dakit erantzuten. Egoera pertsonal oso ezberdinetako jendea, baliabide eta gaitasun oso ezberdinak dituena, azkenean leku berera iristen da".

Dena den, badaude errepikatzen diren zenbait patroi. "Ziurrenik, egon daitezke baldintzatzaile batzuk: desegituratutako familia batean haztea, heziketan mugarik jarri ez izana, emozioak kudeatzeko zailtasunak izatea... Badaude errepikatzen diren zenbait ezaugarri, baina horiek ez dira berberak izaten erabiltzaile guztietan. Normalean, asko sufritutako pertsonak izaten dira, momenturen batean testuinguruak baldintzatuta ohitura txarrak hartu zituztenak... Hala ere, ez dago patroi bat zera esateko: 'Pertsona honek drogen mendeko izaten amaituko du'. Badago oso inguru gatazkatsuetan jaiotzen den jendea eta sekula drogarik probatzen ez duena".

Norberaren bizitzako gorabeherak gorabehera, droga mendekotasunaren sareetan harrapatuta amaitzen du zenbaitek. Arrazoi bat ala beste izan horretarako bultzatzailea, guztiek antzeko bizipenak izaten dituzte. Hala ondorioztatu du Arregik urteotan ikusitakoa aintzat hartuta: "Dibertitzeko hasten dira kontsumitzen, eta gaizki ez sentitzeko kontsumitzen dute gero. Droga mendekotasunak zerikusi handia du emozioen kudeaketarekin. Azkenean, kontsumitzea ihes egiteko modu bat da; minari ihes egiteko hartzen dira drogak. Sufritzeari uzteko modu bat da, baina kontua da irtetea oso zaila den zurrunbilo batean sartzen direla, eta gozamen iturri zen horrekin sufritu egiten dutela".

Lekukotzak

Lasaoko zentroan aterpe hartuta dauden bi pertsonak beren esperientzia azaldu dute. Egonaldia "gogorra" egiten ari zaien arren, "oso lagungarria" izaten ari dela nabarmendu dute.

"Kolpera laga nuen heroina, eta oso gaizki pasatu nuen"

(30 urteko gizona)

"Iazko otsailean hasi nintzen Gizakia Helburu programan. Drogetan oso sartuta nengoen, heroinarekin arazoak neuzkan, eta gaizki nengoen: familiarekin gaizki, lagunekin gaizki, neure buruarekin gaizki. Laguntza eskatzea erabaki nuen. Lehenik, lau hilabete egin nituen Donostian, harrera fasean, eta gero etorri nintzen Lasaora; sei hilabete eta erdi daramatzat hemen. Oso ondo sentitzen naiz, sekulako aldaketa egin dut; familia berreskuratu dut, eta neskalaguna daukat. Ikusten dut niretzat oso lagungarria izan dela pauso hori eman izana. Hemen egotea pixka bat itogarria da batzuetan, baina babestuta sentitzen naiz. Hemengo kideok ondo ulertzen dugu elkar.

Hasiera zaila izan zen. Bizitza guztian lan egin izan dut; lan gogorrak izan ditut. Baina azkeneko hiru-lau urteetan ez dut ezer egin, droga trafikatzera dedikatu naiz, maila handietan: pabilioi bat neukan marihuana mordo batekin, kokaina kantitate handiak mugitzen nituen, speed kilo asko... Droga asko mugitzen nuen, eta diru asko ere bai; kontrolik ez izatera iritsi nintzen. Mugarik ez neukan, beti nahi nuena egiten nuen. Orain, hemen, muga pila bat jartzen dizkigute, eta kostatu egiten da horretara egokitzea. Hemen zera irakasten dizute: besteekin bizitzen, elkar errespetatzen... Lasaora ez zara etortzen droga mendekotasunari aurre egitera bakarrik, hona jarrera hobetzera, jendearekin bizitzen ikastera... etortzen zara. Izan ere, Lasaora etorri aurretik mozten dizute kontsumoa: lehen fasean, ezer hartu gabe egoten zara hiru hilabetez. Nire kasuan, lehen faseari ekin aurretik, San Juan de Dios erietxean egin nituen beste lau hilabete. Nik hona ezingo nukeen etorri hasieran nengoen bezala: bidali egingo ninduten. Neurean sartuta nengoen, oso tirano, ez nuen besteek esandakoa onartzen...

Ondo pasatzeko hasi nintzen kontsumitzen. Urte askotan egon naiz kontsumo kontrolatu bat egiten, kontrolaezina bilakatu zen arte. Diru pila bat mugitzen nuen, eta egunean bost, sei edo zazpi gramo kokaina eta beste bi edo hiru heroina kontsumitzen nituen. Heroina erre egiten nuen. Heroinaren eraginak oso fisikoak dira, eta lagatzeko garaian oso gaizki pasatzen duzu. Nik ez nuen metadona tratamendurik izan; kolpera laga nuen. Eta gaizki pasatu nuen. Lehen bi edo hiru aste oso gaizki egon nintzen, penagarri: hotzikarak sentitzen nituen, botaka egiten nuen, pixa eta kaka gainean... Oso gaizki.

Heroinarekin arazoak izan ditudanean jo dut hondoa, baina horren aurretik, dauden eta ez dauden droga guztiak probatu nituen. Heroina bueltatzen ari da berriz. Erre egiten da orain, baina gauza bera da zainetik sartzea edo erretzea. Droga bera da, eta kalte berbera eragiten du.

Hemen barrura begiratzen irakasten dizute. Nahiz eta guk askotan ondokoari errua bota, norberak gauzak nola hartzen dituen da kontua. Norberak egin behar du lanketa bere buruarekin. Egia esan, nahiko erraz ari naiz egiten prozesua. Hala ere, pixka bat nekatzen ari naiz, hainbeste terapiarekin eta. Baina egingo dugu.

Bost hilabete falta zaizkit bergizarteratze faserako. Hemendik ateratzean, ikasi egingo dudala erabaki dut. 16 urterekin lanean hasi nintzen, eta ez daukat eskola graduaturik. Hemen ari naiz ziurtagiri hori ateratzen, eta gero, unibertsitateko ikasketak egitea nahiko nuke. Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan, baina lan bat aurkitu nahiko nuke. Ilusio hori daukat".

"Etxeko argia ordaintzea baino nahiago nuen kokaina hartzea"

(41 urteko gizona)

""Duela urtebete hasi nintzen Gizakia Helburu programan. Arrantzan egiten nuen lan, eta itsasoan nengoenean ondo egon arren, lehorrera etortzean, galdu egiten nintzen. Etxera ez nintzen azaldu ere egiten; besterik ez nuen egiten: kontsumitu eta kontsumitu. Kokaina kontsumitzen nuen, alkoholik-eta ez, kokaina bakarrik. Kokaina eta kokaina. Gero, lanorduetan huts egiten hasi nintzen, itsasora ez azaltzen, eta nagusiak zera esan zidan: 'Zerbait egin beharra daukak, ez hago ondo eta'. Han eta hemen zorrak agertzen hasi ziren, denak atzetik nituen, eta hondamendi bat bilakatu zen nire bizitza. Zerbait egin beharra nuela ohartu nintzen.

Gizakia Helburu programara laguntza eske joan nintzen, bakar-bakarrik; izan ere, familia guztia haserretuta neukan. Eta normala da haserretzea; horrela laguntzen dizute, ze kaso egiten badizute, ez duzu sekula pausoa ematen. Nik horrela sentitu dut behintzat, niri horrela lagundu didatela, ateak itxita. Bestela ez nintzatekeen espabilatuko. Lagunak ere denak galdu nituen. Eta bakar-bakarrik agertu nintzen programara, zisko eginda. Gaizki e, ja burua ere erdi nahastuta neukan; gaizki nengoen.

Hilabete hauetan sekulako hobekuntza egin dut. Kirola egiten hasi naiz, Behobia-Donostia egin dut, eta animatuta nago. Kirolak asko laguntzen dit; lehen ere egiten nuen. Baina, gero, irteerarik ez zeukan zurrunbilo batean sartu nintzen. Ez nekien egun bat bera ere kontsumitu gabe egoten. Etxeko argia ordaintzea baino nahiago nuen kokaina hartzea, eta gero, argi gabe egoten nintzen etxean. Pixkanaka, zorrek gain hartu zidaten: itsasoan diru pila bat irabazi eta dena gastatzen nuen; Ogasunari ez nion ordaintzen, eta ia etxea kendu zidaten... Horrek ez zidan bizitzen uzten, eta dena ahazteko, gehiago kontsumitzen nuen.

Niri kostatu egin zait Lasaoko zentrora egokitzea. Beti egin izan dut lana, etxe bat ordaindu dut... Erabakiak beti hartu izan ditut neure kabuz, eta hona etortzean, muga pila batekin egin dut topo. Oso gogorra egiten zait hori, baina ari naiz egokitzen. Uste dut kasu egin behar zaiela hemengo langileei, nire onagatik ari dira eta. Dena den, oraindik egun txarrak izaten ditut, askotan egoten naiz triste.

Beherakada bat ere izan nuen prozesuan. Lasaora iristean, sekulako gogoa izaten nuen kontsumitzeko, eta egun batean, zentrotik ihes egin nuen. Lau egun eman nituen kokaina hartzen, baina berehala konturatu nintzen ez nintzela ari ondo. Berriro itzuli nintzen zentrora.

Gauza bat asko lantzen dugu hemen. Gu ohituta gaude gaizki gaudenean beti besteei errua botatzera: 'Hark hori egin dit, beste hark beste hura...'. Ni horrela etorri nintzen hona, kanpora begira. Baina, azkenean, gure baitan dago arazoa. Barrura begiratze hori egin zait gogorra. Orain ari naiz buelta ematen. Anaiarekin hiru urtez egon naiz hitz egin gabe, beste anaiarekin beste bi urtez... Azkenean, esaten duzu: 'Ni nauk-eta arazoa'.

Aurrez ere egin nuen mendekotasunari aurre egiteko prozesu bat, Agipad programarekin, 29 urte nituela. Baina orduan hondoa jo gabe nengoen oraindik. Orduan pentsatzen nuen: 'Programa amaitzean noizean behin kontsumituko dut, eta...'.

Nik ez dakit gauzei mugak jartzen, kirolarekin ere gertatzen zait hori. Agipaden programa bukatzean, mendi maratoietan, triatloietan... hasi nintzen. Zerbait gustatzen zaidanean horretaz abusatzeko joera daukat. Drogekin ere, hala zen: niri poltsa txiki bat alferrik ez eman, kantitate handiak nahi izaten nituen beti. Nire izaeraren parte da zerbait gustatu eta gehiegikeriara jotzea, eta oreka bilatu behar dut, denean. Hori ari naiz lantzen hemen. Baina zaila da norbere barruko kontuak lantzea.

Terapeuta batek behin galdetu zidan: 'Zer gertatzen zaizu?'. Eta nik esan nion: 'Drogekin oso engantxatuta nagoela'. Zera erantzun zidan: 'Zu ez zaude drogekin engantxatuta. Zuk arazo emozionalen bat daukazu, eta droga erabiltzen duzu hori estaltzeko'.

Hemendik irtetean, ez dut arrantzara itzuli nahi. Beste bizimodu bat eraiki nahi dut. Lasaiago bizi nahi dut, obsesiorik gabe, eta galdu ditudan denekin gozatu, oraintxe hasi bainaiz familia eta lagunak berreskuratzen. Mendi buelta batzuk egin nahiko nituzke, eta nahiko nuke jendeari laguntzeko zerbait egiten hastea ere; ez dakit Gobernuz Kanpoko Erakunde batean, Gurutze Gorrian... Izan ere, besteei laguntzeak niri ere lagundu egiten dit. Lasai bizi nahi dut, besterik ez. Eta disfrutatu. Lortuko dudan esperantza daukat.

Gazteei esan nahi diet kontuz ibiltzeko, kontsumoa kontrolatzetik ez kontrolatzera salto txikia dagoelako. Ni ere dibertitzeko hasi nintzen; hemen gauden denok horrela hasi ginen. Mendekotasunean erortzen diren asko izaten dira txikitan gauza txar asko ikusitakoak, baina ni familia normal batekoa naiz, gurasoek beti ondo tratatu naute, dena eman didate... Eta begira nola bukatu dudan. Edozein eror daiteke".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide