Erretratua

Juanjo Bereziartua 'Gaztaña': "Inprobisatu egin behar da, emozioa eman nahi badiozu"

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 14a, 16:21

Juanjo Bereziartua 'Gaztaña'-ren erretratua. (OLatz Alkorta)

Azpeitian kirol edo festa ekitaldirik bada, ez da urruti ibiliko Juango Bereziartua Gaztañaren ahotsaren oihartzuna. Haren ahotsa bozgorailuetatik entzunez gero, herrian zerbait badenaren seinale. Horrela izan da azken hiru hamarkadetan. Ezustean hasitako bidea bidaia luze bilakatu zaio. 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian berea da Erretratua.

Gaztainazabal baserriko semea izanda, errepidearen kontra hazi eta bizi izan zen 27 urtez Juanjo Bereziartua Gaztaña, "ezkondu arte". Agian hortik datorkio gurpildun kirolekiko zaletasuna. Moto eta auto lasterketa zale amorratua da, eta txirrindularitza zalea ere bai. Lagun Onak txirrindulari elkartean urtetan izan zen batzordeko kide, eta horietatik zortzitan txirrindulari gazteen zuzendari lanak ere egin zituen, lau urte kadete mailakoekin eta beste lau jubenilekin. Lagun Artea eskuderiaren bueltan ere urte asko ibilitakoa da, eta haren aurretik, herrian Marruak eskuderia sortu zenean ere, han ibili zen Gaztaña. "Neuk 20 bat urte nituenean sortu zen hura, baina ez zuen urte asko iraun, lau-bost bat besterik ez". Probak jarraitu, zuzenean ikusteko bidaiatu eta antolatzen-eta lagundu bai, baina auto edo moto lasterketetan inoiz ez du parte hartu izan. "Ez, ez. Horretarako dirurik ez dut eduki. Gustatu bai, baina...".

Moto edota auto lasterketak ikustera, ordea, "asteburuero" joaten zen garai batean, batera eta bestera, emaztearekin eta ume txikiarekin ere bai. Eta motordunak ez zirenean, bestelakoak: txirrindulari lasterketak ikusteko ere asko mugitutakoa eta mugitzen dena da Gaztainazabalgoa. "Zapatuetan, batzuk futbola ikustera joaten dira Garmendipera. Nik gazteen txirrindulari lasterketaren bat baden begiratuko dut, eta arratsalde pasa joango naiz hura ikustera. Txirrindularitza beti gustatu izan zait. Baserri ondoan kaminoa ere bai, eta... Txiki-txikitatik jarraitzen nituen handik ibiltzen zirenak, Elorza eta. Gure aita ere horrelakoxea zen".

Jaramako speaker hura

Motor mundutik iritsi zitzaion, hain zuzen ere, esatari edo speaker aritzeko lehen aukera. Aukera baino, halabeharra, eta zirt edo zart egin beharra. Joxe Mari Sagardogi Lanbritx moto gidari zenari laguntzeko taldean zebilen Gaztaña, eta espero ez zuela iritsi zitzaion esatari bataioa: "Dirua ateratzeko errifak eta beste zenbait ekintza egiten genituen, Lanbritxi laguntzeko. Horrela, Euskadiko Txapelketako motokros bat antolatu genuen. Federaziokoak etorri ziren, baina lasterketan hitz egingo zuen inor ez zuten ekarri. Lagun talde hartako zaharrena nintzen ni. Ordurako ezkonduta nengoen, 32 bat urte edukiko nituen, eta besteak 19-20 urteren bueltan ibiliko ziren. Baten batek egin behar zuela eta, neuk hartu nuen mikrofonoa... eta gaur arte".

Boteprontoan iritsi zitzaion lehen aldi hartaz galdetuta, "nahiko ondo" sentitu zela dio. Esperientzia zipitzik ez zuen, izan ere, baina bai zaletasuna. "Beti gustatu izan zait esatarien lana. Jaramara karrerak ikustera joaten ginenean, beti egoten nintzen adi hango speaker-aren jardunari, gustatu egiten zitzaidan. Espainiako motokros txapelketak izan ziren bi urtetan Kontxan, eta Jaramako speaker-a etorri zen haietara. Eta ni gustura hari begira, haren azkartasuna!".

'Gaztaña', zezen plazan esatari lanetan. (Utzitakoa)

Txirrindulari lasterketak, krosak, mendi lasterketak, Lagun Arteakoen sari banaketak, Elkartasun Eguneko kirol ekitaldiak, Azpeitia Cup... Nagusiki herriko kirol ekitaldietan garatu du jarduna Gaztañak, baina bestelako ekitaldietan ere aritu izan da. 1999an, esaterako, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan Azpeitiak aurkeztu zituen hiru taldeetako batekin gai-jartzaile lanak egin zituen. "Egin nuen pasadizoa, baina ez da nire zera. Jakinduria eskatzen duen lana da, eta ez nintzen hain eroso ibili. Oso bertsozalea naiz, baina ez nuen lantegia menderatzen". Azpeititik kanpo ere behin baino gehiagotan lan egindakoa da: Elgoibarko motokros eta enduro lasterketetan lauzpabost urtez, Elgoibarren bertan sagardo txapelketan ere bai, Hernanin herri kiroletan "Goenatxorekin-eta joanda", Ikastolen Elkarteak Donostiako belodromoan egindako jaialdian "Gurutze Eizmendirekin bikotea osatuz"... Euskadiko Automobilismo Federazioaren denboraldi amaierako sari banaketa ekitaldien aurkezlea ere Gaztaña izan da aspaldiko urteetan. "2020an egin genuen azkena, Lazkaon. Handik gutxira itxi gintuzten, eta harrezkero batez".

Emozioa

"Emozioa". Esatari lanari lotuta sarri aipatzen duen hitza da hori. Batetik, "estilo" kontuak aipatu ditu Gaztañak. Ekitaldi bati, proba bati, ikusmin eta emozio gehigarria ematea gustatzen zaio beti, bere jardunarekin jendearen arreta eta sentipenak areagotzea eta ikuskizuna janztea, nolabait, eta horixe da beste esatariengandik gehien erakartzen duena ere; aipatutako Jaramako garai bateko speaker-a bezala, Espainiako telebistetan F1-eko lasterketak emateagatik ezaguna den Antonio Lobato kazetaria ere gustuko du. Bestetik, esatari aritzeko ere nahiago ditu ikuskizun biziak, berezko emozioa dutenak, alegia. Ildo horreratik, karting lasterketetan esatari jardun izan duenetan "izugarri" gozatu izan duela aitortu du.

Ekitaldiak prestatzeko "etxeko lanik ez" du egiten Gaztañak. Bere "sistema" dauka, eta horrekin ondo moldatzen da. Lanean hasi baino "ordubete-ordu eta erdi lehenago" gelditzen da antolatzaileekin, tokatzen den proban parte hartu behar dutenen zerrenda, nabarmendu beharreko palmaresak eta datuak jaso, "sermoia pixka bat dotoretzeko", eta oinarri horrekin ekiten dio berriketari. Etorria eta inprobisazioa berarekin behar ditu esatariak, Gaztañak aitortu duenez. "Inprobisatu dezente egin behar izaten da, emozioa eman nahi badiozu". Zer esan asmatu gabe, zuri gelditzea, ez zaio inoiz gertatu, ez du behintzat gogoan. "Esan beharreko gauzaren batzuk esan gabe gelditzea, bai". Ari denari gertatzen zaio huts egitea, akatsak egitea edo hanka sartzea ere badira esatariaren lanaren ajeak, eta horrelakoetatik ere ez da libratu.

Koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenetik aukera gutxi izan da Gaztañaren ahots sendoa herriko bozgorailuetatik entzuteko. Erraz antzera etsi duela dio azpeitiarrak. Pandemia tarteko ala ez, mikrofonoetako jarduna uzten hastea buruan darabil. 67 urte beteko ditu ekainean, eta hil horretan egitekoa den Azpeitia Cup txapelketa jarri du jomuga, bere azken hitzordua izan daiteke hura. Baina...: "Bateren batek deitzen badit, konpromiso handiren bat duelako, eta neu ondo banago, ez dut pentsatzen ezetz esateko gai izango naizenik".

Motzean

Adina: 66 urte.
Ikasketak: Oinarrizkoak.
Lanbidea: Kooperatibetan lan egin zuen, erretiroa hartu arte: Danonan, Fagorrren eta Fagor Ederlanen.
Esataria ez banintz... Hobby gisa egiten dudan zerbait dela kontuan hartuta, ez nuke beste jarduera bat aukeratuko.
Aisialdian gogoko dut... Kirol pixka bat egitea, ibiltzea batik bat. Auto edo txirrindulari lasterketara joatea. Eta txotxeko sasoian, sagardotegietara ere bai.

Santio eguneko Sagardo Txapelketan, bestelako eginkizunetan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide