Urola ibaia zoragarria dela esanez hasi behar dut. Bere arroko ibilbide osoa ikusgarria da. Inguru menditsuz eta zuhaitzez jositako eremu horretan animalia ugari bizi da. Bere uretara begiratuz gero, askotariko arrainak ikusiko ditugu, eta ondoko zuhaitzera begiratuz gero, mota guztietako hegaztiak. Baina, tamalez, ez dira horiek ikusten diren gauza bakarrak: deigarrienak gizakiaren zabarkerien ondorioak dira.
Azken uholdeak pasatu zirenetik nola gelditu den ikusita, lotsa, benetako lotsa, ematen du Urola ibairen inguruan ibilaldia egiteak. Kolore guztietako plastikoak daude zintzilik bazter guzietan. Ez dut imajinatu nahi zenbat eta zenbat zabor joan den itsasora. Txarrena da, dirudienez, horrela ikustera ohitu egin garela, herritar arruntenetik hasi eta agintariengana helduz.
Niri hauxe gertatu zitzaidan atzerritar batekin. Laneko kontuak bukatu ondoren herria erakutsiko niola adierazi nion; herriko kale, plaza, monumentu eta txoko bereziak erakutsi nizkion. Berak, halere, pentsakor, ibaiari begiratu zion, eta hauxe galdetu zidan: "Zergatik dago hain zikina hain ibai polita izan zitekeena?". Orduan ez nion erantzun zehatzik eman.
Gaur, gehiago pentsatu ondoren, garbi esango nioke hemen ez dugula ibaien eta itsasoaren garbitasunarekiko inongo kontzientziarik. Ez dugu zaborrek sortzen duten kutsadurekiko kontzientziarik. Esango nioke Eusko Jaurlaritzatik hasi eta diputazioekin zein udal arduradunekin jarraituz, horiek ez daukatela ibaiak garbi mantentzeko pertsona edo talde egokirik, ezta ibaietan zikinkeria eta kutsadura sortzen diren puntuak zehazteko eta saihesteko ere.
Arazoa beldurgarria da. Eta galdera, zer da: zergatik dauzkagu hainbeste pertsona herrietako kaleak eta bazterrak garbitzen eta apaintzen, eta inor gutxi ibai-erreketan eta mendietan gauza bera egiten?
Urola Bizirik natur taldeko kideok saiatuko gara orain arte bezala zerbait egiten, batik bat herri kontzientzia sortzen eta ikusten ditugun okerrak salatzen, baina uste dugu, eta horrela eskatzen diegu erakundeei, zezenari adarretatik heldu behar zaiola eta lehenbailehen hasi behar dela arazo hau behin-betiko gainditzen. Gure laguntza izango dute.