Martxan jarraitzen dute Dinamoko soinuaren eremuko lanek

Anartz Izagirre 2022ko ots. 8a, 08:45

Azpeitiko Udaleko ordezkariak sormen guneko lanak bisitatzen. (Azpeitiko Udala)

Udalaren aurreikuspenen arabera, maiatzerako bukatuko dituzte soinuaren eremuko lanak, eta ekipamendua jartzea faltako da gunea prest izateko eta bigarren faseko lanak amaitzeko. Eneritz Albizu udaleko Kultur batzordeburuaren esanetan, "apurka-apurka moldatzen" ari den proiektua da Dinamoa sormen gunekoa.

Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Azpeitiko Udalak joan zen abuztuan esleitu zituen gune hori egokitzeko lanak, eta Iparragirre eraikuntza lanak SL enpresa ari da horiek gauzatzen. Soinuaren eremuak, guztira, 300,47 metro koadro izango ditu; Dinamoko lehen solairuan kokatuko dute, eta bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balio anitzeko hiru gela izango dira bertan.

Udalaren aurreikuspenen arabera, maiatzerako amaituta egongo dira lanak, eta eremua guztiz prest izateko ekipamendua jartzea soilik faltako da; hain zuzen ere, erakundeak nabarmendu du horretarako "lanak aurreratzen" ari dela. Behin hori prest dagoenean, Dinamoko lehen solairu guztia kultur sorkuntzarako azpiegitura egokitua izango da, eta bigarren faseko obrak amaituta geldituko dira; izan ere, 2018ko ekainetik 2019ko uztailera bitartean egindako obren bidez, dagoeneko martxan dira hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak. Joan zen ekainean egin zuten Dinamoaren irekiera ofiziala.

Eneritz Albizu Udaleko Kultura batzordeburuak adierazi duenez, Dinamoa martxan jarri zenetik "apurka-apurka moldatzen" joan da: "Proiektua, edukia... moldatzen doaz. Kulturaz kooperatibari esker, ikasten, moldatzen eta hobetzen ari da esperientzia hau. Bide horretan, ilusio handia egiten digu soinuaren eremuarekin lanean hasteak. Izan ere, gainontzeko eremuak eta diziplinak osatzera dator, laborategi hau borobiltzera". Albizuk adierazi duenez, joan zen urtean hainbat bilera egin zituzten Kultur Mahaiaren eskutik herriko musikariekin eta musika zaleekin, eta horiekin "harremanetan jarraitzea" da beren asmoa: "Soinuaren eremua gune ireki bat izango da, beste eremuak bezalaxe, herriko zein inguruko sortzaileentzat".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide