Bestaldetik

Kulturaren eta lasaitasunaren zale

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 13a, 10:02

Bereziartua mendian, 2021eko irailean. (Utzitakoa)

Txikitatik egon da dantzaren eta musikaren munduari lotuta Maite Bereziartua, eta gaur egun ere, horrela jarraitzen du; horiek ditu ofizio eta afizio. Zaletasun gutxiko emakumea dela dio, eta gutxirekin konformatzen dela. Bereziartuaren "beste aldea" ere kulturari lotuta dago, eta horretaz aritu da 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Dantza irakaslea, Sahatsako kidea edo piano jotzailea delako ezagutuko du zenbaitek Maite Bereziartua (Azpeitia, 1980). Beste batzuek Pikuanekoa delako izango dute haren berri, eta egongo da musika eskolan haren ikasle izandakoa denik ere. Gaur egun, musika irakaslea da Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, eta lanean "gozatu" egiten duela azaldu du. Hark dio bizitza osoa daramala musikaren eta kulturaren hari gainean dantzan.

Haurtzaroko oroitzapen politak ditu Bereziartuak. "Neska zintzoa nintzen, oso esanekoa; zuzena eta formala. Haurtzaroko garaiak lasai bizi izan nituela esango nuke". Zintzoa izanagatik, denborarekin "nortasun handiko" neskatila zela ohartu da: "Gerora ohartu naiz nortasuna, behintzat, baneukala. Ikastolako lagun guztiak futbolean aritzen ziren, eta ni ez; denak joaten ziren ingelesa ikastera, eta ni ez. Gustuko nuena egiten nuela esango nuke".

Ume-umetatik musika eskolan ibilitakoak dira Bereziartua nahiz haren ahizpa Garbiñe, eta betitik izan dute harremana musikarekin; Bereziartuaren kasuan, unibertsitateko ikasketak baldintzatzeraino iritsi da lotura hori. "Haurra nintzela hasi nintzen pianoa ikasten, eta horrekin batera, solfeoa eta musikari lotutako beste hainbat kontu. Konturatzerako, urteak aurrera joan ahala, ikasketekin zer egin erabakitzeko garaia iritsi zen. Zalantzak nituen, ez nekien kontserbatoriora edo unibertsitatera joan nahi nuen. Zientziak gustatzen zitzaizkidan, baina ez ninduten konbentzitzen. Azkenean, musika espezialitateko Irakasle ikasketak hautau nituen", gogoratu du.

Lana eta afizioa, eskutik

Ikasketak amaitu eta gutxira hasi zen irakasle lanetan musika eskolan, eta orduz geroztik, ez du esparru horretatik kanpora lanik egin beharrik izan. "Izan ditudan lan guztiak musikari eta dantzari lotutakoak izan dira; ez naiz sekula beste ezertan aritu. Zentzu horretan, oso zorteko sentitzen naiz; izan ere, ez dut sekula udan lan egin beharrik izan, ez dut tabernan lan egin, ez naiz aritu ume zaintzaile... Sortzen zitzaizkidan lan txikiekin moldatzen nintzen, eta behar nuenerako baneukan", azaldu du Bereziartuak.

Bereziartua Sahatsaren emanaldi batean. (Utzitakoa)

Gaur egun ere, hezkuntzaren munduan jarraitzen du, eta gustuko du egiten duen lana. Ikasleekin sortzen den harremana da gehien atsegin duena: "Zorionez, 3 urtetik 12 urtera arteko ikasleei ematen dizkiet eskolak. Adin tarte handiko sare zabala da hori, eta ikasle horietako bakoitzak zerbait ematen dit: batzuk haurrak dira, besteak gaztetxoak, eta batzuekin nahiz besteekin lan egiteko modua ezberdina da. Horrek beti esna egoten laguntzen dit. Bizitza osoa daramat mundu honetan, eta zoragarria da nik horrenbeste gozatutakoa besteei irakastea".

Irakasle ez ezik, Sahatsa dantza taldeko kidea ere bada Bereziartua. Hankako arazo bat tarteko hainbat urtez dantzarik egin gabe egon den arren, ez du harremanik eten taldearekin, eta oraingoz han jarraitzeko asmoa du: "Dantza egin ezin nuenez, ikuskizunetan beste modu batera parte hartzen hasi nintzen; pianoa jotzen, hain zuzen. Partiturak prestatzen nituen emanaldien aurretik, entseatu... Horrela mantendu nuen harremana. Osatu ostean, noiz edo noiz itzuli naiz oholtzara dantza egitera, baina tarteka". Dena den, oraindik taldea uzteko asmorik ez duela aitortu du. "Hori zaila izango da".

Musika eta dantza ez diren beste zaletasunik ba al duen galdetuta, argi dio: "Egia esan, horiez aparte, afizio gutxi ditut. Pentsatzen jarri naiz, eta ohartu naiz horiez gain gauza gutxi ditudala benetan gustuko".

Folklorezale azpeitiarra

Bereziartua Aizarnan bizi da gaur egun, baina "azpeitiar petoa" dela dio. "Aizarnan bizi naiz, baina sekula ez naiz Aizarnakoa izan. Nire herria Azpeitia da, eta badaude herrira lotzen nauten hamaika kontu. Herriko festak ikaragarri gustatzen zaizkit, folklorika samarra naiz. Gainera, kulturarekin eta folklorearekin lotura duten hamar gauzatik bederatzi atsegin ditut", esan du. Horren harira, gaineratu du Azpeitiko jaien artean sansebastianak eta karnabalak dituela gustukoen. "Horiek dira bertakoon festak", dio.

Sansebastianetan nahiz karnabaletan ez da sokamuturrik falta izaten Azpeitian, eta horren zale ere badirela kontatu du Bereziartuak. Pluralean mintzo da, etxetik datorkien zaletasuna delako: "Gure etxean zezena eta somakuturra oso gertutik bizi izan ditugu, baita danborrada ere. Izan ere, gu Pikuanekoak ginen, eta handik ateratzen zen zezenzaleen danbor taldea. Gure etxean gordetzen zuten materiala, eta kantinerak zein banderadunak bertan janzten ziren. Etxekook betidanik gertutik bizi izan dugun zerbait da danborrada, eta ikaragarri gustatzen zait. Gainera, musika eta festa uztartzen ditu, eta hori mundiala da". Gaur egun, Oñatz gastadoreen taldeko zuzendaria da Bereziartua, eta zuzentzen gozatu egiten duela aitortu duen arren, benetan gustatzen zaiona danborrada bera dela dio: "Danborra jotzea gustatzen zait, kantinera izandako aldietan disfrutatu egin dut, banderadun irtendakoetan ere ikaragarri gozatu dut, eta gaur egun zuzendari lanetan ere oso ondo pasatzen dut; festaren parte izateak betetzen nau, nolabait. Gainera, sansebastianen alderik hunkigarriena da horrenbeste herritarrek, denok elkarrekin, zerbait egitea".

Oñatz gastadoreen taldea zuzentzen, 2019an. (Utzitakoa)

Sokamuturzalea ere bada, baina zezenaren aurrean jartzea baino gehiago atsegin du bertan sortzen den giroa. "Sokamuturzalea naiz, baina gutxitan ikusiko naute zezenetik gertu; gehienetan, portalen batean sartuta egoten naiz, eta ziurrenik, ia-ia goiko solairuan", kontatu du barrezka. "Sokamuturrak hainbat gauza dakartza berarekin; urtero joaten zaren portalean jendearekin egotea, zezen aldaketetan pipak jatea, zezena gerturatzean sortzen den zirrara...".

Inguruan eta ingurukoekin

Bereziartuak dio "sinplea" dela, eta ez duela askorik behar gustura egoteko. "Ez dut zaletasun askorik, ez bidaia perfekturik... Astea amaitzean gehien atsegin dudana autoa aparkatu eta lagunekin berriketaldi bat egitea da; lehen Azpeitian, orain Aizarnan. Inguruan nahiz ingurukoekin egotea gustatzen zait gehien, eta lasai egotea", adierazi du. "Tartean behin mendi buelta bat egiten dut, Donostia aldera joaten naiz noizbehinka, baina oso tarteka. Ezer ez egiten egotea ere ederra da. Gainera, orain umeak ditugu, eta haiekin egotea dagokigu. Fase horretan gaude", azaldu du.

Kulturzalea da, baina irakurtzea ez da bere zaletasunen zerrendan sartzen. Sukaldaritza ere ez da bereziki atsegin duen zerbait, gastronomia bezalatsu. "Jatea ondo dago, baina nahiago dut mahai bueltan dagoen jendea mahai gainean dagoen jakia baino", dio.

Plan perfekturik ba ote duen galdetuta, ondo pentsatu du erantzuna: "Giro paregabeko egun batean lehorreko lekuren batera joatea lagunekin edo familiarekin, eta urrunean itsasoa ikusten baldin bada, hobeto. Hori bai, kultur ikuskizun edo emanaldiren bat balego, ezin hobeto".

Gutxirekin nahikoa duen horietakoa da Bereziartua, eta musika eta dantza ditu afizio eta ofizio. Gaur egun haurrekin ematen du denbora gehien, eta haiekin partekatzen du bere zaletasuna. Dena den, zera dio: "Nik nire zaletasunak ditut, baina nire seme-alabek beraienak izan ditzaten nahi dut. Hau da, ulertu behar dut, agian, haiei ez zaizkiela niri gustatzen zaizkidan gauza berak gustatuko. Horrelakoa da bizitza".

Umea zela hasi zen dantza ikastaroetan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide