Klik!

Hariarekin jolasean

Nora Alberdi 2022ko mar. 12a, 10:00

Haria, egurra eta puntapaxak erabiliz hainbat irudi sortzeko gai da Igor Aranbarri (Azpeitia, 1977), string art deituriko teknika baliatuta. Forma geometrikoak, mapak, eta azkenaldian, gehienbat, pertsonen aurpegiak sortzen ditu. 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian Klik! argazki erreportajerako erakutsi du Aranbarrik bere lana.

'String art'

Aranbarri makrame teknika erabiliz hasi zen hariarekin lehen lanak egiten. Latinoamerikan zehar bidaiatu zuen bost urteetan ikasi eta landu zuen teknika hori. Behin Euskal Herrira itzulita, string art teknika probatu zuen. Ordutik lau urte pasatu dira, eta hainbat lan gauzatu ditu. Hastapenetan, mandalak eta forma geometrikoak sortzen hasi zen, eta txundituta gelditu zen marra zuzenekin zirkunferentziak nola sor zitezkeen ikusita. Goiko irudian, string art teknika erabilita sortutako forma geometrikoa.

Autodidakta

Mexikon izan zuen string art teknikaren berri, eta han zertxobait trebatu bazen ere, bere kasa, etxean tutorialak ikusiz, ikasi du gehien. Gainera, orain dela hilabete gutxi, hariekin erretratuak egiteko modu bat deskubritu zuen: "Argazki bat oinarri hartuta, ordenagailuko programa baten bidez, irudia zertxobait editatzen dut. Ondoren, programa informatiko baten bidez, zenbaki segida zehatz bat lortzen dut. Segidan, 250 puntapax erabilita, horietako bakoitzari zenbaki bat esleitu eta sekuentzia edo segida bat jarraitzen dut, irudia osatu arte". Goiko argazkian, Aranbarri Joxe Lizaso zenaren irudia eskuetan duela.

Hari bakar bat

Obra guztia hari bakarrarekin egiten saiatzen da artisaua. Normalean, mila edo bostehun metroko hariak erabiltzen ditu. "Josteko hari normala erabiltzen dut, eta ez du gogortasun handirik izaten. Batzuetan, obra egiten ari naizen heinean, haria gehiegi tenkatzen badut, puskatu egiten da, eta orduan beste hari bat lotu behar izaten dut". Apurtu zitzaion lehen aldian gauza bat ikasi zuen: egurraren ertzetan jartzen dituen puntapaxetan buelta bat baino gehiago ematea komeni zela. Goiko irudian, amaitutako obra baten haria.

Pazientzia eta lasaitasuna

Aranbarriri lasaitasuna ematen dio obra horiek sortzeak. "Guztiz kontzentratuta egon behar izaten dut lanean ari naizenean. Lehen musika edo irratia jartzen nuen, baina despistatu egiten nintzen. Irratiak zioenaren inguruan pentsatzen hasi eta konturatzerako galdu egiten nintzen. Orain, erretratuekin zenbaki segida bat jarraitu behar dudanez, asko kontzentratu behar izaten dut". Goiko argazkian, konpas handi batekin zirkulua marrazten ari da.

Artisau azokak

Hastapenetan, artisau azoketara joateko ohitura handia zuen. Baina, gero, ostalaritzan lanean hasi zenean, horretarako zailtasunak sortu zitzaizkion. Gaur egun, azoka bat edo beste antolatu ohi dute inguruotan, baina gehienak sasoi jakinetan izaten dira; Gabonetan, adibidez. "Bukatutako lan asko izan behar dira saltzeko eta postua ordaintzeko. Artisau lanetan bakarrik aritzen bazara, errentagarria da, baina ez da nire kasua". Aranbarrik lana egiten duen tabernako biltegian sortzen ditu obrak. Goiko irudian, artisau azoka batean jarri zuen postua.

Egurra

Haria bezain garrantzitsua da egurra. "Ez ditut egur oso garestiak probatu, pinuarekin eta DM egurrarekin bakarrik egin ditut lanak. Pinua prezioz ondo dago, eta naturala izateak bere puntua du, baina bigunegia da. Puntapaxak ondo sartzen dira, baina hariaren indarrarekin ateratzea errazagoa da. Horregatik, lan txikiak egiteko bakarrik balio du pinuak". Enkarguaren arabera, ordea, beste egur batzuekin ere egin dezake lan Aranbarrik. Esaterako, Garai ileapaindegiak erreforma egin zuenean, arotzak berak zuzenean horman jarritako egurraren gainean egin zuen logotipoa. "Beldur pixka bat eman zidan, baina oso ondo gelditu da". Goiko irudian, Garai ileapaindegian egindako obra.

Mapak

Mapak ere egiten ditu Aranbarrik. Orain arte egin duen handienak bi metroko zabalera eta metro bateko altuera ditu. Azkoitiko Aizterri hizkuntza eskolarako egin zuen lan hori. "Asko gustatu zitzaidan lan egiteko modua. Beraiek esan zidaten zer hari kolore erabili, eta eskolako horman bertan egin nuen obra. Oso eroso sentitu nintzen, eta oso erraza izan zen beraiekin lan egitea". Mapen kasuan, ez du zenbaki segida batekin lan egiten; haren arabera, lan egiteko modua "askeagoa" da, formak ez baitira "hain zurrunak". Helburua lurralde guztiak modu orekatu batean hariz lotuta egotea da. Goiko irudian, Aizterri hizkuntza eskolako horma.

Erretratuak

Azken hilabeteetan erretratuen enkarguak jaso ditu gehien, eta horretan espezializatu nahiko luke. "Lan bereziak dira. Jende ugari ari zait eskatzen oparitarako, batez ere, haurren erretratuak". Egunen batean mural handi bat egitea nahiko lukeela dio: "Norbaitek bere etxeko hormaren bat dekoratu nahiko balu, ni prest egongo nintzateke probatzeko. Erretratu bat egitea oso zaila ikusten dut, baina mandala handi bat egitea gustatuko litzaidake". Harrihari Artisautzak izenez aurkitu daiteke Aranbarri sarean. Goiko irudian, haur txiki baten erretratua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide