Koronabirusa Azpeitian

400dik gorako intzidentzia duten herriei ekitaldi jendetsurik ez egiteko esan die orain Jaurlaritzak

Onintza Lete 2022ko ots. 12a, 14:26

2020ko Elegante Egun arratsaldeko zezenaren irteera, Erdikalean.

Osasun Sailak agindua atera du gaur, eta bertan, udalei esan die ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute. Aginduaren arabera, neurri prebentiboak bete ezin badituzte bertan behera utzi edo atzeratu egin behar dituzte ekitaldiok.

Astelehenetik aurrera bertan behera geldituko da osasun larrialdi egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen herenegun, ostegunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak, pandemia egoera asko hobetu dela eta. Murrizketa gehienak ere bertan behera geldituko direla esan zuen.

Gaur, ordea, agindua kaleratu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta udalei esan die 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik. Aginduak dio neurri prebentiboak bete ezin badituzte, ekitaldi horiek bertan behera utzi behar dituztela, edo atzeratu, bestela, "egoera epidemiologikoa hobetzen den arte".

Aginduan hainbat zehaztapen jaso dute: esaterako, espazioak ondo antolatu behar direla, ahal dela jan eta edanerako aparteko tokiak bereizi behar direla, eta ahal den guztietan kanpoan egin behar direla ekitaldiak. Prebentzio neurriak betetzeko zailtasun handienak jatearekin eta edatearekin lotuta daudela ere esan dute, maskara soinean ezin delako eduki. Gainera, espazio itxiak egoki aireztatuta egotearen garrantzia ere azpimarratu dute, eta toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela azaldu dute.

Gutxi falta da karnabaletarako, eta ikusteko dago eskualdeko udalek prebentzio neurriak betetzea izango duten ala ez. Azpeitikoak atzo iragarri zuen aurten karnabak antolatuko dituztela herrian, eta Zezen Beltzek gaur jakinarazi du sokamuturra ere izango dela festa horien barruan.

Osasun Sailak ostegun honetan kaleratutako azken datuen arabera, eskualdeko herri guztiek dute 1.000tik gorako intzidentzia metatua; Errezil da salbuespena, intzidentzia tasa hutsean dagoelako han; Azpeitiak 1.465eko tasa zuen duela hiru egunera arteko datu horien arabera. Aiak 2.317ko intzidentzia du; Aizarnazabalek ia 3.000koa, 2.990ean baitago; Azkoitiak 1.802koa; Beizamak 1.612koa; Getariak ere antzera, 1.484koa duelako; Oriok 1.989koa; Zarautzek 2.351koa; Zestoak 1.412koa; eta Zumaiak, azkenik, 2.136koa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide