'Ilargirantz' eta 'Bolante baten historia' filmak ikusi ahal izango dira asteburuan

Julene Frantzesena 2022ko ots. 17a, 08:10

Igandean emango dute Ilargirantz animazio filma, 16:30ean hasita. Igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da Bolante baten historia. Soreasu antzokian izango dira emanaldi guztiak.

Ilargirantz eta Bolante baten historia filmak emango dituzte asteburuan Soreasu antzokian. Igandean emango dute Ilargirantz, 16:30ean hasita, eta igandean bertan 19:30ean ikusi ahal izango da Bolante baten historia. Astelehenean ere izango da ikusgai Bolante baten historia, 21:30etik aurrera. Dagoeneko eskura daitezke emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean.

Animazizoko filma da Ilargirantz, Alemanian ekoiztua eta Ali Samadi Ahadik zuzendua. Honako hau da lan horren sinopsia: "Bahitutako bere arreba txiki Anne erreskatatzeko, Peterrek bidaia magiko bati ekin beharko dio lurralde misteriotsu batean barrena... ilargia! Ilargiko gizon gaiztoak bahitu du Anne, eta Zoomzeman jaunari emaztea bilatzen laguntzen ari zitzaion Peter. Bere fantasiazko abenturan, Larre izartsuan lurreratuko da Peter, eta lo dagoen Hareaztatzaile jauna ezagutuko du. Bertan jakingo du Anne non dagoen aurkitzeko modu bakarra Gaueko Maitagarriaren afarira joatea dela, Hodeietako jauregira. Baina hango mahaian ez dago guztientzako eserlekurik. Horrenbestez, naturako bost espirituekin lehiatu beharko du: Erraldoi Ekaiztsua, Txinparta Sorgina, Henry Kazkabar, Robin Zaparrada eta Ama Antzigarra".

Bolante baten historia, berriz, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok egindako dokumentala da. Honako hau da haren sinopsia: "1980ko ekainaren 11n, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra desagerrarazi zuten. Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizialak hartu zuen bere gain desagerpena. Inoiz bere autoan egon zen bolantea familiaren etxean dago. Betiereko bilaketaren, ez egotearen eta memoriaren sinboloa da".

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide