Bihotzaren zaindariak

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 19a, 11:00

Beizamako udalerrian dago Gipuzkoaren erdigune geografikoa. Oso jende gutxik ezagutzen du kokaleku zehatza. Gune horretan ikurrina jarri dute Jexux Elustondo eta Inazio Olazabal Azpeitiko bizilagunek.

Beizaman. Agina eta Aginagatxo baserrietatik gora joanda, 770 metroko altitudean, pagoen eta pinudien artean, berdegunean, eguneko azken eguzki izpiek argiztatzen dutela, ikurrin bat dago. Lurrean ondo sartutako burdinezko zutoin bati lotuta, haizeak alde batetik bestera mugitzen duela, askatasunari deiadar eginez. Dantzari. Ez mendebalderago, ez iparralderago, hantxe kokatzen da Gipuzkoaren erdigune geografikoa. Hantxe dago Gipuzkoaren bihotza, inork gutxik ezagutzen duen tokian.

Historikoki, Bidania-Goiatzen kokatu izan da lurraldearen erdigunea. Dena dela, 2015ean Felix Isasak egindako ikerketak hankaz gora jarri zuen uste hori: hark jakinarazi zuen Beizamako lurretan zegoela erdigunea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamenduaren mapa katastrala aintzat hartuta egindako kalkuluetan oinarrituz.

Bitxia da Isasa Beizamako herriarekin lotzen duen istorioa. Haren lehengusu Ixabel Arrillaga Beizamako Agina baserrian euskara ikasten aritu zen, eta haren bidez ezagutu zuten beizamarrek Isasa. Bere garaian, Euskal Herriko erdigunearen inguruko ikerketa egin zuen Isasak, eta hala, Igone Arruti herritarrak zera esan zion behin: "Guk Gipuzkoako erdigunea Beizaman dagoela esaten dugu, eta Bidania-Goiazkoek beren herrian dagoela. Denak etxera tiraka aritzen gara, baina auskalo zein den benetako erdigunea".

Espero gabeko fruitu baten ernamuina izan zen elkarrizketa hura. Hala kontatu du Arrutik: "Handik hilabete batzuetara, Arrillagak deitu zidan, niretzat zerbait zeukala esanez. A zer sorpresa hartu nuena! Isasak Gipuzkoaren erdigunearen inguruko ikerketa egin zuen, eta Beizaman kokatu zuen erdigunea. Hala esan zidan: ‘Bidania-Goiatzen kokatu izan balitz, esan ere ez nizun egingo lan hau egin nuenik!’".

Isasa, haren semea eta Arrillaga Beizamara etorri ziren ikerketa hura ekartzera, eta bide batez, makila bat jarri zuten erdigunearen gune zehatzean. "Zer jarriko genuen ba beizamarrok? Makila!", esan du Arrutik, beizamarrak gaitzizenez makilak direla gogoraraziz. Ondoren, udalak burdinezko makilarekin ordezkatu zuen haiek jarritako makila hura, eta plaka bat ere jarri zuen erakundeak, Gipuzkoako erdigunea idatzita duena. Era berean, herrigunean bertan harri bat jartzea erabaki zuen udalak, eta baita mapa bat ere, Gipuzkoaren erdigune zehatza non dagoen erakusteko.

Ordutik, gehienek ezagutzen dute Beizamako harria, erdigunea udalerri horretan dagoela adierazten duena. Hala ere, gehienek ez dakite non dagoen erdigune zehatza; izan ere, mendialdean dago, eta oso jende gutxi igarotzen da handik. Herrigunetik aparte dago erdigunea; zehazki, udaletxetik 1.193 metrora.

Merezitako omenaldia

Erdigunea non kokatzen den jende gutxik dakien arren, badira gune horri duen garrantzia eman nahi diotenak, Gipuzkoaren bihotzari omenaldi propioa egin diotenak. Hain zuzen ere, aurrez jarrita zeuden burdinezko makilaren eta plakaren gainean, burdinezko zutoin bat sartu eta ikurrina jarri dute Inazio Olazabalek eta Jexux Elustondok. "Seinale hori jartzea nahi genuen, gogoan izateagatik zein den erdigunea", esan du Olazabalek.

Agina eta Aginagatxo dira erdigunetik gertuen dauden baserriak –650 bat metrora daude–, eta inguru horretan denbora ugari emandakoak dira baserri bateko nahiz besteko bizilagunak. Olazabal Agina baserriko semea da, eta hark kontatu duenez, anaia Pedrori bururatu zitzaion gune horretan ikurrina jartzea. "Jexuxi eta bioi esan zigun ea jarriko al genuen ikurrina. Haren ideiari kasu eginez, iazko udazkenean jarri genuen".

Lehen inguru horietan asko ibiltzen ziren Olazabal nahiz haren senideak. "Umeak ginela, erabat ibiltzen ginen inguru hauetan: ganadua zaintzen, jolasean... Orain jende gutxi etortzen da alde honetara", esan du. Dena den, ondo gogoan ditu haurra zela ikasitakoak; banan-banan esan ditu gune horretatik ikusten diren toki guztiak, eskuinetik ezkerrera: "Zelatun, Errezilgo baserriak, Zestoa, Santa Engrazia, itsasoa, Izarraitz, San Antonio eta Bizkaiko mendiak, Samiño, Legazpi, Aizkorri, Oñati aldeko mendiak, Zumarraga... Gipuzkoa gehiena ikusten da hemendik".

Elustondo eta Olazabal senitartekoak dira, eta lehenak bigarrenari esker ezagutu du gunea. Eskulanetan mainatsu samarra da Elustondo, eta ikurrina kokatzen lagundu dio Olazabali. Hark ere ez zuen espero Beizamako gainaldean halako parajerik ikusterik. "Ez nuen ezagutzen, eta leku zoragarria da hau".

Gipuzkoaren erdigunean ikurrina jarrita, tarteka hura zaintzera joaten da bikotea, haizearen kolpeekin, pixkanaka, hondatu egiten delako oihal zatia. Hedabide honekin erdigunera egin duten bisita baliatuz, ikurrina ondo dagoela ziurtatzeaz gain, guneari merezitako omenaldia egin nahi izan diote: Olazabalek adarra ahoan sartu eta Gipuzkoa osoan zabaldu du bihotzaren deiadarra. Erdigunearen berri ez duenak ere entzungo zuen haren doinuaren oihartzuna.

Elustondo eta Olazabal, Olazabal eta Elustondo. Txapelik ez buruan, baina makila eskuan eta adarraren doinuan, ibiliko dira munduan, Gipuzkoaren bihotzaren zaindari, Beizama inguruan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide