Marrak, irudiak, kultura askotako mintzak, hitzak… Horiek denak eta gehiago uztartu dituzte Kulturaz kooperatibak sustatutako Gure Mintzak eta Gure Marrak proiektuetan. Egitasmoak elkarri lotuta daude, eta dagoeneko eman dute fruitua. Bihar aurkeztuko dute Gure Marrak liburu bilduma, munduko hainbat txokotako kontakizun ilustratuen liburu sorta.
Kulturaz kooperatibak Gure Mintzak proiektua jarri zuen martxan 2020an, Azpeitia inguruan hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna eta jatorri ezberdinetako herritarren kultur aberastasuna ikusarazteko. Hamabi lagunek parte hartu zuten egitasmo hartan. 2021eko azaroan, aldiz, Gure Marrak tailerra jarri zuten martxan Dinamoa sormen gunean, Gure Mintzak proiektuan parte hartu zuten herritarrek aukeratutako kontakizunak ardatz hartuta. Hain zuzen, kontakizun horiek izan ziren Gure Marrak tailerraren abiapuntua. Ikastarora animatu ziren bederatzi ilustratzaileek munduko txoko desberdinetako istorio horiek marraztu behar izan zituzten sei asteko epean, Maite Mutuberriaren eta Leire Bilbaoren gidaritzapean. Orain, tailerrean zehar egindako lanak argitara aterako dituzte, euskarri fisikoan zein digitalean.
Zehazki, Senegal, Brasil, Galizia, Japonia, Txekia, Pakistan, Argentina, Aljeria, Bielorrusia eta Kroaziako istorioak biltzen ditu bihar aurkeztuko duten Gure Marrak liburu bildumak.
Mutuberria eta Bilbao tailerraren gidarientzat esperientzia berritzailea izan da. "Sei asteko esperientzia intentsoa izan da Gure Marrak", aitortu du Bilbaok. Era berean, taldean lana egiteak "aukera berriak" eskaintzen dituela adierazi du: "Normalean, sortzaileak bakarka egiten du lan; bere etxean dago idazten zein ilustratzen. Hemen, aldiz, aukera izan dute batera egoteko eta lanak partekatzeko, eta horrek askotan norberaren lana hobetzeko aukera eman eta bide berriak zabaltzen ditu". Mutuberriak, bere aldetik, parte hartzaileei laguntzea ederra baina aldi berean zaila izan dela adierazi du: "Ilustratzaileen lanetan esku hartu gabe haiei laguntzea izan da zailena".
Kultura eta ilustrazioa, eskutik
Gure Marrak proiektuan parte hartu dutenetako bat da Ainara Azpiazu ilustratzailea. Hark Alena Ashurkevichek aukeratutako pasartea kontatu behar izan du marrazki bitartez. Bielorrusiakoa da Ashurkevichek, eta Gure Mintzak egitasmoko protagonistetako bat da. Bielorrusiako kontakizun tradizionala aukeratu zuen Ashurkevichek, eta harriduraz hartu zuen Azpiazuk, baina baita ilusioz ere. Harentzat «erronka bat» izan da istorio hori ilustratzea. "Tailerrean izena eman nuenean pentsatzen nuen nire testu propio bat izango nuela abiapuntu, eta planteamendua zein zen azaldu zidatenean, sorpresaz hartu nuen. Hala ere, gogoz hartu nuen, egin ohi ditudan gauzetatik urruntzen zen zerbait zelako", kontatu du.
Azpiazuri egokitutako testua gainerakoena baino luzeagoa da, eta, beraz, haren liburuxka besteena baino mardulagoa izango da. Horrek jolaserako aukera ere eman dio: "Gauza asko gertatzen dira Alenak aukeratutako testuan, eta hasierako fasea aldapan gora egin zitzaidan. Ez nekien askorik Bielorrusiari buruz, baina Alenak hango kulturari lotutako hainbat azalpen eman zizkidan, eta tartean hango jantziak nolakoak diren azaldu zidan. Hori oso puntu garrantzitsua izan zen, orduan imajinatu bainuen nolakoa izango zen liburuaren estetika". Azpiazuk ipuin tradizionaletako azpildurak erabili ditu bere lana janzteko, eta horiek protagonismo berezia dute haren liburuxkan: "Ipuingintza tradizionaletik harago, pertsonaia handiak eta indartsuak egiten ditut nik, baina oraingoan azpildurak erabiliz eman diot ipuin tradizionalen kutsua. Kolore muga bat ere jarri nion lanari, Errusiako estetika oinarri hartuta". Azpiazu ilustratzaile profesionala da, baina proiektu honek bide berriak urratzeko aukera eman diola dio. "Ohituta nagoen esparrutik aterata, harago joateko aukera eman dit Gure Marrakek. Bide berri bat ireki zait proiektu honekin, eta asko gozatu dut. Gainera, nire buruari asko eskatzen diodan arren, pozik nago emaitzarekin", adierazi du ilustratzaileak.
Ashurkevichek dagoeneko ikusi du Azpiazuk egindako lana, eta "izugarri" gustatu zaio. Gainera, uste du ipuin tradizionalaren ideiarekin bat egiten duela. Hark aukeratutako pasarteak Paleshuki eta Paleveki du izena. "Bielorrusiako herrialdeen izenak nondik eratortzen diren kontatzen du istorioak, baita Bielorrusiako bizilagunen bizitzak eta ohiturak nolakoak ziren ere", aurreratu du Ashurkevichek. Hura Azpeitiko bizilaguna izan da azken urteetan, baina gaur egun Bilbon bizi da. Hori dela eta ezingo du biharko aurkezpenean parte hartu, eta "penatan" dago. Hala ere, proiektuaren parte izatea asko gustatu zaiola esan du: "Egitasmoan parte hartzea oso aberasgarria izan da, eta nire jatorrizko kultura ikusarazteko balio izan dit".
Liburuak, eskuragarri
Kulturaz kooperatibako kideek nahiz proiektuan parte hartu dutenek herritarrak gonbidatu nahi dituzte biharko aurkezpenera. "Munduko hainbat tradiziotara hurbiltzeko modu ludikoa da liburu bilduma. Gainera, azpeitiarren jatorrizko kulturak ditu oinarri, eta oso interesgarria da hori", adierazi du Azpiazuk, herritarrei bertaratzeko gonbidapena eginez.
Sanagustin kulturgunean aurkeztuko dute proiektua, 19:00etan hasita. Bertan jarriko dituzte eskuragarri Gure Marrak liburu bildumako ale guztiak, eta horiek erosteko aukera izango dute aurkezpenera bertaratzen direnek.