Estela Lapeira: "Ikerketa prozesuan une gogorrak izaten dira, baina baita ederrak ere"

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 30a, 17:45

Estela Lapeira laborategian lanean. (Mondragon Unibertsitatea)

Hainbat urtez ikasten eta ikertzen aritu ostean, gaur egun fluidomekanikan doktorea da Estela Lapeira. Fluidomekanika arloan ikertzen jarraitzen du, eta irakaslea ere bada Ingeniaritza Biomedikako graduan eta teknologia biomedikoen masterrean. Ibilbideaz, lanaz eta erronkez aritu da 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian.

Oraindik gaztea izanagatik, formakuntza eta titulazio aipagarridun ibilbidea du Estela Lapeirak (Azpeitia, 1990). Betidanik gustatu izan zaio marraztea eta diseinatzea, eta horrek animatu zuen Industria Ingeniaritza gradua egitera. Hainbat urtez ikasten eta ikertzen aritu ostean, fluido mekanikako arloan doktorea da gaur-gaurkoz. Hain zuzen, ingeniaritza biomediko eta fluido mekanika arloetan dihardu lanean Mondragon Unibertsitatean, irakaskuntzan zein ikerketan. Hastapenez, egin zuen tesiaz, ingeniaritzaz eta zientziaz solastu da, besteak beste, patxadaz.

Zer dela-eta erabaki zenuen Industria Diseinuko Ingeniaritza ikastea?

Batxilergoan nintzela, arreta piztu zidan marrazketa teknikoak. Ikasgai teknikoak atsegin nituen gehien, eta asko gustatzen zitzaidan dekorazioaren arloa, baita marraztea eta diseinatzea ere. Industria Diseinuko Ingeniaritza graduaren berri izan nuen eta interesgarria iruditu zitzaidan, eta unibertsitateko ate irekietara joatea erabaki nuen. Hara joan eta zertan datzan ikusi nuenean, ikastera animatu nintzen.

Beste hainbat gradurekin alderatuta, ingeniaritza ikasketak konplexuak direla diote. Unibertsitate garaiko zer oroitzapen dituzu? Zaila izan al zen prozesua?

Hasieran, beti behar da egoera berrira egokitzeko denbora. Gaur egun irakaslea naiz, eta ikasleak erabat ulertzen ditut beren kezkak zein diren ikustean; izan ere, ingurura eta ikasgaietara egokitzeko denbora behar da. Ingeniaritzak zorroztasuna eskatzen du, baina ez askoz gehiago. Hau da, denbora eskaini behar zaio, saiatu egin behar duzu, baina beste gauza askotan bezalaxe. Lehen urteak gogorra izanagatik, unibertsitate garaiko oroitzapen txarrik ez dut.

Graduko ikasketak amaituta, ikasten eta aztertzen jarraitu zenuen. Zer arlotan espezializatu zinen? Eta zergatik?

Gradua amaitzen ari nintzela, beste arloren batean trebatzeko grina piztu zitzaidan; diseinuaren arlotik pixka bat aldentzen zen zerbait probatzekoa, alegia. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitatean Industria Ingeniaritza masterra egitea erabaki nuen. Arrasateko [Gipuzkoa] fluidomekanikoko laborategian garatu nuen proiektua. Ikasketak tarteko, Alemaniara ere joan nintzen, eta hura bai izan zela erronka. Urte erdiz egon nintzen Bayreuth unibertsitateako laborategian, eta oso esperientzia polita izan zen.

Jarraian, erronka potolo bati ekin zenion: doktore tesiari. Zure hitzetan, "hainbat irri, negar eta esperientzia berriren ondoren" egin zenuen urratsa.

Hala da, bai. Mondragon Unibertsitatean bada ZTIMULab izeneko proiektu bat, gazteak zientziaren mundura hurbiltzea helburu duena. Bertan hainbat emakumek parte hartzen dugu, gazteek ere ikus dezaten zientzia ez dela gizonezkoen mundua. Proiektu horretan parte hartzen dugunoi gure buruaren deskribapen labur bat egiteko eskatu ziguten, eta orduan aipatu nuen irrien, negarren eta esperientzia berrien esaldi hori; izan ere, dena ez da erraza. Nik, adibidez, gauza asko ez nituen aurreneko saiakeran asmatu. Ikerketa prozesuan une gogorrak izaten dira, baina baita ederrak ere.

(Mondragon Unibertsitatea)

Beraz, zaila izan zen doktoregoa lortu arteko ibilbidea, ezta? Nor izan zenuen bidelagun?

Mondragon Unibertsitateko fluidomekanikako laborategian masterreko proiektua egin ostean, zuzendariak tesia egitera animatu ninduen. Proposamena entzun ostean, pentsatzen hasi nintzen, hausnartzen. "Asko gustatzen zait egiten dudan lana, eta horretan espezializatzen jarraitzeko aukera dut", pentsatu nuen neure baitan. Gainera, jendearekin harreman oso ona nuenez, animatu egin nintzen. Hiru urte eman nituen tesia garatzen, eta entsegu ugari egiten nituen; batzuk ondo ateratzen ziren, besteak ez. Beti izan naiz burugogorra, eta behin eta berriz saiatu ostean lortu nituen emaitzak. Lankideak, irakasleak, tutoreak nahiz tesia egiten ari ziren gainerako kideak primerako bidelagunak izan ziren. Bakoitzak bere proiektuak zituen, baina laborategian ordu asko egiten genituen elkarrekin, eta ezinbesteko babesa izan ziren. Prozesu horretan, jendeak galdetzen zidan hainbeste urteren ostean ikasten jarraitzen al nuen. Eta hala da, modu batera edo bestera ikasten jarraitzen duzu tesia egin bitartean, baina lana ere bada. Nik, behintzat, lan gisa ikusten nuen ikerketa. Hala ere, ingurukoei azalpenak ematea ez zen erraza izaten.

Hauxe da tesiaren izenburua: Análisis de los fenómenos de transporte en mezclas multicomponentes en condiciones terrestres mediante técnicas convectivas y no convectivas. Arlo horretan jakintzarik ez duenarentzat ez da ulerterraza izenburua bera ere. Zer da, zehazki, tesian landu zenuena?

Fluido desberdinak nahastean, horiei zer gertatzen zaien aztertu nuen. Esaterako, tenperaturaren arabera, nahasketa bateko osagaiak mugitu egiten dira. Ikusten ez diren gauzak dira, baina neurtu daitezkeenak. Nahasketa desberdin ugari egin genituen, eta horietako bakoitzak ondorio propio bat zuen. Hainbat nahasketa bitarren eta hirutarren garraio propietateak neurtu nituen, Soret, Termodifusio eta Difusio Molekularra, besteak beste. Horiekin batera, nahasketa horien propietate termofisiko nahiz optikoak ere neurtu nituen tesian.

Eta eguneroko bizitzan, zertarako baliatzen da hori?

Substantzien jarrera ulertzeko gai baldin bagara, gai izan gaitezke substantziak banatzeko, eta hori hainbat arlotarako izan daiteke baliagarria, hala nola, osasungintzarako. Demagun pertsona batek minbizia duela, eta haren odolean zenbat zelula txar dauden jakin nahi dugula. Nola egiten da hori? Zelulak banatuta. Zelula horiek banandu eta zenbatuz gero, jakin daiteke tratamenduak balio dion edo ez pazienteari, zelula txarrak gutxitzen diren ala ez behatuta. Kasu horretan, banatzeko gaitasunean dago zientzia. Dena den, hori adibide soil bat da, oso aplikazio zehatza duena; nik landutakoa oinarrizkoagoa da.

Sektore horretan lanean aritzen zaretenon arteko lankidetzarik ba al dago?

Bai. Guk, esaterako, guztira 26 nahasketa bitar zein hirutar aztertu nituen Alemaniako eta Belgikako unibertsitate batzuetako ikertzaile taldeekin elkarlanean. Mondragon Unibertsitatean hainbat teknika ditugu. Teknika esaten dudanean, Arrasaten bertan diseinatutako eta garatutako dispositiboez ari naiz. Izan ere, ingeniaritza eskola bat da, eta badugu gaitasuna diseinatzeko eta eraikitzeko. Unibertsitate bakoitzak bere teknika propioak garatzen eta eraikitzen ditu, baina ikerketarako garaian lankidetza dago.

Egin zenuen lanak fruituak eman zituen, eta Cum Laude aitortzarekin amaitu zenuen bizitzako etapa hori. Merezi izan zuela uste al duzu?

Tesia egin arteko hiru urteak oso intentsoak izan ziren, eta gaur egun horretan ari den edonork arrazoi dudala esango du. Hala ere, gaur-gaurkoz, doktoregoa egin ala ez zalantzan dagoen edonor animatuko nuke pausoa ematera. Gainera, ziur nago: berriro aukera izango banu, egin egingo nuke. Ikasleak sarritan etorri zaizkit gomendio eskean, zalantza ugari izaten baitituzte. Beti gauza bera esaten diet: gustuko gaia baldin bada, aurrera.

(Mondragon Unibertsitatea)

Gaur egun ingeniaritza biomediko eta fluido mekanika arloetan irakasle eta ikerlari zara. Zertan datza ingeniaritza biomedikoa?

Ingeniaritza biomedikoa osasun arlora bideratutako ingeniaritza da. Askotan ez gara ohartzen, baina medikuarenera joaten garenean edo osasunari lotutako edozein proba egiten digutenean, funtsezkoak diren gailuak eta tresnak erabiltzen dituzte: ekografia egiteko ekografoa, erradiografietarako makinak, tutuak, kateterrak... Eta nork diseinatzen ditu horiek guztiak? Finean, ingeniariek. Baina ez ingeniariek bakarrik. Ingeniaritza biomedikoak horregatik lantzen ditu diziplina ugari. Esaterako, errehabilitaziorako gailuak egiteko, ezinbestekoa da gorputzeko atal bakoitza ezagutzea eta hezur edo gihar bakoitza non dagoen jakitea. Hori dela eta, ingeriari biomedikoak denetarik pixka bat jakin behar du: ingeriaritza, kimika, anatomia, telekomunikazioak...

Zein da zure egitekoa?

Ikerketaren arloan, fluidomekanika alorrean aritzen naiz. Nire lana da fluido edota nahasketa desberdinak karakterizatzea eta horien propietateak neurtzea. Era berean, zenbakizko simulazioak egiten ditugu, gailu mikrofluidikoen diseinu egokiak topatzeko edota optimizatzeko.

Gazte-gaztetatik zenuen irakaskuntzarako zaletasuna. Orain irakaslea zara. Gustuko lana al duzu?

Betidanik gustatu izan zait irakaskuntzaren arloa, baita umeak ere. Irudika nezakeen nire burua haur txikien irakasle lanetan, baina baita helduen irakasle izaten ere. Nik dakidana besteei irakastea eta besteekin elkarbanatzea polita dela pentsatu izan dut beti. 2017an bukatu nuen tesia, eta 2016rako hasita nengoen irakasle lanetan; gustura ari naiz. Gainera, ikasleek lantzen dutena ulertzen dutela ikusteak asko betetzen nau.

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan berri da. Emakumea eta zientzia, askotan jarri izan da mahai gainean gai hori. Ba al da genero berdintasunik zientzia arloan?

Unibertsitatean, nik lan egiten dudan arloan, zortzi pertsona aritzen gara, eta horietatik sei emakumeak gara. Egongo dira gizonezkoak bakarrik lan egiten duten lekuak, baina nik ez dut desberdintasunik nabaritzen nire lan eremuan. Dena den, horrekin ez dut ezer orokortu nahi. Hala ere, esango nuke geroz eta berdintasun gehiago dagoela zientziaren arloan ere; hala izan dadin eskatzen dute, gainera. Hau da, proiektuak eskatzerakoan eta ematerakoan erakundeek zein enpresek kontuan hartzen dute genero berdintasuna zein emakumeen presentzia.

(Mondragon Unibertsitatea)

Oro har, jende askok oso urrun sentitzen du zientziaren arloa, zerbait konplexua eta ulergaitza izango dela pentsatuta. Zergatik dela uste duzu?

Txiki-txikitatik irakasten digute, nahita edo nahi gabe, matematiketan ondo moldatzen dena bizkorragoa dela. Baina hori ez da horrela, bakoitzak bere zaletasunak eta gustuak ditu. Zientziek saiatzea eskatzen dute, baina gustatuz gero, ez lukete beldurrik eman behar. Gaztetatik zientziaren arloa benetan zer den irakatsi izan baligute, askotariko zientzialariak zertan aritzen diren esan izan baligute, pertsonen esperientziak entzun izan bagenitu... beste modu batera irudikatuko genuke lan esparru hori. Izan ere, gaur egun errazagoa da suhiltzaile baten edo irakasle baten lana idealizatzea, zientzialari batena baino, esaterako. Denoi kontatu digute zer lan egiten duten suhiltzaileek eta irakasleek, baina inoiz ez digute azaldu zer lan egiten dituen algak ikertzen dituen ikerlari batek. Zenbat eta esperientzia gehiagoren berri eman, hobe. Hala ere, egia da ingeniaritza mundua ez dela azaltzeko erraza, eta gauza bera ikasi duten bi zientzialarik lan oso desberdinak egin ditzaketela. Hala ere, ezin dezakegu jakin lanbide bat zertan datzan horretan aritu arte. Dena den, adibideak ematea ona dela uste dut, eta txikiak edo gazteak garenean ez zaizkigu behar beste ematen.

Zergatik da garrantzitsua ikerketa zientifikoa?

Gizartea garatzen ari da etengabe; teknologia berriak ditugu, eta horiei esker, hobeto bizi gara. Halakoak garatzeko oso garrantzitsua da ikerketa zientifikoa.

Aurrera begira, zer erronka dituzu?

Ikasten eta ikertzen jarraitzea da nire asmoa. Izan ere, hori du zientziak: behin zerbait ikasita eta frogatuta, horretan nahiz ideia berrietan sakontzeko grina pizten du. Gainera, gauza berriak probatuz eta besteek egiten duten lana ikusiz, ikaragarri ikasten da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide