Xabier Euzkitze: "Hedabideetan ikusten dudan zabarkeriari muga jarri nahi diot"

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 2a, 11:00

Xabier Euzkitze. (Argazkia: Andoni Elduaien)

Euskarazko komunikabideetan sarri gaizki erabili ohi diren esamoldeen bilketa egiten ari da Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) sare sozialetan. Hobetzeko "izugarri" dagoela dio. 

Euskaraz sarri gaizki erabiltzen ditugun esamoldeen bilketa egiten ari zara, Twitter sare sozialean. Nolatan animatu zinen ariketa hori egitera?

Twitterren, eta bide batez, Instagramen eta Facebooken ere egiten dut. Ez naiz izango eginkizun horretan hasi den lehenengoa; badaude zenbait euskaltegi eta norbanako antzeko gomendioak ematen dituztenak, UZEIk eta Euskaltzaindiak ere egiten dituzte halakoak... Baina nik gehienbat komunikabideetan zentratu nahi nuen. Edozein herritarri, edozein norbanako xumeri eragitea baino gehiago, hedabideetan ikusten dudan zabarkeriari muga jartzea nahi dut.

Zer nabari duzu hedabideetan?

Duela gutxi, Madrilgo Goya sarietan, "ongi etorri/a" erabili zuten, generoaren bereizketa eginez bezala. Esamolde hori ezjakintasunez erabili zutela eta, makina bat egur eman genien haiei. Baina esamolde hori gaizki erabiltzeko ez geneukan Goya sarien beharrik. Geuk komunikabideetan behin eta berriz gaizki erabiltzen dugu: "Entzuleok, ongi etorriak!". Eta ez. Lokuzioa ongi etorri da, ongi joan den bezala; ez genuke esango "ongi joanak". Ongi etorri oso gaizki erabiltzen dugu. Horrez gain, nahiz eta Euskaltzaindiak aspaldi esanda eta berresanda daukan darrai aditz forma asmakizun bat dela, ez dela erabili behar, hori ere askotan aditzen eta irakurtzen dugu geure hedabide ofizialetan. Horren aurrean, hedabideetan ikusten ditudan akatsik errepikatuenekin eta zuzentzeko premia handiena dutenekin bilduma bat osatzen ari naiz, eta tarteka pilulatxo baten moduan ematen ditut sare sozialetan.

Zer eragin du hedabideek euskaraz zuzenak ez diren formak erabiltzeak?

Ongi etorriak edo darrai izugarri erabiltzen dira komunikabideetan, eta edozein irakurle edo entzule xeheri nola pentsaarazi behar diozu asmakizunak direla euskarazko hedabideetan behin eta berriz entzuten baldin badituzte? Hor dago arazoa.

Beste hainbat akatsen adibideak ere jarri dituzu sare sozialetan.

Bai. Esaterako, honezkero eta dagoeneko bereizten arazo handiak ditugu. Mugagabea zuzen erabiltzeko ere zailtasun handiak sortzen dira, gehienbat a itsatsia daukaten izenekin: alaba, poeta, artista... Halako hitzak gaizki deklinatzen dira sarri. Adibide bat: "Txinako bi artistek erakusketa jarri dute", esaten baldin badugu, Txinan bi artista bakarrik daudela esaten ari gara. "Txinako bi artistak" litzateke forma zuzena. Horrelako akatsak zientoka egin ohi dira.

Beraz, komunikabideek badute zertan hobetu.

Ikaragarri. Eta nahikoa da, gainera, ordubete hartu eta hedabide batean irakurtzen edo entzuten ditudan akatsak apuntatzea horretaz jabetzeko. Akats asko egiten dituzte hedabideek. Niri min handiena ematen didana zabarkeria da. Badira hainbat eta hainbat esatari eta kazetari... Perfekturik inor ez dago, eta hanka denok sartzen dugu, baina halako batean, konturatzen zara: "Ni hau ez naiz ba ondo erabiltzen ari. Orain arte nola ez naiz konturatu?". Orduan, hori zuzentzeko ahalegina egiten duzu, eta egokiagoak diren beste modu batzuk bilatzen dituzu. Bilaketa horretan, hainbat eta hainbat kazetari interesarekin sumatzen ditut, baina beste askorengan zabarkeria eta utzikeria ere sumatzen dut. Hori da minik handiena ematen didana, eta nire ustez, kalte handia eragiten diguna. Ariketa honekin baten bati zerbaitetan laguntzeko modua egingo nuelakoan erabaki nuen pilulatxo horiek botatzea.

Ariketarekin noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?

Ez dauka epe mugarik. Noizik eta behin, zerbait oker erabiltzen dugula jabetzen naizenean, erabilera zuzena zein den erraz ulertzeko moduan azaltzen saiatuko naiz. Eta, noski, beti akatsa egin duenaren izenik eta komunikabidea aipatu gabe, inori min emateak ez du ondorio onik izaten eta. Azkenean, denok egiten ditugu hanka sartzeak, eta asmoa ez da inor seinalatzea, baina zuzentasunaren sena pixka bat esnatu beharra badaukagula iruditzen zait. Kezka eta ardura puntu handixeago bat eskatzen du gure hizkuntzaren erabilerak.

Zer erantzun ari zara jasotzen?

Batzuek harrituta erantzuten didate: "Benetan hori ez dagoela ondo?". Baina, normalean, jendeak esker onez hartzen du. Pilulatxo horien bitartez txip hori aktibatu eta egiten ditugun hanka sartze horietako batzuk zuzentzeko bidea ematen bada, primeran. Erabilera okerra ezjakintasunagatik izango dela pentsatu nahi dut, baina baita akats hori akatsa dela jakinarazteko behar besteko ahaleginik egiten ez delako ere.

Motzean eta argi azaltzen dituzu akatsak eta horien forma zuzenak.

Aurreko batean, Zarauzko Lizardi institutuko euskara irakasle batek esan zidan: "Aizu, oso erabilgarriak dira. Erraz ulertzeko moduan azaltzen dituzu akatsak, eta bisualki ere oso modu ulergarrian jartzen dituzu. Neu hasi naiz zure taktika bera erabiltzen klaseetan!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide