Webgune berriarekin dator Joxe Takolo bekaren aurtengo deialdia

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 2a, 20:52

Joxe Takolo bekaren komisioko kideak, Egoitz Arruti Kirol batzordeburua, Lagun Onak MBko kide Aitor Unanue eta Euskal Mendi Federazioko Koldo Sansinenea, aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Gaur ireki dute mendizaletasuna bultzatzeko bekara proiektuak aurkezteko epea, eta zabalik izango da martxoaren 18ra arte. Berrikuntza gisa, bekari zabalpena eta ikusgarritasuna emateko helburuz, webgunea estreinatu dute. Joxe Urbieta Takoloren ibilbidea nahiz haren izena daraman bekaren inguruko xehetasunak bildu dituzte webgunean, baita orain arteko deialdietan egindako proiektuen inguruko informazioa, bideoak eta argazkiak ere. 

Berrikuntzekin dator 2022ko Joxe Takolo beka. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak mendi bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak goi-mendizaletasuna, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak garatzeko eskaintzen duten egitasmoa da Joxe Takolo beka, eta gaur ireki dute aurtengo deialdira proiektuak aurkezteko epea. Berrikuntzekin ireki dute 2022ko deialdia. Alde batetik, oinarrietan zenbait moldaketa egitea erabaki dute sustatzaileek, eta, bestetik, Joxe Takolo bekaren webgunea estreinatu dute.

Gaur egin dute aurtengo deialdiaren berri emateko agerraldia Lagun Onak mendi bazkunako kideek, Joxe Takolo bekaren komisioko ordezkariek, Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendi Federazioak. Bekara proiektuak aurkezteko epea irekita egongo da martxoaren 18ra arte, eta epaimahaiak aukeratutako proiektuak  3.000 euroko laguntza jasoko du. Aurten, bekara proiektuak aurkezteko irizpideetan aldaketa bat egitea erabaki dute sustatzaileek. Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak azaldu duenez, orain arte ezinbestekoa zen Mendi Federazioan federatuta egotea Joxe Takolo beka jasotzeko.  Orain, "azken urteetako joerak ikusita", irizpide hori proiektuen arabera baloratzea erabaki dute. Arrutik jakinarazi duenez, azken urteetan ikerketara bideratutako lanak eta bestelako disziplinetakoak aurkeztu dituzte bekara, eta horregatik erabaki dute federatuta egotearen irizpidea moldagarri izatea proiektuaren arabera. "Kirola aldatu den gisan joan da aldatzen beka bera ere", adierazi du Arrutik. Era berean, eskerrak eman dizkio Joxe Takolo bekaren komisioko kideei egitasmoa sustatzeko egindako lan boluntario guztiagatik. 

Ikusgarritasuna emateko, atari berria

Joxe Takolo bekaren 2022ko deialdiak ateak ireki dizkio joxetakolobeka.eus webguneari. Hain zuzen, bekari "ikusgarritasuna eta zabalpena" emateko helburuz sortu dute Interneteko ataria, eta bertan jaso dituzte egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak. Gaurko agerraldian aurkeztu dute webgunea, eta Lagun Onak MBko kide Aitor Unanuek eman ditu azalpen guztiak. Webgunea "sinplea baina erabilgarria" dela azpimarratu du Unanuek.

Hiru atal nagusi ditu atariak: Joxe Takolo atalean Joxe Urbieta zenaren ibilbidea eta argazkiak jaso dituzte; Oinarriak atalean bekara aurkezteko irizpideak, eskaera orria nahiz dirulaguntzen zuriketarako informazio baliagarria jarri dute eskuragarri, eta, Proiektuak eta espedizioak izeneko atalean orain arte beka jaso duten proiektuen inguruko dokumentazioa jarri dute ikusgai. Unanuek azaldu duenez, atal hori izan da "lan gehien" eskatu duena. "Orain arte ez genituen beka jaso duten proiektuen inguruko materiala bilduta, eta webguneak horretarako aukera eman digu. Argazkiez eta bideoez gain, proiektuen eta espedizioen informazio teknikoa jaso dugu, baita hedabideetan egindako kronika eta kontakizunak ere", azaldu du Unanuek. Era berean, azpimarratu du "zaila" izan dela edukiak biltzea, eta zentzu horretan eskerrak eman nahi izan dizkie dokumentu grafikoak biltzen lagundu dieten pertsona guztiei. 

Joxe Takolo bekaren komisio teknikoko kideek pozez hartu dute webgune berria, eta adierazi dute atari digitala "ezinbestekoa" izango dela bekaren zabalpenerako. "Webgunea Joxe Takolo bekaren NAN-a da; gainera, beka batek ez du baliorik beka beraren historiarik gabe", adierazi dute.  

Joxe Takolo beka 2001. urtean sortu zuten, eta mendizaletasuna bultzatzea du helburu, baita Joxe Takolo mendizale azpeitiarraren izenaren eta izanaren berri ematea ere. Urte hauetan guztietan askotariko diziplinak lantzen dituzten eta munduko hainbat lekutan garatutako hainbat eta hainbat proiektu lagundu dituzte diruz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide