Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbituko dute datozen asteetan

Julene Frantzesena 2022ko mar. 4a, 09:33

Aitor Aldalur eta Luis Juaristi Urola Bizirikeko kideak eta Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotzia.

Azkoitiko San Juan futbol zelaiaren ingurutik Corrugados Lasaora arteko 9,8 kilometroko ibai zatia garbituko du Txukun enpresak, astelehenean hasita. Bildutako zaborra Lapatxera eramango dute, eta isurketa guneak atzemanez gero, erakundeei jakinaraziko diote horien kokapena. Urola Bizirik taldeko kideek irudiak hartuko dituzte, herritarren kontzientzian eragiteko.

Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbituko du datozen asteetan Txukun lorezaintza enpresak. Zehazki, Azkoitiko San Juan futbol zelaiaren ingurutik Corrugados Lasaora arteko 9,8 kilometroko ibai zatia garbituko du enpresa horrek, astelehenean hasita. Hondakinen bilketa bizpahiru astez egingo dute, eguraldiak ahalbidetzen duen heinean.

Azpeitiko Udalak nahiz Urola Bizirik natur taldeak "zerbait" egin beharra dagoela adostu dute, eta horregatik gauzatuko dute garbiketa. Aurtengoan, baina, "beste pauso bat" emango dutela adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. Izan ere, 2020an Ibaieder eta Errezil ibaiak garbitu zituen enpresa horrek, ibaien garbiketa "sakonagoaren" beharraz jabetuta.

Ibaiak, baina, "biziak direnez eta horietan hondakinak egunez egun pilatzen direnez", beste garbiketa bat egitea erabaki du erakundeak. "Azken aldiko euriteek plastiko eta bestelako hondakinak ikusgarri jarri dituzte, beste behin. Ibai ingurua zikina dago, eta azken aldian, ibaia garbitzeko herritarren nahiz eragileen hainbat eskaera jaso ditugu".

Kontzientzia sortzea

Duela bi urte egindako ibai garbiketa esperientzia "oso polita" izan zela gogoratu du Bereziartuak, ibaiak garbitzeaz gain, kontzientziazio lana ere egin zutelako. Aurten ere bide beretik egingo dute lan udalak zein Urola Bizirik natur taldeak. "Ibaira iritsi den zaborra jaso nahi da, baina herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ere bultzatu nahi dugu".

Garbiketan atzematen dituzten isurketa guneak desagerraraztea ere nahi dutela adierazi dute bi erakundeetako ordezkariek. Horregatik, Txukun enpresari eskatu diote atzematen dituzten isurketa guneen kokapenen berri emateko: landaguneetan kokatzen badira, Ura agentziari jakinaraziko diote; eta herrigunean kokatzen baldin badira, berriz, Azpeitiko Udalari. Bestalde, Urola ibaian biltzen duten zaborra Lapatxera eramango dute, hondakin horiek han sailka eta kudea ditzaten.

Horrez gain, ibai garbiketa egiten duten egunetan, Urola Bizirik taldeko kideek argazkiak atera eta bideoak grabatuko dituzte, ondoren, kontzientziazio eta sentsibilizazio lanak egiteko. Garbiketa lanak bukatzean, irudi horiek erakusteko ekitaldi bat egiteko eta erakusketa bat ikusgai jartzeko asmoa agertu dute Urola Bizirikek eta udalak.

Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kideak azaldu duenez, "pena" da ibaiak nola dauden ikustea. "Zaborra jasotzea baino garrantzitsuagoa da ez botatzea, eta jendea horretaz kontzientziatu dadin nahi dugu". Hark adierazi duenez, Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbituko dute oraingoz, baina Urola ibaia zortzi udalerritatik igarotzen da, eta helburua ibilbide guztia garbitzea da. "Zoritxarrez, Azpeitiko Udalak soilik egin digu kasu, baina espero dugu gainerakoek ere egingo dutela urratsa". Talde horretako kide Aitor Aldalurrek, berriz, ibaia zaindu egin behar dela azpimarratu du. "Ibaia eremu oso garrantzitsua da. Leku bizia da, ez da soilik uraren bidea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide