Eduki Babestua

Sarrallek amaitu ditu altzairutegiko hautsak birziklatzeko lantegia eraiki eta abian jartzeko lanak Txinako Changzhou hirian

Uztarria.eus 2022ko mar. 9a, 09:24

Sarrallek Txinan eraiki duen lantegia.

Abian da Sarrallek Befesarako Txinan eraiki duen lehen instalazioa, eta Henan probintzian garatzen ari den bigarren proiektua erantsi behar zaio horri. Bi proiektu horiei esker, Sarrallek Txinako merkatuan sartu ahal izan du; BPGari dagokionez, munduko bigarren ekonomia garrantzitsuena da Txina, eta eredu berria du hazkunde ekonomikoan, bere helburu estrategikoen artean ingurumen tratamendua hartuta. Sarralle indartsu ari da hazten ingurumen jardueran eta hondakinen kudeaketan, eta, gaur egun, bere jardueraren %22 dagokio esparru horri.

Sarrallek amaitu ditu Jiangsu probintzian (Txinan, Shangairen ipar-mendebaldean) azken bi urteetan Befesarentzat diseinatzen eta egiten jardun duen instalazioa eraikitzeko lanak. Instalazio horiek martxan jartzeaz ere arduradun da Sarralle, Befesarekin lankidetzan. Befesak herrialdean garatu duen lehen proiektua da, eta bigarren fabrika baten eraikuntza ere erantsi behar zaio horri; Henan probintziakoa, hain zuzen ere. Sarralle ari da hura eraikitzen ere. Bi lan horiei esker, Txinako merkatuan sartu da Sarralle; Txina, BPGari dagokionez bigarrena da munduko ekonomian.

Changzhou hirian kokatutako lantegi berria abian jartzeak erabateko arrakasta izan du. Lantegia eraikitzen ia 24 hilabete pasatu ostean, abian da urtean 110.000 tona birziklatzeko gaitasuna duen instalazioa, eta altzairutegietako hauts eta aluminio-zepen birziklapenaren merkatuan Befesa lider tokian dagoela berresten du horrek. Changzhou hiriko lantegia EPC proiektu bat izan da, eta diseinua, ingeniaritza, eraikuntza, ekipamenduen fabrikazioa, instalazioa eta martxan jartzea hartu ditu barnean proiektuak. Hazkunde handia ari da izaten Sarralle ingurumen jardueretan eta hondakinen kudeaketan, eta, gaur egun, bere jardueraren %22 hartzen du esparru horrek.

Proiektu garrantzitsua

Changzhoun garatutako proiektuak pisu handia izan du Sarrallerentzat (Txinako eskualde industrial garrantzitsuenetakoa da), Txinako merkatuan sartzea adierazi baitu horrek. Izan ere, merkatu horren hazkunde ekonomikoak ingurumen tratamendua helburu estrategiko bihurtu du.

Gaur egun, Txinak ez du hondakinak tratatzeko gaitasunik nahikorik, birziklatzean espezializatutako ekipamendu teknikoen erabilera tasa oso txikia baita herrialde horretan. Horregatik, prozesu siderometalurgikoaren eraldaketen ondorengo ingurumen gaiak gutxitzeko lanean ari da Txinako Gobernua, eta esperientzia handia du, hain zuzen, Sarrallek esparru horretan. Pixkana industria eraldatuz eta modernizatuz, ingurumen eskakizun zorrotzenei erantzuteko moduan egotea lortuko dute.

Altzairugintzako hautsa birziklatzeko bi lantegiei esker, orain arte baztertzen ziren partikulei berriro balioa emateko aukera izango dute; kasu honetan, zinka berreskuratu eta berrerabiliko dute osagai nagusi gisa. Zinka lehengai berriztagarrien iturri bihurtzea lagungarri da automobilgintzaren, farmaziaren edo zeramikaren sektoreen ingurumenaren iraunkortasunerako, ekoizpen prozesua modu zirkularrean ixteko aukera ematen baitu, prozesuko elementu guztiak berrerabiliz.

Befesarekin harremana sendotua

Txinan eraikitako lantegiak Sarrallek Befasarentzat diseinatu, eraiki eta abian jarri dituen bigarren eta hirugarren birziklatze lantegiak dira, Iskenderum hirian (Turkia) 2019an Befesarentzat egin zuen instalazioaren ostean. Hiru lantegiek antzeko ezaugarriak dituzte ekoizpenaren aldetik. Bi konpainien arteko lankidetzak agerian jarri du berriro ere harreman onak dituztela biek ala biek.

Sarralleri buruz

Sarralle, Azpeitian (Gipuzkoa) 1965ean sortutako enpresa, liderra da industria ingeniaritzan, eta askotariko proiektuak garatzen ditu –hasi eta bukatu arte– siderometalurgiaren, ingurumenaren eta energiaren sektoreetan. Mundu mailako hainbat sektoretako makina eta instalazioen diseinua, ingeniaritza, fabrikazioa, logistika, obra zibila, muntaketa eta martxan jartzea barnean hartzen dituzten soluzioak eskaintzen ditu.

Bere bost negozio esparruen bidez, hainbat esparrutan lan egiten du Sarrallek, altzairugintzan, ijezketan, bobina metalikoen prozesamenduan, ingurumen eta energian edota biltegiratze sistemetan, kasurako. Gaur egun, 700 lagun baino gehiago ari dira bere lantegietan, munduko zortzi herrialdetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide