Ukrainara kamioi bete elkartasun bidaltzeko lanean

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 9a, 15:02

Alex Sarasua eta Vladys Kutxerenko, bilketa egiten ari diren lokalaren aurrean. (Maialen Etxaniz)

Ukrainako gerraren ondorioz kaltetutako ukrainarrei laguntzeko produktu bilketa egiten ari dira Alex Sarasua eta Vladys Kutxerenko joan zen asteburuaz geroztik. Sanjuandegiko lokal batean ari dira produktuak jasotzen, eta orain arte jendeak "elkartasun handia" erakutsi duela adierazi dute. Ukraina-Euskal Herria elkartearen bitartez bidaliko dituzte produktuak Ukrainara. 

Joan zen larunbataz geroztik, Ukrainara bidaltzeko produktu bilketa egiten ari dira Vladys Kutxerenko eta Alex Sarasua. Kutxerenkok urteak daramatza Azpeitian bizitzen, baina izatez Ukrainakoa da, eta hara begira dago gerra hotsak zabaltzen hasi zirenetik. Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Ukrainara bidaltzeko produktu bilketa egitea erabaki zuten Sarasuak eta Kutxerenkok, Azpeitian inor halakorik egiten ari ez zela ikusita. "Ohartu ginen herri askotan ari zirela elkartasun bilketak egiten, eta guk ez genuen entzun Azpeitian halakorik martxan zegoenik. Beraz, geuk egitea erabaki genuen", kontatu du Sarasuak. 

Ukraina-Euskal Herria elkartearen bitartez bidaliko dituzte produktuak Ukrainara. Izan ere, "aspalditik" dute harremana elkartearekin, Kutxerenko Ukrainakoa delako. Hark kontatu du badakitela elkartearen bidez "zuzenean" iritsiko dela materiala Ukrainara: "Guk produktuak bilduko ditugu, eta haiek arduraduko dira garraioaz eta produktuen banaketaz".

Jasotako elkartasuna, "ikaragarria" 

Kutxerenkok adierazi du beraien helburua gerraren ondorioak jasaten ari diren ukrainarrei elkartasunez laguntzea dela, eta azpimarratu du, "oraingoz" azpeitiarrek egindako ekarpena "izugarria" izan dela.

"Joan zen larunbatean ekin genion produktuen bilketari, baina ez genion oihartzun handirik eman; Vladysek bere sare sozialetan jarri zuen bilketaren berri emateko idatzi bat, baina ez besterik. Zapatua iritsi zen, eta harrituta gelditu ginen, espero baino askoz jende gehiago etorri baitzen", adierazi du Sarasuak. "Vladysi azaldu nion aurreneko egunetan jende gutxi etortzen bazen ez beldurtzeko, ohikoa dela jendearengana iritsi arte ekarpen askorik ez jasotzea. Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta lehen unetik jende ugari bertaratu zen", gaineratu du Sarasuak. Kutxerenkok, aldiz, herritarrek erakutsitako "laguntzeko prestutasuna" nabarmendu du: "Ekarpen materiala egin ez ezik, herritarrak bestelako eginbeharretan laguntzeko prest agertu dira, eta hori eskertzekoa da". 

Sanjuandegiko lokal batean ari dira produktuak biltzen. Hain zuzen, Salbe auzoko 31. zenbakian. Hainbat seinale eta kartel jarri dituzte herritarrak biltegira bideratzeko, eta ingurura bertaratuz gero, erraz aurki daiteke lokala.  Norbaitek beraiekin harremanetan jartzerik nahiko balu, zenbaki bat ere jarri dute harremanetarako: 617 271 698.

Elikagaiak eta sendagaiak, lehentasun 

Askotariko materiala biltzen ari dira Sarasua eta Kutxerenko, baina badaude "bereziki" nahi dituzten produktuak. Joan zen astean plazaratu zuten zerrendan honako hauek zerrendatu zituzten: elikagaiak, sendagaiak, lehen laguntzarako edo sorospenerako materiala, sukaldeko tresnak, hotzari aurre egiteko materiala eta arropa. Dagoeneko arroparik jasoko ez dutela azaldu dute, ordea. Izan ere, aurreneko egunetan arropa ugari jaso zutela adierazi du Kutxerenkok, eta azaldu du "oraingoz" ez dutela gehiago jasoko.

Dena den, badaude bereziki behar dituzten produktuak. "Ura, erraz banatu daitezkeen elikagaiak –pasta, arroza, fruitu lehorrak, gailetak, kontserbak, beira barruan ez doazen jatekoak, sendagaiak, konpresak, lo egiteko zakuak, mantak eta hotzari aurre egiteko edozein material ekartzea asko eskertuko genuke", adierazi du Kutxerenkok. Horiez gain, janaria banatzeko plastikozko ontziak ere ongietorriak izango direla adierazi du Sarasuak. "Elkartetik abisatu digute halakoen beharrean daudela, jasotako jakiak-eta errazago banatu ahal izateko". 

Oraingoz, ostiralera arte egingo dute produktuen bilketa, arratsaldeetan, 16:00etatik 19:00etara. "Elkartearen bitartez bidaliko dugu materiala Ukrainara, eta haiek direnez horren arduradunak, haiekin hitz egin ostean ikusiko dugu ea berriro ekin behar diogun bilketari. Oraingoz, ordea, ostiralera arte egongo gara", kontatu du Sarasuak. 

"Ekarpena egin dezaketen herritarrei" bertaratzeko deia egin diete bi azpeitiarrek, eta "bihotzez" eskertu dute orain arte jasotako babesa. 

Ukrainarako materiala jasotzen ari diren lokala. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide