Umeen danborrada 2022

Inoizko jendetsuena izango da igandeko haurren danborrada

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 9a, 20:16

Parte hartuko duten haurren ordezkaritza eta taldeetako arduradunak elkartu dira gaurko aurkezpenean, Mikel Odriozola Festa zinegotziarekin batera. (Mailo Oiarzabal)

Bi talde gehiagok irtengo dute desfilean, iaz parte hartzea tokatu eta festaz gozatu ezin izan zutenei ere aukera eman nahi izan dietelako. Guztira, 600 bat haur aterako dira kalera, 12:30etik aurrera.

Umeen danborradaren koloreekin jantzi da gaur, aspaldiko partez, udaletxea. Iazko sansebastianetan zein aurtengoetan COVID-19aren pandemiaren eraginak zapuztutako festa kalera itzuliko da igande honetan, martxoaren 13an. Eta duela bi urtera arte sansebastianen aurretik ohikoa zen danborradaren aurkezpena egin dute gaur arratsaldean udaletxean; lehen aldiz, ordea, umeak izan dira horrelako aurkezpen batean protagonista bakarrak, helduak aurten ere danbor festarik geldituko baitira.

Mikel Odriozola Festa zinegotziak azaldu bezala, "ikastetxeek, eragileek eta udalak osasun egoerak uzten zuenean danborrada egiteko konpromisoa hartu genuen, eta bi hilabete eskasera, osasun egoerak hobera egin duenean, egingo dugu danborrada".

Bi talde gehiago

Ohiko ordutegiarekin, 12:30ean, hasiko da igandeko danbor festa Olazko Andre Mariaren plaza ingurutik; talde batzuk Aranatik eta Bustinzuriko Errebaletik jaitsiko dira haraino, eta besteak Artzubitik igoko dira. Berrikuntza bat izango da hasiera horretan, normalean Artzubitik abiatzen den karroza aurten Aranatik abiatuko baita, desfilea ixten. Elegante Egunean atera zuten Lagun Onak MBren 75. urteurrenari eskainitako karroza hori lehen aldiz; orduan bezala, Iraurgi Ikastetxeko umeak joango dira bertan. Inudez, mikeletez eta abarrez jantzita desfilean irten nahi dutenek ere, beraz, Aranera jo beharko dute aurten.

Hala ere, partaide kopurua izango da ezohiko datan egingo den 2022ko umeen danborradaren berrikuntza nagusia. Izan ere, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko bi talde gehiago irtengo dira desfilean; horrela, aurtengo San Sebastian egunean irten beher zutenei ez ezik, 2021ekoan irten ezinda gelditu ziren ikasleei ere aukera eman nahi diete festan parte hartzeko. Guztira, 600 bat ume irtengo dira kalera danborradan. Bi talde berri horiek janzteko arropak Azkoitiko Udalak utziko dizkio Azpeitikoari, eta mesede hori "publikoki eskertu nahi" izan du Odriozolak.

Hona hemen, taldeen plazako kokapenaren planoa:

Sokamuturra eta jolas mitologikoak

Eguerdiko danborradaz gain, festa giroko beste bi hitzordu izango dira igande arratsaldean herrian. Batetik, eta Zezen Beltzek iragarri bezala, sokamuturra izango da 16:30etik 20:00etara.

Gaurko aurkezpenarekin batera jakinarazi dute igande arratsalderako beste hitzordua: 17:00etatik 20:00etara, jolas mitologikoez gozatzeko aukera izango dute haurrek eta gaztetxoek Azoka Plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide