Oier Apezetxea: "Aukera polita eman dit Oriamendik, eta aprobetxatu beharra dago"

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 11a, 11:01

Oier Apezetxea Galarretan, Berria txapelketaren aurkezpeneko egunean. (Maialen Andres / Oriamendi)

Bizi osoa esku pilotan aritu ondoren, 30 urterekin erremontean debuta egingo du bihar Oier Apezetxea (Goizueta, Nafarroa, 1991) Azpeitiko bizilagunak. Lehen partida txapelketakoa izango du, gainera: Aldabe aurrean duela, Loitegi eta Zalduaren kontra jokatuko du, Berria txapelketaren sailkapen ligaxkaren bigarren jardunaldian. Galarretan (Hernani, Gipuzkoa) 16:30ean hasiko den jaialdiko hirugarren partida izango da hori.

Debuterako prest?

Bai. Zer esango dugu, ezetzik ezingo dugu esan. Astean bitan ari naiz entrenatzen eta oso gustura nabil. Badakit ez dela partida erraza izango, zuzenean txapelketan sartzen naizelako, eta joan den asteburuan irabazi zuen bikotearen kontra, gainera. Bikotekide oso ona dut, baina partida oso gogorra daukagu.

Txapelketako partida izateak presio gehiago eransten al dio debutekoari?

Bai, dudarik gabe. Hamabost hilabete daramatzat nik erremontean, eta hor esperientzia handiko jendea dago. Baina, begira, denera moldatu beharra dago hemen, aukera polita eman dit Oriamendik eta aprobetxatu beharra dago. Badakit hasieran sufritzea tokatu zaidala, baina pausoz pauso joango naiz ikasten.

Nola hasi zenuen debutera ekarri zaituen bide hori?

2020ko abenduan probatu nuen lehenbizikoz erremontea. Gure lehengusu batek beti esaten zidan erremontea probatu beharra neukala, baina esku pilotarekin itsututa nengoen ni; kasualitateak zer diren, duela hiru hilabete hil zen lehengusu hura. 2020ko bukaera horretan, Jabi Odriozolak eta Iban Larrañagak animatuta hasi nintzen. Jabirekin joan nintzen lehen aldiz Galarretara; erremonteko zesta nola lotzen zen ere ez nekien eta hark lagundu zidan. Hasieran, astean zehar erremontean aritzen nintzen eta Ilunperekin esku pilotako partidak jokatzen nituen asteburuetan; eta partidak desastre ateratzen zitzaizkidan, oso desberdinak direlako bi modalitateak. Zirt edo zart, bata ala bestea aukeratzeko unea iritsi zitzaidan, eta erremontearen aldeko apustua egin nuen.

Eta zergatik erremontea?

Hasieratik gustatu zitzaidan; abiadurarengatik, gehienbat. Pilota ondo jo eta norabide zuzena ematen diozunean, sentsazioa oso ona da. Erremontean, segundo bat denbora asko da; pilotak hartzen duen abiadurarekin, pixka bat lekuz kanpo harrapatzen bazaitu, ahaztu. Eskuz, berriz, bi segundo berandu ibilita ere errazagoa da pilotara ailegatzea edota pilota buenara eramatea.

Esku pilotan afizionatuetan ibili zinen, Ilunperekin Azpeitia Herriartekoan ere ordezkatu izan duzu, eta 30 urterekin erremontean debutatuko duzu. Deigarria bada bilakaera.

Ez da ohikoena, ez. Izerdia botatzeko zerbait berria behar eta nahi nuelako probatu nuen erremontea, ez nintzen hasi profesionaletan debutatzeko helburuarekin. Duela hiru aste eskaini zidaten enpresan sartzeko aukera. Atzelari postuan, gainera.

Eskuz aurrelari eta erremontean atzelari, beraz?

Bai, hori da, postu horretan oso berria naiz baino. Erremontean hasi nintzenean ere aurrean hasi nintzen jokatzen, baina goiko postura kostatu egiten zitzaidan. Duela bost hilabete, atzelari bat falta zela eta atzean jartzeko eskatu zidan Kike Elizaldek, gure entrenatzaileak, saio batean. Atzelarien kasuan zailena sakearekin asmatzea dela esaten dute; nik lehenengo sakea ona atera nuen, eta egia esan, askoz erosoago sentitzen nintzen toki horretan. Harrezkero, atzean jokatuz egin ditut entrenamendu guztiak.

Zer espero duzu hastera zoazen ibilbideaz?

Konfiantza hartzea dut lehenbiziko helburua, partidatik partidara hobetzen ari naizela erakustea, eta gero, gerokoak. Pausoz pauso joan nahi dut, ahal dudana egingo dut eta ikusiko da non dudan topea.

Noiztik bizi zara Azpeitian?

Zortzi urte daramatzat hemen. Neska hemengoa nuen, eta hona etorri behar.

Eta, zer moduz?

Ongi hartu naute, oso-oso ongi. Ilunpeko jendearekin-eta harreman polita daukat; lehendik ezagutzen nituen batzuk, eta oso ongi hartu naute. Azpeitira bizitzera etorri nintzenean, Hernaniko pilota elkartean aritzen nintzen. Duela bost bat urte hasi nintzen Ilunpen entrenatzen eta lanean. Talde polita daukagu, beste toki askotan ikusten ez den bezalakoa: gazte jendea dago eta ederki konpontzen gara. Elkartearen zereginetan pisu nagusia daramaten bi edo hiru lagun daude, eta horiei laguntzeko jendea gaude atzetik, ondo elkar hartuta. Azpeitiarekin Gipuzkoako Herriartekoaren finala jokatu nuen 2019an, Astigarragaren kontra; finala bakarrik jokatu nuen, Julen Egigurenen tokia beteta, hark finalaurrekoaren eta finalaren tarte horretan debutatu baitzuen profesionaletan. Azpeitiarekin Herriartekoan jokatzea bai dela kristoren presioa. Azpeitia Azpeitia da, ez da bakarrik hemen bizi garelako, Herriartekoan historikoetako bat da Azpeitia, eta jende asko mugitzen du, gainera. Final hura galdu egin genuen, baina gero festa ederra egin genuen.

Ilunpekoaz gain beste inguru bat ere egin dut. Azpeitian zer moduz galdetu izan didatenean, askotan erantzun izan diot jendeari Azpeitia dela Goizueta bat, baina handian. Goizuetan, kanpoko norbait joaten bada herriko jendeak hura hartzeko arazorik ez du izaten, eta hemen ere horixe ikusi dut.

Erremontean goi mailan hasiko zaren honetan, mantenduko al duzu Ilunperekin duzun harremana?

Bai, bai. Ilunpen laguntzen jarraitzeko prest nago, nola ez. Umeen entrenamenduekin-eta ezingo dut orain arte bezala lagundu, astegunetan oso zaila izango da niretzat tartea topatzea; baina asteburuetako partidetan, bileretan edota zerbait antolatzea tokatzen denean, ni laguntzeko prest.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide