Espainiako Jiu-jitsu Txapelketa jokatuko du asteburuan Jonathan Terronek

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 15a, 09:13

Jonathan Terron (ezkerretik bigarrena), Euskal Herriko Jiu-jitsu Txapelketako podiumean. (J.Terron)

Azpeitiko jiu-jitsulariak larunbatean jokatu zuen Euskal Herriko Txapelketa Errenterian, eta hirutik hiru borrokaldi irabazita, lehen postua eskuratu zuen Ne-waza modalitatean. Datorren zapatuan absolutu mailako Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketan lehiatuko da Terron. Lesio bat tarteko, ohi baino segurtasun gutxiagorekin baina betiko grin borrokalariarekin joango da Madrilera.

Jonathan Terronek 2022ko absolutu mailako Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketa jokatuko du larunbatean, hilak 19, Parlan (Madril). Azpeitiko bizilagunak hitzordu garrantzitsua du aurretik, baina primerako emaitzak eskuratu berritan joango da Madrilera. Izan ere, Condor klubeko borrokalariak aurreneko postua eskuratu du Euskal Herriko Jiu-jitsu Txapelketan.

Joan zen larunbatean, hilak 12, jokatu zen Euskal Herriko Jiu-jitsu Txapelketa Errenteriako (Gipuzkoa) Agustina Otaola frontoian, eta Terronek aurreneko postua eskuratu zuen Ne-waza modalitatean. Hark azaldu duenez, hiru borrokaldi jokatu zituen, eta guztietan gailendu zen, "teknika desberdinak erabiliz" aurkariak mendean hartuz. 

Aurten, ez zuen Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko asmorik, Espainiako Txapelketarako txartela bazeukalako iaztik. Izan ere, 2021eko txapelketan urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituzten jiu-jitsulariek zuzeneko sarbidea dute 2022ko txapelketara, eta Terronek eskuratu zituen baharrezko dominak. Azkenean, ordea, Euskal Herriko sariketan parte hartzea erabaki zuen. 

Azpeitiko jiu-jitsulariak kontatu duenez, "gutxi prestatuta eta ziurgabetasunez" jokatu zuen Euskal Herriko Txapelketa, lesio bat tarteko ezin entrenatuta egon baitzen bi aste inguruz. "Entrenatzen egindako lesio baten ondorioz bi aste eta erdiz geldirik egon behar izan nuen. Borrokan hamar segundo ere ezin nituen egin minaren minaz. Txapelketa aurreko bi asteak aprobetxatu nituen errekuperatzeko nahiz indarrak biltzeko, eta, ondorioz, ziurgabetasunez eta beldur pixka batekin joan nintzen Errenteriara", azaldu du Terronek. Beldurrak beldur, Euskal Herriko Txapelketan emaitza borobilak eskuratu zituen Azpeitiko bizilagunak, eta "oso gustura" dagoela aitortu du: "Ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen; posible zen mugimendu baten ostean ezin mugituta eta arnasarik hartu ezinda gelditzea. Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta ondo moldatu nintzen. Nire helburua zen aurkariak ahalik eta azkarren menderatzea eta borrokaldiak ahalik eta bizkorren amaitzea, eta lortu nuen". 

Lesioak arrastoa utzi du, ordea, eta Azpeitiko jiu-jitsularia ohi baino segurtasun gutxiagorekin doa Espainiako Txapelketara. Dena den, asteburuan ohiko grin borrokalari eta lehiakorrarekin arituko dela azpimarratu du Terronek: "Mina sentitzen dut oraindik, eta ondorioz ezin izan dut txapelketarako nahi beste prestatu. Hala ere, emaitza onak eskuratzen saiatuko naiz". Espainiako Txapelketak bi egun iraungo dituen arren –hilaren 19an eta 20an jokatuko da–, larunbatean lehiatuko da Terron, Ne-waza modalitatean eta 85 kiloz azpikoen mailan.

Harrobia egiten

Zaila da Jonathan Terronek eskuratutako dominak zenbatzea, urte luzeko ibilbidean lorpen ugari eskuratu baititu txapelketa eta disziplina desberdinetan. Uneotan, txapelketetan lehiatzeaz gain, Azpeitian "jiu-jitsuaren harrobia" egiten ari dela kontatu du Terronek. Eta hala da.

Condor klubeko kidea duela bost urte inguru hasi zen jiu-jitsua irakasten Landetako lokal txiki batean. Urteak aurrera egin bezala, gero eta zale gehiago animatu da kirol hori egitera, eta gaur egun, lokal berria eta ikasle ugari ditu Terronek. Ikasle horietako asko txapelketetan murgilduta dabiltza, gainera. "Azken urteetan jende berri asko animatu da jiu-jitsua probatzera, eta oso pozik nago. Izan ere, pixkanaka oihartzuna hartzen ari den kirola da, eta kirol olinpiko gisa izendatuko dute laster. Ea gure harrobitik txapeldun handiak ateratzen diren", adierazi du, barrez. Klubeko kideak nahiz trebatzen ari diren ikasle gehienak, "oso lehiakorrak" direla aitortu du jiu-jitsulariak, eta hori emaitzetan islatzen dela dio: "Entrenatzera etortzen diren ikasleen %95ak lehiaketetan parte hartu nahi izaten du, eta horretan dabiltza asko. Ikasle gehienak lehiakorrak dira, baina horrek ez du esan nahi kirolaz gozatzen ez dutenik; lehiarako prestatzeko nahiz kirolaz gozatzeko aukera izaten da gurean". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide