Batzuen gerra besteen min

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 15a, 11:00

Irina Olshevska, Lena Khutko, Tania Khutko eta Polina Olshevska, Azpeitiko plazan. (Ihintza Elustondo)

Ukrainako familia batek Azpeitian hartu du aterpe, Etxeberria-Aranguren sendiaren laguntzari esker. Gerra amaitzea eta etxera itzultzea dute asmo bakarra.

Norbaiti "zer moduz?" galdetzen diozunean, "bizirik" erantzuten baldin badizu, gauza onik ez. "Gau batean, 04:00retan bonba hotsekin esnatu nintzen. Senarrak esaten zidan lasai egoteko, ez zela ezer gertatzen; erotuta nengoela, nire burutapenak baino ez zirela. Nik, ordea, ezin nion negarrari eutsi. Orduan, senarrak esan zidan gure Kieveko etxetik beste herri batera joan eta pixka bat lasaitzean itzuliko ginela. Leopolisera joan ginen, pijamatan, umea bufanda batekin estali eta besoetan hartuta. Pentsatzen genuen pare bat egun barru Kievera itzuliko ginela". Eta zer izaten diren usteak. Ez dira gehiago etxera itzuli; are gehiago, ez dakite haien Kieveko etxeak zutik jarraitzen duen ere. Azpeitian daude egun. Ihes egitea beste erremediorik ez dute izan bizirik jarraitzeko.

Irina Olshevskaren (Ukraina, 1991) testigantza da goiko hori. Haren ama Lena Khutko (Ukraina, 1971), ahizpa Tania Khutko (Ukraina, 1996) eta 3 urteko alaba Polina Olshevska (Ukraina, 2018) etorri dira Azpeitira, gerratik ihesi. Irina, gainera, 30 asteko haurdun dago; maiatzerako espero du umea. Gerraren alabak dira; gizonezkoak Ukrainan gelditu dira, borroka egitea betebeharra izanik, ihes egiteko aukerarik ez dutelako.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak eztanda egin zuenetik, milaka eta milaka herritarrek egin dute handik ihes. Horietako zenbaitek eskualdean bilatu dute babesa, eta Azpeitira iritsi den aurreneko familia da aipatutako ukrainarrena. Herri horrekin duten lotura, ordea, ez da gaur goizekoa. Tania hainbat urtez etorri izan da Azpeitira, Julian Arangurenen eta Arantxa Etxeberriaren etxera; zehazki, 2003tik 2018ra bitartean. Lehenik, Txernobyl elkartearen bidez ekarri zuten, baina programa hori amaitzean, oporretan familiaren etxera etortzen jarraitu zuen. Pandemiarekin batera, ordea, amaitu egin ziren egonaldi horiek. Irina ere etorri izan da Euskal Herrira, programa berarekin: 2000. urtean hasita, zazpi urtez etorri zen Zarauzko familia baten etxera.

Joan-etorri horiek amaitu ziren arren, Euskal Herriarekiko lotura mantendu egin dute urteotan, eta hain zuzen ere, horrek eman die orain Azpeitian aterpe. Gerra hotsek esnatuta Irina negarrez hasi zen gau hartan, familia osoak alde egin zuen etxetik, guztiak elkarrekin bizi baitziren Kieven –Tania eta gurasoak ere bai–. Une hartan, etorkizunak ekar zezakeenaz kezkatuta, telefonoa hartu eta mezu bat idatzi zion Taniak Arangureni: "Zerbait gertatzen bazen, Azpeitira etortzeko aukerarik izango al genukeen galdetu nion. Berehala erantzun zidan baietz". Halaxe iritsi dira Azpeitira, Aranguren-Etxeberria senar-emazteen laguntzari esker.

Julian Aranguren, Irina Olshevska, Lena Kuthko, Kizkitza Lasa, Tania Kuthko, Arantxa Etxeberria, eta behean, Polina Olshevska. (I. E.)

Bi aldiz, bizitzari agur

Euskal Herrira iritsi artekoak, dena den, ez dira nolanahiko bizipenak izan. Leopolisera joan zirenean, bi egun barru Kievera itzultzeko asmoa zuten, baina ikusi zuten bonbek erortzen jarraitzen zutela, eta beraz, Poloniako mugara joatea erabaki zuten. Irinaren senarrak eraman zituen hara, autoz. Hark han agurtu zituen Irina, Tania eta Polina, gerrara joatea tokatzen zitzaiolako.

Mugara iristean ez zekiten han zer aurkituko zuten. Zalantzarik gabe, huraxe izan zen bizi izan duten "esperientziarik gogorrena", Taniak gogoratu duenez: "Muga pasatzeko ahaleginean, bi aldiz agurtu nuen bizitza. Jende pila bat zegoen, denak ari ziren bultzaka, eta ezin genuen arnasa hartu. Irina zorabiatu egin zen. Pentsatzen nuen bertan itoko ginela. 12:00 aldera iritsi ginen mugara, eta 18:00 aldera lortu genuen hura igarotzea. Denbora hori guztia eman genuen bultzaka". Barrenak buelta emateko moduko detaile bat ere kontatu du: "Ezagutzen ez nituen umeak buru gainetik pasatzen aritu nintzen".

Estutasunak estutasun, halakoren batean, lortu zuten muga pasatzea, eta Poloniara iritsi ziren. "Polonian asko lagundu ziguten. Janaria eman ziguten, eta etxe batean hartu gintuzten". Ondoren, autobusez egin zuten bidaia; Alemaniara joan ziren lehenik, handik Parisera, eta gero Donostiara. Martxoaren 4an, ostiralez, abiatu ziren Poloniatik, 19:00etan, eta astelehenean, hilaren 7an, 23:40an, iritsi ziren Donostiara.

Hasiera batean, Azpeitian hartu dituen familiaren etxean gelditzea zen asmoa, baina azkenean, Erdikaleko etxebizitza batean igaroko dute egonaldia, espero ez zituzten laguntza batzuk jaso dituztelako. "Sekulako laguntza izan dugu denean. Bidea erraztu digute udalean eta leku guztietan", azaldu du Kizkitza Lasak, Arangurenen eta Etxeberriaren errainak. Hura ari zaie laguntzen kudeaketa kontuekin. Ukrainako familiak ere esker hitzak baino ez ditu denentzat, batez ere, Aranguren-Etxeberria sendiarentzat. "Babes handia sentitu dugu, eta izugarri eskertzen diegu gugatik egiten ari diren guztia".

Eta orain, Azpeitian direla, zer? Egonaldia oporraldi baten gisan hartzea aholkatu diete, nahiz eta lana aurkitzea nahi duten beraiek, "ezer egin gabe ez egoteko". Taniak euskara ikastea nahi du, Polina eskolara eramango dute... Azpeitian diren bitarterako zenbait plan badituzten arren, asmo bat eta bakarra dute. "Hau dena lehenbailehen bukatzea eta gure herrialdera itzultzea nahi dugu", esan du Irinak negarrari ezin eutsita.

Izan ere, familia guztia han utzita etorri dira, eta une oro dituzte haiek gogoan. Irinaren senarrarekin harremanetan daude, eta badakite ondo dagoela; gurasoekin dago, herrixka batean. Aitaren berririk ez dute, ordea, eta kezkatuta daude. Ivankiven dago hura, urik, argirik eta jatekorik gabe. Gainera, botikak behar ditu, tiroide arazoak dituelako. Familiako kide gehienek hartzen dute botika hori; Txernobylgo erradiazioa tarteko, ingurune horretan ohikoa baita tiroide arazoak izatea. "Aitak botikak behar ditu, eta ezin ditu lortu. Medikuek diote bi aste botika hori hartu gabe egoten bada, koma egoeran sartuko litzatekeela".

Kontatzeko dituzten tragediak ez dira berehala amaitzen. "Gure 20 urteko lehengusua gerran ari da borrokan, eta lagun guztiak ere bai. Nire eskolako lagun bat hil egin dute. Aitarekin zegoen, auto batean, eta tiro egin zioten", azaldu du Taniak.

Atzo hamar egun zeramatzaten aitaren berririk gabe. Osaba-izebak eta lehengusuak nola dauden ere ez dakite. Ivankiveko ondasun guztiak saldu eta bizitza hobea izateko esperantzan Kieven erosi zuten etxearen arrastorik ere ez. 30 asteko umea sabelean, eta senarra ezin ikusi. Eta hala ere, segi egin behar.

Horixe da batzuen eta besteen interesen ondorioz batere errurik ez dutenak sufritzen ari direna. Horixe Ukrainako gerrak Azpeitira ekarri duen errealitatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide