Erditu dute sarea

Julene Frantzesena 2022ko api. 4a, 17:00

'Erditu ondoren, zer?' egitasmoan parte hartu duten emakumeak, Emakumeen Txokoaren atarian. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Plax! sexu aholkularitza zerbitzuak gidatutako Erditu ondoren, zer? egitasmoak batu ditu ama izan berri diren bederatzi emakume. Beren bizipenetatik abiatuta, haurdunaldiak, erditzeak nahiz haren ondorenak utzitako aldartea aztertu eta landu dute; barrura begira jarri dira, bizitakoa kanpora ateratzeko. Luze hitz egin dute gauzatu duten bideaz 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian.

Norbere gudu zelaia zabaltzeko beharraz jabetuta, ama izan berri diren bederatzi emakumek barrenak askatzeko eta errealitate berrian kokatzeko lanketa partekatua egin dute. Hain zuzen ere, Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak abenduan jarri zuen martxan Erditu ondoren, zer? izeneko egitasmoa. Bederatzi emakume, bederatzi bidelagun elkartu dira saioetan, eta bidearen bukaera izan daitekeenera iristear diren honetan, hilabeteotan egindako bideaz gogoeta egin dute Ane Espillak (Etxebarria, Bizkaia, 1981), Oihane Etxanizek (Azpeitia, 1987) eta Haizea Egigurenek (Azpeitia, 1984).

Nahita edo nahi gabe, baina errealitatearen alde bakar bat erakusteko joera ohikoa da. Askotariko gaien bueltan ikus daiteke hori, baita amatasunari lotuta ere. Izan ere, erditu ostean, ama izatearen alde politez baino ez da hitz egiten, oro har, eta sarri ezkutatu egiten da beste aldea, hain polita ez den aldea. Hain zuzen ere, erditu osteko bizipenez hitz egiteko beharra sumatuta joan ziren hirurak Emakumeen Txokoko saioetara. Eta luze errepasatu dute duda handirik egin gabe hasi zuten bideak eman diena. Izan ere, "izugarria" izan da bizi izan dutena.

"Bakoitza beretik ari ginen erditze ondorena bizitzen, baina egoteko beharra genuela sumatzen genuen", azaldu du Egigurenek. Haren arabera, halako dinamika bat martxan jartzeko "izugarrizko beharra" zegoen. "Lehen saioan, hitz egitea baimendu zenean, tripetatik atera zen han esandako guztia. Oilo ipurdia jartzen zait gogoratze hutsarekin; oso indartsua izan zen". Hark esan duenez, ama rol "etengabean" sartuta egoteak, bizitzaren beste esparru askotan mundu gerra bat bizitzen ari bailiran sentitu dute ama izatea. "Mundu gerra batean zer egiten da? Dagoenari heldu eta biziraun. Hori, baina, hasieran egiten duzu, gero berregituratu egin behar dituzu kolokan jarritako arlo guztiak: harremanak, lana, lagunak, sexualitatea...".

Lehen saioak barruak husteko baliatu bazituzten ere, hainbat lanketa egin dituzte hurrengoetan. Dauden tokitik nora iritsi nahi duten landu dute bidean. "Guretzako tokia izan da, eta saiatu gara umeei buruz ez hitz egiten. 'Nola gaude?', 'zer behar dugu?', galderei erantzuten saiatu gara", azaldu du Espillak. Sortu duten taldea "eraikitzeko lekua" izan dela dio Etxanizek: "Beharrei maila kolektiboan erantzun nahi izan diegu, eta lan politikoa ere egin dugu; izan ere, tabua den gai bat jorratu dugu".

Eroso sentitzea

Haurdun geratutako unetik "mila gauza" sentitzen hasten da emakumea Espillaren esanetan. "Horri ahotsa ematea, pertsona batzuen aurrean aske eta epaitu gabe sentitzea, esango duzun hori ondo hartuko dutela jakitea eta zure inguruan daudenek antzeko gauzak sentitu dituztela ikustea izugarria da".

"Bakardadeari izaera kolektiboa ematea ikaragarria izan da", Espillaren ustez. Etxanizek ere ildo beretik hitz egin du: "Denok bizi duguna antzekoa da, eta ez dago egoera horren aurrean isilik egon beharrik, nahiz eta askotan hala egiten dugun. Gertatzen zitzaidana partekatzeko beharra sentitzen nuen nik; izan ere, isilik geratuta ez diogu egiten mesederik ez elkarri, ez sistemari eta ez gizarteari". Hark uste du "hautsi" egin behar dela amatasunaz ez hitz egiteko dagoen joera.

Dena den, hirurek argi dute amatasunak batzuei eta besteei ez diela modu berean eragiten, eta eragin dienen artean kokatzen dute beren burua. Garbi du Etxanizek: "Oraindik ere entzun egiten da: 'Zer uste zenuen ba, zer zela ama izatea?'. Eta gaur egun hori entzutea gogorra egiten zait. Ama izatea badakigu zer den, baina beste gauza bat da norbere azalean bizitzea eta bizimodua hankaz gora jarri zaizula ikustea". Hain gordin, hain barrutik.

Taldea eraikitzen hasi orduko "eroso" sentitzeko zer behar zuten idatziz jaso zuten parte-hartzaileek. Hala azaldu du Espillak. "Epaitua ez sentitzea, konfidentzialtasuna, askatasuna, goxotasuna... Muga horiek jarrita eroso sentitu gara, eta oinarri horietatik abiatuta egin dugu lanketa". Egigurenen arabera, "magia" sortu da taldean, bakoitzak erakutsitako konpromisoari eta ardurari esker. Taldeko kideak "errealitatea islatzen ari zirenez, elkarren erreferente" izan direla azaldu du Espillak. "Saltzen diguten hori ez da errealitatea. Norberak bizi duena da errealitatea, baina jendeak ez du errealitate horretatik askatzeko aukerarik".

Egigurenek azaldu duenez, ama erreferenteak falta dira, ama izatea boteretik aldarrikatzen duten emakumeak. "Baina aldarrikatzen duen ama eredu hori ez da zurruna, itxia eta infantila, merkatuak nahi duen bezalakoa". Haurdunaldiak eta amatasunak "kolore asko" dituela eta denak direla "zilegi" aldarrikatu du Espillak. "Horrek ez du esan nahi umea gehiago edo gutxiago maite duzunik. Kontua ez da hori; kontua da gu zenbat aldatu garen jabetzea, barrura begira jartzea, eta horrek ez du umearekiko maitasunarekin zerikusirik".

Autoexijentzia ere bai

Epaitua izatean jarri du arreta Etxanizek, hark dioenez, barrukoa kanpora epairik gabe atera behar litzatekeelako. "Epaiekin amaitu egin behar da. Izan ere, zenbat aldiz entzuten dugu 'umea ez ezazu gehiegi hartu besoetan, gaizki ohituko duzu eta' edo 'ez iezaiozu hainbeste titi eman...'? Ama izan zara, hankaz gora zaude fisikoki nahiz emozionalki, eta auskalo nola hormonalki, eta halakoak entzuten dituzu etengabe. Horrek sua pizteko baino ez du balio".

Epaien kontua exijentziarekin lotu du Egigurenek. Izan ere, haren ustez, elkarrekin doaz bata eta bestea. "Ama onaren figura exijentziarekin dago lotuta. Haurrak ondo jantzita egon behar du, mukirik gabe, hotzik ez du pasatu behar, eta zuk titiak bere lekuan eduki behar dituzu, lorik egin gabe lanera joan behar duzu, nolabait haurra jaio aurretik egiten zenuena egiten jarraitu behar duzu; baina ezinezkoa da. Dena oso exijentea da, eta berdin dio: egiten duzuna egiten duzula, beti entzungo duzu zerbait". Autoexijentziaz jabetzeak ere lagun dezake urratsak egiten. "Zenbat aldiz pentsatzen dugu: 'Zergatik daude besteak horrela eta ni ez?'", galdetu du Etxanizek.

Horregatik, Egigurenek uste du norbera birkokatzea dela gakoa; alegia, exijentziak harrapatuta egotea edo horretaz jabetzea eta horri aurre egitea. "Exijentzia leundu dezakegu, eta horretarako urratsak egin. Adibidez, 'nik zer behar dut?', galdetu behar diogu gure buruari. Eta horretarako zer egin dezaket? Zu birkokatzen hasten bazara, besteek ere hala egin beharko dute, eta horrela norbanakotik kolektiborako jauzia egiten dugu". Horrekin bat egin du Espillak. "Zenbat jende dugun inguruan, eta zeinen bakarrik sentitzen garen askotan; jendez inguratuta egon eta bakarrik sentitu".

Emakumea eta ama

Ama ez ezik, emakume ere badira Espilla, Etxaniz eta Egiguren, eta hain zuzen ere, horretan jarri dute arreta. Izan ere, Emakumeen Txokoan gauzatu duten tailerrean horixe aldarrikatu dute. "Ez dugu landu umeari titia nola eman edo fardelak nola aldatu. Gugan zentratu gara, ama izan den emakume horretan", azaldu du Espillak. Horrekin lotuta, zaintzan jarri du azpimarra Egigurenek. "Zaintzaileak baldin bagara, guk ere zainduak izan behar dugu. Ispilu moduko zerbait da, beraz: zaintzeko, zaindu egin behar dut. Eta hori kolektibizatu egin behar genuke, ahizpatasunak beste indar bat duelako, horretan ere".

Amatasuna idealizatuta dagoela uste dute hiru emakumeek, eta ideia hori deseraiki eta ideia horri ahotsa jartzeko balio izan die tailerrak. Ideia horri tiraka, harago joan da Egiguren. "Ama izatea nahi izateari buruz ez da hitz egiten. Baina nola bizi dugu aludunok hori? Izugarrizko pisua eta presioa da. Gauza horiek planteatzen al ditugu? Gizarteak nolako emakumeak nahi gaitu adin batetik aurrera? Nolako amak? Dena lotuta dago: ama onaren eredua merkatuaren logikan dago eraikita; sistemari amak bakartuta eta isilduta egotea komeni zaio. Gure esku dago horretaz hitz egitea, hausnartzea eta erabakitzea, baita komunitatean gure ahotsa entzunaraztea ere".

Gaia kolektibizatzea, gaiari tokia egitea, "zirrikitua egitea" beharrezkoa dela uste du Egigurenek. "Dagoen horri zirrikitua egiten ari gara, pitzadura bat". Espillak dioenez, tailerra gauzatu izan ez balute ere, "biziraungo" zuketen, "dudarik gabe", baina gaia kolektibizatzeak eman dienarentzat ez du hitzik bizkaitarrak. "Orain heldu garen puntura ez ginatekeen iritsiko, ez bagenu profesionalen batengana jo izan behintzat".

"Indarra" eman die egindako bideak. "Ilusioa, desberdin ez sentitzea, bat gehiago naizela sinestea... eragin dit tailerrak. Saioak hasi aurretik ez nintzen gai gertatzen zitzaidanari izena jartzeko, ez nekien zer zen gertatzen zitzaidana, baina bat gehiago naizela jabetu naiz", adierazi du Espillak. Hala uste du Etxanizek ere: "Normalizazio prozesua izan da, gauzak aldatzeko beharra sumatzen nuelako".

Gai tabuak

Amatasuna gai tabua da, baita harekin lotura duten beste batzuk ere, hala nola sexualitatea. Eta hain justu, Plax!-ek gidatutako saioak izanik, sexualitateak ere hartu du bere lekua. Egigurenek azaldu duenez, ama izan ostean eraikitako sexualitatea edo horren barruko erotismoa birproposatzen saiatu dira. "Ama izan aurretik gauza batek berotzen ninduen agian, eta orain beste batek. Zergatik? Beharrak aldatu egin direlako, egoera ere bai, baita bizimodua eta erdigunea ere. Hori dela eta, berrantolatu egin behar da guztia, eta horretarako tratu onetan oinarritzea da gakoa".

Etxanizek ere bat egin du Egigurenekin, ama izan ostean erotismoa eta sexualitatea landu egin behar direla uste duelako. "Ama eta aita izan ondoren, lorik egin gabe bazaudete, ia jan gabe, nekatuta, erreta... nola sentituko duzue, bada, lehengo gauza bera?". Egigurenen aburuz, "berregokitzea" da gakoa. Izan ere, "kulpa" agertzen da halakoetan. "Kulpa komuneko zulotik bota behar da, ez digu ezertarako balio".

Horrekin lotuta, ama izan aurreko bizitzarekiko dolua aipatu du Egigurenek. "Bakoitzak bere moduan bizi du, baina gerra bat da, bai ala bai, eta halako egoeretatik inor ez da ateratzen zipriztindu gabe". Gerra horren iraupena izan du hizpide Espillak. "Baten gerrak iraun dezake hiru hilabete, beste batenak hamalau eta beste batenak hogei. Baina ama izan zara eta hori betirako da, eta gerra hori pasatzean jabetuko zara, agian, lehen orain baino zoriontsuago zinela. Eta zergatik ez? Horrek ez du ezer esan nahi, ez du esan nahi umea ez duzunik zainduko; horrek ez dauka umearekin zerikusirik, gurekin baizik. Lehen genuen bizimoduarekin eta poztasunarekin eta orain sentitzen dugun kezkarekin, motxilarekin edo ardurarekin du lotura". Gai hori gizartera eraman behar dela uste du Egigurenek. "Horrela bizi dugu, kaxa batean sartzen gaituztelako. Baina gerra hori izan izango denez, saiatu behar dugu zirrikituak bilatzen eta ahalik eta arinen pasatzen. Gure zaintzan dago gakoa, eta patxada, umorea eta arintasuna bidelagun onak dira".

Espillak argi du: "Emakume handi, eder eta boteretsu izateko ilusioa pizteko balio izan dit tailerrak. Erlatibizatzeko ere bai, buruarekin ahazteko eta praktikan gorputzarekin konektatzeko, exijentziak jaitsita eta elkar goxatuta". Aitortza izan dela azaldu du Egigurenek. "Egiten ari zaren lanari aitortza ere izan da; izan ere, ama izan eta ideiarik ez duzula sentitzen duzu hasieran. Eta norbaitek ondo ari zarela esatea... Ahalik eta ondoen egiten ari zarenean hori entzutea izugarria da". Etxanizek, berriz, Egigurenek hari esana ekarri du gogora. "Hasiera hartan, hala moduz nengoenean, hala esaten zidan beti: 'Egiten duzuna egiten duzula, ondo dago'. Eta hori beste ama batengandik entzutea sekulakoa da".

Ama izan diren edo izango diren emakumeei ere zuzendu dira hirurak. "Sentitzen dutena sentitzen dutela, izan ezberdin edo arraro, ama txar ez sentitzeko esan nahi genieke, gauza batek ez baitu bestearekin zerikusirik. Sentimendu horiek guztiak azaleratu eta loratu egin behar ditugu, eta horretarako bidea izan daiteke barruan duguna norbaitekin, inguruarekin elkarbanatzea. Hau guztia normalizatu egin behar dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide