Ekindarren bazkideak diruz laguntzeko lerroa onartu du udalak

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 18a, 17:10

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburua. (Ihintza Elustondo)

Ekindar energia kooperatiban bazkide egiten direnak diruz lagunduko ditu Azpeitiko Udalak. Laguntza orokorra 500 eurokoa izango da, eta egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrek 1.000 eurora arte jaso ahal izango dituzte. Ekainaren 17ra bitartean egin beharko dira eskaerak. 

Ekindar energia kooperatibaren abiapuntu batzarra egin zuten asteazkenean Azpeitian, eta gaur, bazkide egiten direnei bideratutako laguntzen inguruko xehetasun gehiago eman ditu Azpeitiko Udalak. Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburuak egin dute agerraldia.

Udalak emango dituen dirulaguntzen bidez, proiektua bultzatzea eta herritar gehiagorengana iristea lortu nahi dute. 2022ko aurrekontuetan, 250.000 euroko partida jarri du udalak Ekindarren bazkideak diruz laguntzeko, eta horrez gain, kooperatibarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea ere aurreikusten du erakundeak. Dirulaguntza lerroa aste honetan bertan onartu dute Ingurumen Batzordean, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bideratuko da orain, han argitaratzean deialdia abiatzeko.

Ekindarren bazkide egiten diren herritar guztiek eska dezakete dirulaguntza. Laguntza orokorra 500 eurokoa izango da; hori bai, bazkidetzarako eginiko ekarpenaren %50 izango da gehienezko laguntza. Hala ere, egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrek 1.000 eurora arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute, betiere Ekindarrera egindako ekarpenaren %75 izanik gehienezko kopurua.

Norbanakoez gain, autonomoek, merkatari txikiek edo bestelako izaera duten elkarteek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik –datorren astean argitaratzea aurreikusten dute– ekainaren 17ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak. Bazkide egiten direnei laguntza tramitatzeko azalpenak emango zaizkie udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan zein astelehenean irekiko duten Ekindarren bulegoan.

Azpeitia "jasangarriago" baten alde

Laguntza lerroarekin, energiaren arloan "alternatiba jasangarrien alde" egitera animatu nahi ditu udalak herritarrak. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, energiaren gaia "gero eta zeresan handiagoa" ematen ari da egunerokoan, batez ere, haren prezioa. "Energia ezinbesteko lehengaia da gure bizitzetan, eta Ekindarren bidez, energiaren arloan herritarrak ahalduntzea eta sentsibilizatzea lortu nahi dugu. Baina, horrez gain, gaurtik erantzun behar zaion trantsizio ekologikoaren eta energetikoaren alde pauso bat eman nahi dugu". Bide horretan, esan du Azpeitiko Udalak "konpromiso osoa" duela "trantsizio energetikoa bultzatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko baliabideak jartzeko". Ekindar kooperatibaren bidez egingo den bidea, gainera, publikoa, komunitarioa eta irabazi asmorik gabekoa izango dela gaineratu du.

Udala duela bi urte Krean kooperatibarekin batera lantzen hasitako proiektua da Ekindar, eta Alkortaren arabera, denborak erakutsi du "beharrezko apustua" dela. "Proiektua interes orokorrekoa da, eta azpeitiarren onurarako izango da".

Erlazionatuak

Ekindarren abiapuntu batzarra, bideoan

Ihintza Elustondo 2022 mar 18 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide