Pasaiako segadan hil ziren lau kideak gogoan izan dituzte Kontseilu Sozialistaren ekitaldian

Andoni Elduaien 2022ko mar. 19a, 14:39

Kontseilu Sozialistak Pasaiako segadan hildako kideak omendu ditu eguerdian Esklabetan. Adierazpen politikoa egin dute lehenik, eta musikak nahiz bertsoek lagunduta, zuhaitz bat ere landatu dute. Ekitaldiaren amaieran, gainera, Joseba Merino Pasaiako segadako bosgarren kideak hitz egin du.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak langile mugimendua omentzeko ekitaldi politikoa egin du gaur, larunbata, Esklabetan. 1984ko martxoaren 22an hil zituen Espainiako poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro azpeitiarrak nahiz Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak Pasaiako (Gipuzkoa) badian. Haiek omentzeko egin dute ekitaldia eguerdian Esklabetan.

Bertso batek ireki du ekitaldia, eta segidan, duela 38 urteko gertakari hura oroitu nahi izan dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Estatu kapitalistak militante politiko iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren kasu paradigmatikoa dugu. Horregatik, gaur gogora ekarri nahi ditugu askatasunaren aldeko borrokan bizitza eman duten iraultzaile guztiak, bereziki, beraien konpromiso militantea eta borrokaren zilegitasuna", adierazi dute.

Etorkizuna eraikitzeko, iraganaren irakaspenak eta oroimena gogoan izango dituztela adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta mugimendu autonomoak prozesu iraultzaileari egindako ekarpenak nabarmendu dituzte. "Proletargoaren emantzipazioa lortzeko, independentzia politikoaren beharrezkotasuna azpimarratu eta praktikara eraman zuten, hau da, langileriaren autoantolakuntza. Egiturazko zapalkuntzan zein esplotazioan oinarritzen den sistema klasista honen aurka egitea eta askatasunaren alde borrokatzea zilegi izan zen eta zilegi da; beharrezkoa zen eta beharrezkoa da. Aurreko tradizio emantzipatzailearen lekukoa etikoki hartu, praktika politikoa egungo testuinguruaren ezaugarrietara egokitu eta askatasunari guztia eman zioten horiek gogora ekartzea dagokigu. Komuniston eginbehar etikoa eta politikoa da klase zapalkuntzarekin amaitzeko borrokan bizitza eman zuten militante iraultzaileak omentzea. Haien izenak eta borrokan langileriaren oroimen kolektiboan bizirik mantendu daitezen, iraultzak soilik egingo die benetako justizia". 

Kontseilu Sozialistako kideen adierazpenen ondoren, Izarren hautsa abestia kantatu dute, eta bien bitartean, zuhaitz bat landatu dute Joseba Merinok eta Rosa Jimenok. Hain zuzen ere, Merino eta Jimeno dira Pasaiako segadako beste bi protagonista nagusiak. Merino segadan atxilotu zuten, baina hura hil zituzten beste kideengandik banandu egin zuten. Jimeno, ostera, atxilotu egin zuten segada egin baino egun batzuk lehenago. Komando Autonomo Antikapitalistetako bost militanteekin Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) badian hitzordua jar zezaten behartu zuten poliziek.

Ekitaldiaren amaieran Merinok hartu du hitza, eta hark "krimenen arduradunak inpunitate osoz" bizi direla adierazi du. "Klase politiko guztiak egunero hitzean eta hortzean erabiltzen ditu giza eskubideak, berdintasuna, justizia eta antzerako hitzak. Erakundeak eta politikariak arduradunak izateaz gain, gertatzen diren krimenen nahiz delituen erantzuleak ere badira. Politikako parte hartzearekin guztia legitimatzeko egiten duten ahaleginak konplize bihurtzen ditu".

Pasaiako segadako kideak "kalumniatu" eta haien "izena zikindu" egin zutela adierazi du Merinok, eta orain, politikariek izen horiek interes politikoetarako erabiltzeko "eragozpenik ez" dutela gehitu du. "Guk ez dugu amnesiarik jasan eta oso presente dugu nor den nor. Garai berriak direla diote, beraien iraganari uko eginez eta borrokarako bide berriak behar direla esanez. Beste aurpegi batekin, baina errepresioak bizirik dirau; bestela, galde diezaietela Altsasuko gazteei. Beldurra sartu diete politikoki zuzena den horrekin bat ez dagoen pertsona orori. Borroka egiteko kontzientzia oro xurgatu du sistemak". Merinoren hitzen ondoren, luntxarekin amaitu dute ekitaldia Esklabetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide