Zabalik da Ekindarren bulegoa, baita kooperatibako bazkidetza kanpaina ere

Julene Frantzesena 2022ko mar. 21a, 11:24

Azpeitiko Udaleko, Krean kooperatibako eta Euskal Energiaren Erakundeko ordezkariak gaur bulegoaren atarian. (Julene Frantzesena)

Gaur zabaldu dute bulegoa Goiko kaleko 2. zenbakian, eta datozen hilabeteetan, astelehenetik ostiralera izango da irekita, goizez nahiz arratsaldez. Irekieran izan dira Azpeitiko Udaleko nahiz Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariak, eta ordurako hainbat herritar ziren bulegoan eta haren atarian, bazkidetza gauzatzen eta informazioa eskatzen.

Gaur, astelehenarekin, zabaldu dute Ekindarren bulegoa Goiko kaleko 2. zenbakian, eta dagoeneko hasi dira herritarrak kooperatibako bazkide egiteko izapideak gauzatzen. Herritar ugari joan dira bulegora goizean zehar, eta han izan dira, bestalde, Nagore Alkorta alkatea, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua Udal Gobernuko zinegotziak, Amaia Etxeberria eta Ander Ugarte EAJko hautetsiak, Hodei Arzak Krean kooperatibako kidea nahiz Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria ere.

Ekindar kooperatibaren lehen proiektua eguzki plakena izango da. Hain zuzen ere, Urrestillako hektarea bateko lursail batean kokatuko dituzte horiek, eta haien bidez, 1,256 MWp sortuko dituzte. Gainera, plakez gain, eremu horretan bertan erletegia eta haztegia ere kokatuko dituzte. Ekindar kooperatibak, baina, proiektu hori martxan jartzeaz gain, beste egiteko batzuk ere izango ditu; besteak beste, gaiaren sentsibilizazioan, energiaren demokratizazioan eta trantsizio energetikoan eragitea du xede. Joan zen asteko batzarrean eman zituzten proiektuaren gaineko xehetasun guztiak Krean kooperatibako kideek nahiz udal ordezkariek.

Hainbat herritar gaur goizean Ekindarren bulegoaren atarian.

Goiko kalean zabaldu duten bulegoa astegunetan egongo da irekita, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Herritarrek han egin ahal izango dituzte Ekindar proiektura batzeko urratsak, eta informazioa eskatzeko nahiz zalantzak argitzeko aukera ere izango dute.

Gaurkoan "pauso garrantzitsua" eman dutela azaldu du Azpeitiko alkateak, eta esker hitzak izan ditu proiektuan bidelagun izan dituzten erakundeentzat, hala nola Energiaren Euskal Erakundearentzat eta proiektua gauzatzen ari den Krean kooperatibarentzat, baita proiektuarekiko interesa agertu duten azpeitiarrentzat ere. Haren arabera, proiektuak "izugarri harrera ona" izan du hasieratik, eta aurreko astean egindako batzarrean 500 bat lagun elkartu izana horren erakusle dela azaldu zuen. "Interesa sortu du proiektuak, eta izugarria da herritarrek proiektuari adierazitako babesa". Alkortak esan duenez, Ekindarren bidez Azpeitia "jasangarriagoa" eraikiko dute. "Energiaren arloan ahaldundu egingo gara herritarrok, energiaren demokratizazioan eragingo dugu eta trantsizio energetikorako pausoak emanez klima aldaketari aurre egiteko baliabideak jarriko ditugu".

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak azaldu duenez, "berri ona" da Ekindar proiektuak halako "harrera ona" izatea herritarren aldetik. "Proiektu honen bereizgarri handiena herritarrek parte hartzeko aukera izango dutela da; hau da, energiaren sortzaileak beraiek izango dira eta sortutako energia herritarrek kontsumituko dute". Azpeitikoa da Ekiolaren lehen esperientzia, eta hark esan duenez, "oso esanguratsua eta ona" ari da izaten. Era berean, eskerrak eman dizkio hark Azpeitiko Udalari, "lan oso ona" egiten ari delako. Gainera, herritarrak animatu ditu proiektu "erakargarri" horretan parte hartzera.

Herritar bat bazkidetza gauzatzen Ekindarren bulegoan.

Bazkidetza fasea hasita

Ehunka herritarrek egin dute dagoeneko aurreinskripzioa eta horiek dagoeneko bazkidetza gauzatzeko aukera dute. Izan ere, aurrez izena eman duten herritarrek izango dute kooperatibako kide egiteko lehentasuna. Proiektua garatzeko egin dituzten estimazioen arabera, 462 kontsumitzaile inguruk izango dute kooperatibako bazkide egiteko aukera. Azpeitian erroldatuta dauden herritar guztiak egin daitezke bazkide, baita norbere konturako langileak, enpresa txikiak edo elkarteak ere, egoitza soziala edo lantokia Azpeitian kokatuta baldin badute. Hori bai, bazkide bakoitzaren gehienezko urteko kontsumoak ezingo ditu 12.000 kW gainditu.

Bazkidetza kanpaina maiatzean bukatuko dute, eta ekaina baliatuko dute bazkideen zerrenda errepasatzeko nahiz erreserban gelditzen diren herritarrei erantzuna emateko. Ondoren, ekainean edo uztailean, egingo dute Ekindarren batzar nagusia, eta han, besteak beste, Errektore Kontseilua aukeratu beharko dute, kooperatiba bidea egiten has dadin. Hurrengo hilabeteetan proiektu berrien inguruko lanketari ere ekingo dio kooperatibak, eta Ekindarrek sortutako energia herritarren etxeetara abenduan iristea espero dute proiektuaren sustatzaileek.

Erakundeetako ordezkariak bulegoan.

Dirulaguntzak martxan

Azpeitiko Udalak dirulaguntza lerro bat jarri du Ekindar proiektua bultzatzeko eta herritar gehiagorengana iristeko. Hain zuzen ere, 2022ko aurrekontuetan, 250.000 euroko partida jarri du udalak Ekindarren bazkideak diruz laguntzeko, eta horrez gain, kooperatibarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea ere aurreikusten du erakundeak. Horrenbestez, kooperatibako bazkide egiten diren herritar guztiek dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute.

Laguntza orokorra 500 eurokoa izango da; hori bai, bazkidetzarako eginiko ekarpenaren %50 izango da gehienezko laguntza. Hala ere, egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrek 1.000 eurora arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute, betiere Ekindarrera egindako ekarpenaren %75 izanik gehienezko kopurua.

Norbanakoez gain, autonomoek, merkatari txikiek edo bestelako izaera duten elkarteek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik –egunotan argitaratzea aurreikusten dute– ekainaren 17ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak. Bazkide egiten direnei laguntza izapidetzeko azalpenak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan zein Ekindarren bulegoan emango dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide