Finalean aritzeko gogoz

Nerea Uranga 2022ko mar. 24a, 11:29

Errezilen jokatu zuten aurtengo Erniarraitz sariketaren lehen saioa. Argazkian, Txaber Altube, saio hartako irabazlea. (Erniarraitz)

Bihar jokatuko da Erniarraitz sariketaren XI. edizioaren finala Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan hasita. Sei bertsolarik kantatuko dute; kanporaketak irabazita edota lortutako puntuazioari esker lortu dute txartela. Finalaren atarian dituzten sentipenak azaldu dituzte sei finalistek.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatzen duen Erniarraitz bertso sariketaren XI. edizioa iritsi da azken txanpara. Bihar, ostirala, jokatuko da bertso txapelketaren finala, 22:00etan hasita, Azpeitiko Gaztetxean. Finalerako sarrerak bihar bertan salduko dituzte Gaztetxeko sarreran, bost eurotan. Atea 21:30ean irekiko dute.

Martxoaren 6an hasi zen sariketan hemezortzi bertsolari aritu dira bertsotan nor baino nor, eta hiru kanporaketa jokatu ondoren, erabaki dira biharko finalean kantatuko duten sei bertsolariak nortzuk izango diren. Txaber Altubek, Oihana Aranak eta Oier Etxeberriak kanporaketa saioa irabazita lortu dute finalerako txartela. Urko Arregik, Irati Alcantarillak eta Unai Mendiburuk, berriz, kanporaketako saioetan bildutako puntuei esker. Azpeitiko Gaztetxeko finalean kantatzeko “gogoz” daudela azaldu dute seiek.

Aurtengo Erniarraitz sariketako lehen kanporaketa, hilaren 6an, Errezilgo Borondegi aretoan izan zen. Saio horretan, kantuan aritu ziren sei bertsolariak Urko Arregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Txaber Altube, Unai Mendiburu eta Iker Letamendia izan ziren. Dozenaka bertsozale bertaratu ziren saiora, eta Altube nagusitu zen. Era horretan, zuzenean finalean bertsotan jarduteko txartela lortu zuen.

Zestoako Kultur Etxean izan zen sariketako bigarren kanporaketa martxoaren 13an, eta honako bertsolariek parte hartu zuten orduko saioan: Aimar Sorazu, Aitor Tatiegi, Oihana Arana, Naia Arrizabalaga, Imanol Albizu eta Garazi Navarro. Arana koska bat gorago aritu zen saioan, eta nagusituta, biharko finalean kantatzeko aukera eskuratu zuen eskoriatzarrak.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, joan den igandean jokatu zuten Azkoitiko Kultur Etxean. Saio horretan bertsotan Maider Garmendia, Bittor Altube, Julene Iturbe, Paule Loizaga, Aner Euzkitze eta Oier Etxeberria aritu ziren. Azken horrek batu zituen puntu gehien, eta, horrenbestez, azpeitiarrak bihar etxean bertsotan jarduteko aukera izango du.

Finalisten sentipenak, finalaren atarian

Irati Alcantarilla (Urruña, Lapurdi, 2001): "Nire maila onenetik gertu egoten saiatu nahi dut finaleko saioan"

"Bertso sariketa bakoitza nire progresioari begirako aukera bat bezela hartzen dudalako animatu nintzen Erniarraitz sariketan parte hartzera. Biharko finalera asmo zehatzik gabe joango naiz, gozatzera eta bertso eskolan landutakoak oholtzara eramaten saiatzera joango naiz. Behin hori lortuta, txapelketa bat den neurrian, nire maila onenetik gertu egoten saiatu nahi dut, horrek emaitzak ekarri ahal dizkidalakoan; baina finala izan arren, beste saio guztiak hartzen ditudan freskura eta intentsitate berarekin hartzera noa. Noski, gogo asko daukat oholtzara igo eta gustatzen zaidana egiteko".

Irati Alcantarilla.

Txaber Altube (Abadiño, Bizkaia, 1998): "Lortu nahi dudan bertsokera horren bila entseatzeko noa finalera"

"Azken hilabeteotan bigarren plano batean izan dut bertsoa, baina Erniarraitz sariketan parte hartzeko deia jasotakoan, ez nuen zalantzarik egin. Erniarraitz bezalako plazak plazer hutsa dira zirkuitu gorenetan ez gabiltzan bertsolariontzat. Uste dut bertsoa, arte diziplina oro bezala, birpentsatu beharra dugula, gizartearen aldaketa-indar bilakatu. Finalean horrekiko koherente izan nahi dut. Badakit gau batean gauzaezina den helburua dela, baina ez zait Azpeitiko Gaztetxea baino leku egokiagorik bururatzen lortu nahi dudan bertsokera horren bila entseatzeko".

Txaber Altube.

Urko Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1999): "Beti entzun izan dut plaza ezin hobea dela Erniarraitzeko finalekoa"

“Bertsotan hasi nintzenetik ez ditut plaza asko egin, eta horretarako aukera eskaintzen didatenetan kanturako prest agertzen naiz, eta Erniarraitz sariketan parte hartzeko gonbidapenari baiezkoa eman nion. Biharko finalera saio txukun bat egitera joango naiz; izan ere, irabazteko asmoz joaten naizen guztietan, irabaztean pentsatzen hasi eta bertsoak pentsatzea ahanzten baitzait. Beti entzun izan dut plaza ezin hobea dela Erniarraitzeko finalekoa, eta Azpeitiko giroagatik azken aldian entzuten dudana ere gustatzen zait. Beraz, Azpeitiko Gaztetxean kantatzeko oso gogotsu nago”.

Urko Arregi.

Oier Etxeberria (Azpeitia, 1997): "Biharko plazan giro ona sortzea oso ona litzateke kanturako ere"

“Erniarraitzek bere sariketan ‘etxekoei’ kantatzeko aukera ematen die, eta hori da aurreko edizioetan nik parte hartu izanaren arrazoia. Biharko Azpeitiko Gaztetxeko finalean garai batean beste jende biltzea eta plazan giro ona sortzea oso garrantzitsua litzateke, bai kantuan aritzeko, bai eta Erbiarraitz sariketa bezalako saioen aldarrikapen gisa ere. Finalerako pertsonalki jarri dudan helburu nagusia lanak estropezurik gabe egitea izango da. Ariketek bertigo apur bat ematen dute; beraz, denak hasi eta buka zuzen osatuz gero, ez da gutxi”.

Oier Etxeberria.

Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001): "Aurreikusten dut biharkoa bertsotarako plaza ederra izango dela"

“Erniarraitz sariketa aurretik ezagutzen nuen, eta sariketak interesgarriak iruditzen zaizkit bestela topatzen ez ditudan testuinguruetan abesteko eta neure buruari erronkak jartzeko. Horregatik animatu nintzen Erniarraitz sariketan parte hartzera. Gogotsu nago biharko finaleko saiorako. Azpeitiko Gaztetxean sekula egon gabea naiz, baina aurreikusten dut bertsotarako plaza ederra izango dela. Finaleko saiorako ditudan asmoak, berriz, betikoak dira: ahal den ondoen kantatzea eta saioaren ondoren pozik egotea”.

Oihana Arana.

Unai Mendiburu (Getxo, Bizkaia, 1998): "Biharko finalera gozatzeko helburuarekin joango naiz"

“Aurten aurreneko aldiz parte hartu dut Erniarraitz Sariketan. Parte hartzera gonbidatuz mezua jaso eta jarraian baiezkoa eman nuen. Aurretik ezagutzen nuen txapelketa eta bertan kantatzeko gogoak neuzkan. Nik Errezilgo kanporaketan kantatu nuen, eta oso eroso sentitu nintzen, saio beroa izan zen eta antolatzaileak oso gertu sentitu nituen. Biharko finalera gozatzeko asmoarekin joango naiz, kanporaketa saioko jarrera berarekin, eta ahal dela, umore kolpe onen bat uztera, erregistro horretan sentitzen naiz eta erosoena”.

Unai Mendiburu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide