Erniarraitzen txapela jokoan

Gipuzkoako Hitza 2022ko mar. 25a, 12:29

Oier Etxeberria joan zen igandeko Azkoitiko kanporaketan.

Gaur jokatuko dute Erniarraitz bertso sariketako finala, 22:00etan, Azpeitiko Gaztetxean. Hiru kanporaketa jokatu dituzte denera, eta sei bertsolari ariko dira finalean kantuan. Honako hau Andoni Elduaien kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da.

Gaur jokatuko dute XI. Erniarraitz bertso sariketaren finala, Azpeitiko gaztetxean, 22:00etan hasita. Txaber Altube, Oihana Arana, Oier Etxeberria, Urko Arregi, Irati Alcantarilla eta Unai Mendiburu bertsolariak Erniarraitz sariketako txapela janzten saiatuko dira. Finalerako sarrerak gaztetxean bertan jarriko dituzte salgai, gaur, 5 euroan, eta antolatzaile taldeko kideek bertsozaleei eskatu diete "garaiz" ibiltzeko: "Jendetza elkartu ohi da Erniarraitz sariketako finalean, eta gure asmoa da aurtengoa ere festa handi bat izatea".

Gipuzkoako Herriarteko I. Txapelketaren (1999) ondoren sortu zituzten Erniarraitz elkartea eta sariketa bera. 2000ko otsailean osatu zuten elkartea, lagun talde baten ekimenez, eta handik bi urtera antolatu zuten lehen sariketa, 2002an. Laxaro Azkune da Erniarraitz bertsozale elkartearen sortzaileetako bat, eta hark dio helburua "beti" izan dela "bertsolari gazteei aukera ematea eta bertsozaletasunari bizirik eustea".

Azkunek ondo gogoan du sariketa noiz eta nola jarri zuten abian: "Bailarako lau bat taldek parte hartu zuten lehen txapelketa hartan. Hogeitaka laguneko kuadrilla bat elkartu ginen, eta parte hartzea borobiltzeko egin genuen afari batean zera adierazi zuen Imanol Lazkanok: 'Beste leku batzuetan egiten duten bezala, zergatik ez dugu hemen ere elkarte bat sortzen eta bertso eskola bat martxan jartzen?'. Hemen, artean, bertsolari bakoitzak bere kabuz funtzionatzen zuen, eta halaxe hasi ginen".

Azkunerentzat "une bakoitzeko bertsolaritzaren ispilua" da Erniarraitz sariketa: "Gipuzkoako bertsolariekin hasi ginen lehendabizi, baina Bizkaira ere igaro ginen gero, eta baita Iparraldera eta Nafarroara ere". Azkunek gaineratu du hogei urteotan sariketa ez dela asko aldatu, baina emakumezkoengan jarri du arreta: "Urteotan guztietan ikusi dugu bertsolari emakumezkoak ugarituz joan direla. Lehen, oso gutxi ikusten genituen bertsotan, eta bertsolaritza bera izaten ari den bilakaeraren seinale da emakumezkoak ugaritu izana".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide