Sorkuntza beken aurkezpenarekin itxi dute iazko deialdiaren zikloa Dinamoan

Anartz Izagirre 2022ko mar. 26a, 12:15

Sei proiektu eta bi egonaldi izan ziren iazko sorkuntza beken deialdian diruz lagundu zituzten zortzi lanak, eta atzo, ostirala, hainbat egilek beren proiektuak azaltzeko abagunea izan zuten Dinamoa sormen gunean. Bestalde, aurtengo deialdira proiektuak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du apirilaren 2a bitartean.

Aste honetan zehar zabalik egon da Dinamoa sormen gunean 2021eko sorkuntza beken bidez egindako proiektuekin osatutako erakusketa, eta atzo, ostirala, iazko deialdiaren zikloa itxi zuten egileen aurkezpenarekin. 2021ean, guztira, sei proiektu eta bi egonaldi diruz lagundu zituzten Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak bultzatutako sorkuntza beken bitartez, eta seigarren edizio horretan beren lanak gauzatu dituzten egileek aurkezpena egin zuten atzo. Bertan izan ziren Kulturazeko kideak eta Eneritz Albizu udaleko Kultur batzordeburua. Bide batez, 2022ko sorkuntza beken deialdiak irekita jarraitzen duela gogorarazi zuten; apirilaren 2a bitartean aurkez daitezken lanak.

Hasteko, Dinamoan egonaldia egin zuen Mikel Ruiz Pejenautek bere lana azaldu zuen bideokenferentzia bidez. Haratago deituriko serigrafia multzoa aurkeztu du Zumarragako (Gipuzkoa) artistak, eta azken lau urteetan teknika horren bitartez gauzaturiko "lan ildoaren jarraipen plastikoa" dela azaldu zuen. Display horren izenburua amonak kontatzen zion istorio bateko esaldi batetik atera zuen Ruiz Pejenautek: untxi larrua poxpoloen truke. Haren ondoren, egonaldia egin zuen bigarren artistaren txanda izan zen, Gari Aranbarrirena. Azkoitiarrak Hatz bat luzatzea desiratzea da proiektua gauzatu du sorkuntza bekaren bitartez, eta eskalada zein afektuak dira abiapuntuak. Proiektua hasieran bideogintzara bideratu bazuen ere, egonaldian zehar materialak "eskuz lantzeko eta fisikoki luzatzeko beharra" sentitu zuela aitortu zuen Aranbarrik; dena den, bideoz ere hartuko ditu irudiak eskalada guneetan.

Horren ostean sorkuntza beken aurkezpenaren txanda izan zen. Zorione Mendezek bere Habitat lanaren berri eman zuen Dinamoan. Orioko artistak happening eta performance diziplinak uztartu ditu bere lanean, "ikuspuntu feminista batetik". Besteak beste, "kritika sozial etiko eta morala" egin nahi izan du Mendezek Habitaten bitartez, "gure pentsamenduak nahasiz". Bestalde, Aitor Goenagak Basoa proiektuaren berri eman zuen aurkezpenean. Bere laneko bi argazki jarri ditu Dinamoko erakusketan, eta basoak sentiarazten diona islatu nahi izan du azkoitiarrak bere lanaren bitartez. "Basora sartzen naizen bakoitzean, amama zenaren etxera sartzen naiz", halaxe dio Goenagak bere lana azaltzen duen eskuorrian.

Joseba Agirrezabala eta Alaitz Alberdi azpeitiarrek ere beren Puzle proiektua azaltzeko abagunea izan zuten atzo. Split taldea osatzen dute biek, eta puzzlearen ideiatik abiatuta irudi zatiekin "forma berriak eraiki" dituztela jakinarazi zuen taldeak, euskarri eta teknika ezberdinak erabilita. Azkenik, Maider Azurmendi azpeitiarrak Artez & Artilez proiektua azaldu zuen jendaurrean. Artileak landu ditu artistak bere obran; Azurmendi lehengai hori nola ikertzen hasi zen aurrena, eta sorkuntza bekak iraun duen bitartean, artilea tindagai naturalekin koloreztatu du.

Intza Larrañaga eta Sara Etxeberriaren Damuak proiektua eta Maialen Akizuren ipuin bilduma izan dira iaz diruz lagundu zituzten beste bi proiektuak, baina egileek ezin izan zuten aurkezpenera agertu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide