Klik!

Mugen barruan, hainbat tontor

Ihintza Elustondo 2022ko api. 11a, 09:27

Mendizaletasuna ondo errotutako afizioa da azpeitiarren artean. Are gehiago egungo egoeran: izurriak eraginda, askok hartu dute mendira joateko ohitura. Ziur asko, Xoxote da Azpeitiko gailurrik ezagunena, baina badira hain entzutetsuak ez diren beste hainbat tontor. Askok uste dutena baino muino gehiago daude Azpeitian.

Altuena, Erlo

Aterpea han kokatzen delako eta mendira igotakoan pintxo bat eta trago bat hartzea bezalakorik ez dagoelako, Xoxotera joateko ohitura dute herritar gehienek. Dena den, Erlo da Azpeitiko mugen barruan kokatzen den gailurrik altuena: 1.030 metro ditu, zehazki, eta Xoxotek, 913. Irudian, Erloko gurutzea.

Txikiak hainbat

Gailur handiak ez ezik, txikiak ere hainbat dira, 300-400 metro artean neurtzen dutenak. Anabe da hedabide honek bilketa egiterakoan aurkitu duen tontorrik txikiena; 352 metroko altuera du. Pixka bat altuagoa da argazki honetan ageri den Oñazmendi (397 metro). Herritar ugarik dute Oñatz aldera ibiltzera joateko ohitura, baina horietako zenbatek dakite Oñazko gailurra non kokatzen den?

Auzoetatik gora

Herriko muinoen zerrendan, badira auzoetakoek herrigunekoek baino hobeto ezagutzen dituzten zenbait. Horietako bat da Loretogaña, urrestildarren nahiz nuarbetarren artean ezaguna. Gainaldean pago ugari eta belardia daude. Lehen, erromeriak egiteko ohiko lekua zen hura.

Arauntza ala Arroite?

Arauntza izenez ezagutzen dena da herritar askok bisitatu ohi duten beste gailur bat. Mendi horri lotuta, bada aipatzeko kontu bat: haren izena sarritan izan da eztabaidagai. Batzuek Arauntza dela, besteek Arroite izena duela, eta badira Arroita nahiz Arroitta deitzen diotenak ere. Gauza bera gertatzen da beste mendi askorekin ere: izen batekin baino gehiagorekin dira ezagunak, eta zenbaitek bataren alde eta beste zenbaitek bestearen alde egiten dute.

Mendian, itsasoa ikusgai

Arauntza edota Arroitetik pixka bat aurrerago joanda aurkitzen da Sañoa gailurra. Hernio eta itsasoa ikusten dira han goitik, besteak beste. Bisitatzeko leku ederra da hori ere, zalantzarik gabe.

Izazpi eta Samiño, mugan

Izazpi eta Samiño Azpeitiko tontorrak ote diren ala ez zalantzan jartzen dute batek baino gehiagok. Dena dela, gailur horien tontorretan daude mugarriak, eta beraz, Gipuzkoako beste herri batzuekin mugan dauden arren, Azpeitiaren parte ere badira.

Txalintxo, Azkoitia ala Azpeitia?

Antzeko zerbait gertatzen da Txalintxo mendiarekin. Azkoitiarrek diote Azkoitian dagoela, eta azpeitiarrek Azpeitiaren parte dela. Baina non dago, zehazki? Irudi honetan ikus daitekeenez, gurutzearen ezker aldean dago Azkoitia eta Azpeitia bereizten dituen mugarria, beraz, Azpeitiko mugen barruan dago tontorra.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide