Mikel Larrañaga eta Iker Vicente, zapatuko aizkora desafiorako prest

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 29a, 17:02

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra, ezkerrean, gaurko aurkezpenean. (Ataria.eus)

Gaur aurkeztu dute, Tolosako zezen plazan, apirilaren 2an 18:30ean hasita leku berean jokatuko duten apustua. Egin duten prestaketarekin gustura eta elkarrekin indarrak neurtzeko gogoz agertu dira azpeitiarra eta otsagabiarra.

Iker Vicente otsagabiarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak aspaldian ikusmin handiena sortu duen aizkora apustua jokatuko dute zapatu honetan, apirilaren 2an, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Desafioa baino lau egun lehenago, gaur, hantxe elkartu dira egungo bi aizkolari indartsuenak, txapelduna eta txapeldunordea, larunbateko hitzordua aurkezteko egin duten agerraldian.

Gaurkoan nabarmendu duten bezala, uneko txapeldunak eta txapeldunordeak duela 23 urte neurtu zituzten indarrak apustu batean azken aldiz. Beste datu bat ere eman dute: historian zehar, hamabi aldiz jokatu dira txapeldun eta txapeldunordeen arteko aizkora apustuak, eta hamabi horietatik zazpitan txapeldunordeak izan ziren desafioetan garaile.

Larrañagak bota zion desafioa Vicenteri, hamabi oinbikotara. Vicentek onartu egin zuen, eta urtarrilaren 5ean hitzartu zuten apustua, baina ez azpeitiarrak hasieran jarritako baldintzetan. Zapatuan, sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte bi aizkolarien artean; hiruna oinbiko eta seina kanaerdiko, alegia. Sei oinbikoak eta bi kanaerdiko Larrañagak eramango ditu, eta Vicentek jarriko ditu beste hamar kanaerdiko enborrak; egurrak apusturako jostearen lana, berriz, azpeitiarraren kuadrillaren kontua izango da. Alde bakoitzak 7.000 euro izango ditu jokoan.

Zapatuan, 11:00etan irekiko dituzte Tolosako zezen plazako leihatilak, sarrerak han erosi nahi dituztenentzat. Sarrerak aurrez erosi dituztenentzat aparteko leihatila bat irekiko dutela jakinarazi dute gaurko aurkezpenean, txartelak han jasotzeko; ostiralean 20:00ak arte izango da sarrerak aurrez eskatzeko aukera.

Protagonistak, fin-fin

Adostu eta hiru hilabetera jokatuko dute apustua, eta denbora tarte hori laburregia, luzeegia ala egokia iruditu zaien galdetu diete gaur bi protagonistei. Vicenteren hitzetan, "denbora perfektua" dira beretzat hiru hilabete jokoa behar bezala prestatu ahal izateko: "Lehendik sasoi nahiko onean egonda, uste dut hiru hilabete nahikoak direla". Larrañagak, berriz, nabarmendu du aurretik jokatutako apustuekin alderatuta "prestakuntza asko aldatu" duela oraingoan. Dena den, hiru hilabete "nahikoak" izan zaizkiola esan du. "Azkenerako nahiko luze izaten dira, eta pasatzeko gogoa ere bai", aitortu du azpeitiarrak, baina "gustura" dago desafioa prestatzeko egindako lanaren emaitzekin.

Azpeitiarra "figurin bat" eginda dagoela aipatuta, bakoitzaren altuera eta pisua esateko eskatu diete aizkolariei: 1,85 metro eta 89 kilo da Otsagabiakoa, eta 1,87 metro eta 89 kilo, berriz, Azpeitikoa. Apusturako prestaketa lanean hamar kilo bota dituela esan du Larrañagak, "Indar asko galdu gabe jarraikortasuna irabaztea" bilatu du, lan luzeetan orain arte izaten zituen beherakadak saihesteko helburuarekin. "Uste dut lortu dudala", esan du azpeitiarrak.

Azken hiru hilabeteotan apustua lotu izanaz damutu ote diren galdetu diete, erdi serio erdi txantxetan. "Desafioa bota nionean, banekien zer zetorren aurretik. Pasatzeko gogoarekin nago jada, baina gustura", erantzun du Larrañagak, eta Vicentek ere ez du damurik agertu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide