Mikel Larrañaga: "Apustua irabazita, aterata geratuko lirateke nire arantza guztiak"

Julene Frantzesena 2022ko mar. 31a, 12:52

Mikel Larrañaga aizkolaria. (Mailo Oiarzabal)

Apustu epikoa jokatuko dute Mikel Larrañagak eta Iker Vicentek zapatuan (18:30) Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko ebakiko dituzte, 7.000 euro jokoan direla. Etxeko lanak ondo eginda dagoela jakinarazi du azpeitiarrak.

Urtarrilean zeuk bota zenion desafioa Iker Vicenteri. Hark onartu egin zuen, eta zapatuan izango da apustua. Nola zaude?

Oso gustura nago, hala sentitzen naiz. Punturik onenean nagoela uste dut: egindako entrenamenduekin gustura nago, eta iruditzen zait oso ondo iritsiko naizela apustura.

Erronka berezia izango dela esaten dute batzuek eta besteek. Hala izango al da?

Hala uste dut, azken 23 urteetan ez delako jokatu halako apusturik. Sona handia hartu du hitzorduak; izan ere, jende asko entzuten da apustuaz hizketan, eta niretzat berezia izango da Ikerren aurka jokatuko dudalako.

Punta-puntako bi aizkolari ariko zarete lehian. Zein da Vicente zuretzat?

Alde batetik, laguna da, azken urteetan oso ondo konpondu bainaiz berarekin. Dena den, oso ondo moldatu izanagatik, larunbatean, apustua hastean, ez da lagunik izango plazan. Pasatzen denean, irabazten duenak irabazten duela, lagun izaten segituko dugu; hala nahi nuke behintzat.

Azken hiru txapelketa nagusietan aurrea hartu dizu Vicentek. Arantza hori kentzeko baliatuko al duzu erronka?

Apustua irabazita, nire arantza guztiak aterata geratuko lirateke. Txapeldun baten kontra ariko naiz, hiru urtetan txapela kendu didan horren aurka. Beraz, niretzat garrantzitsua izango da garaipena eskuratzea.

2021eko Urrezko Kopan, baina, aurrea hartu zenion…

Bai, horixe izango da aurrea hartu diodan txapelketa garrantzitsu bakarra. Orduan nola nengoen eta hobetzeko zer tarte nuen ikusita, desafioa botatzea pentsatu nuen.

Zein izan daiteke Vicente garaitzeko gakoa?

Iker hasieratik indartsu ateratzen da beti plazara, eta hasiera horretan eustea izango da gakoa. Dena den, egin beharrekoa lana luzea izango da. Apustu guztian aurretik joatea nahiko nuke, edo, bestela, pega-pega eginda, eta bukaeran ikusiko da zer gertatzen den.

Txapelduna eta txapeldunordea plazan elkartu zituen azken apustua duela 23 urte jokatu zuten. Halako hamabi apustu jokatu dira historian, eta zazpitan irabazi du txapeldunordeak. Zortzigarrena izateko prest al zaude?

Hainbeste prestatuta eta puntu honetara iritsita, prest nago eta hala izan dadin nahi nuke. Plazan etxean eman dudan maila erakusten baldin badut, irabazteko arrisku handia dudala iruditzen zait.

Prestaketa lanetan aritu zaren boladan, hamar kilo galdu dituzu. Nahita ala nahigabe? Eta zergatik?

Nahita galdu ditut. Ordu erditik aurrera beheraka hasten nintzela sumatzen nuen txapelketetan, fisikoak huts egiten zidala. Indarrez ondo iristen nintzen, baina… Medikuekin-eta hitz egin nuen, eta haiek argaltzea gomendatu zidaten. Kirol asko eginda eta asko saiatuta lortu dut hamar kilo galtzea.

Ez dituzue nolanahiko lanak egingo Tolosako zezen plazan. Zer du berezia apustuak?

Tolosan jokatzeak eta Iker Vicenteren aurka aritzeak egiten du apustua aparteko. Dena den, gauzatuko dugun lana exijente samarra da, eta txapelketetan baino luzeagoa izango da jarduna. Denak du, beraz, berezitasun pixka bat.

Egurrak lortzea kostatu egin zaizuela esan zenuten aurkezpenean. Zergatik?

Garai batean errazagoa izaten zen egurrak lortzea. Orain baso gutxiago botatzen da, sasoiagatik ere kostatu zaigu agian; izan ere, neguan egurra ateratzeko zailtasun handiagoak izaten dira euria tarteko. Baina tira, gustuko egurrak bilatu ditugu, eta pozik nago.

Zuretzat ez da lehen apustua izango zapatukoa, nahiz eta bost urte diren lehen eta azken erronka jokatu zenuenetik. Zer dela-eta animatu zara berriz ere plazara?

Azken urteetan gertu-gertu ibili gara biok, eta behin edo beste aurrea ere hartu diot Ikerri. Ikusten nuen apustua jokatzeko garaia oraintxe zela, pixka bat saiatuta eta gauzak serio hartuta irabazteko aukerak izan nitzakeelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide