Oier Alkorta: "Ilusio handia egiten dit txikitan erreferente nituenekin lehiatzeak"

Ihintza Elustondo 2022ko api. 1a, 14:34

Oier Alkorta, Azpeitiko Frontoi Txikian. (Ihintza Elustondo)

Atzelari gazteak bihar egingo du profesionaletan debuta, Open Bizkaia txapelketan, Dan Necol bikotekide duela, Bizkaia frontoian (17:00). "Gozatzea eta ondo pasatzea" da haren helburu nagusia.

Hainbat urtez palari kolpeka aritu ostean, bihar egingo du profesionaletan debuta Oier Alkortak (Azpeitia, 2000). Esku pilotariak, futbolariak, erremontistak... kirolari profesional asko eman du Azpeitiak, eta orain, bat gehiago batu da zerrendara.

Zer esan nahi du zuretzat profesionaletara salto egiteak?

Amets bat da niretzako. Txikitan, palaz jokatzen hasi nintzenean, beti begiratzen nien goiko mailetan aritzen zirenei, eta haiek erreferenteak izan dira niretzat. Eta orain horiekin aldagela partekatzea... Egia esan, ilusio handia egiten dit txikitan erreferente nituenekin lehiatzeak.

Zein dira erreferente horiek?

Betikoak: Pablo Fusto, Esteban Gaubeka eta Ibai Perez dira punta-puntako hiru. Horiez gain, Open Bizkaia txapelketan bikotekide izango dudan Dan Necol ere erreferente bat da; berarekin aritzea izugarria izango da. Astelehenean ezagutu nuen, eta ea zer moduz moldatzen garen.

Bikotekide ona tokatu al zaizu?

Oso ona. Aurrelarien artean punta-puntakoa da. 2018an munduko txapelduna izan zen, eta beraz, mundu osoko aurrelari onenetakoa da. Gustura nago berarekin jokatzea tokatu zaidalako, baina ez dakit zer moduz moldatuko garen, ez dut oso ondo ezagutzen eta. Baina printzipioz, oso gustura nago.

Noiz eta nola jakin zenuen profesionaletan aritzeko aukera emango zizutela?

Iaz, pare bat entrenamendu egin nituen Bilbon, eta esan zidaten nik Open Bizkaia txapelketan parte hartzea gustatuko litzaiekela. Gero, urtarril-otsail aldera deitu zidaten berriro, entrenamendu batzuk egitera joateko esanez. Joan egin nintzen, eta esan nien gustura sentitzen banintzen soilik parte hartuko nuela txapelketan. Izan ere, palarekin gozatzea da momentu honetan nahi dudana.

Txapelketan arituko zara azkenean, eta beraz, gustura sentituko zinen saio haietan, ezta?

Egia esan, oraingoz oso gustura nabil: entrenamenduetan-eta uste nuena baino gehiago ari naiz gozatzen. Dena den, entrenamenduetatik partidetara egon daitekeen jauziak beldur pixka bat ematen dit; ez dakit zer diferentzia egongo den.

Bihar jokatuko duzu lehen partida profesionaletan, Necolekin, Del Rioren eta Gaubekaren aurka. Zer moduzko aurkariak egokitu zaizkizue?

Oso gogorrak; aurrelaria, batez ere. Duela gutxi, banakako finala jokatu du hark, eta oso indartsua da. Atzelaria, ni bezala, oso gaztea da, hasiberria. Lehian ariko diren bikote denak dira gogorrak, eta guri tokatu zaiguna ere bai. Ahalik eta ondoen jokatuko dugu, eta ea zer gertatzen den.

Txapelketara begira, zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Lehen helburua gozatzea da, ondo pasatzea. Gozatzea lortzen badugu eta lehia ondo joaten bada, ea lehen lauretan sailkatzea lortzen dugun; hori izango litzateke bigarren helburua. Baina aurreneko helburua gozatzea da.

Zer formatu izango du txapelketak?

Sei bikotek parte hartuko dugu, eta joan-etorriko hamar partida jokatuko ditugu bakoitzak. Horietatik lau pasatuko dira finalaurrekoetara, eta lautik bi finalera. Ekainean izango da finala.

Ezkerra zara zu. Hori balio erantsia al da palan aritzeko orduan?

Bai, hala da. Ezker pareta daukagu frontoian, eta ezkerra izateak lagundu egiten du. Normalean, eskuinez jokatzen dutenei ezker aldea bilatzera joaten gara denok, eta esaten dute ezkerren kontra jokatzea baino gauza txarragorik ez dagoela.

(I. E.)

Palaz jende asko aritzen da Azpeitian, baina profesionaletara salto egin duen lehen azpeitiarra zara, ezta?

Nik dakidala, behintzat, ez da beste palista profesionalik izan herrian.

Ohore bat izango da hori zuretzat, ezta?

Bai, eta are gehiago, palaren egoera zein den kontuan izanda. Azpeitian afizionatu asko daude, ikaragarri jende ibiltzen da palaz teniseko pilotarekin, baina hortik aurrera, federatuta eta, oso jende gutxi dago. Pala ez da kirol ezaguna; jendeak askoz gehiago jotzen du beste kirol batzuetara. Eta noski, palaren munduan jauzi egin duen lehen azpeitiarra izatea bada ohore bat.

Orain arte gomazko paletan jokatu duzu, baina profesionaletan beste modalitate batean ariko zara.

17-18 urtera arte, Eneko Martija bikotekide nuela aritu nintzen, eta txapelketa onak egin genituen. Txiki-txikitatik harekin jokatu ditut txapelketa denak. Gero, larruzko pilota probatu genuen biok, eta hari ez zitzaion hainbeste gustatu, baina niri bai. Larruarekin jokatzen hasi nintzen, eta Martijak gomarekin jokatzen jarraitzen du. Open Bizkaia txapelketa, bestalde, pala luzearekin jokatuko dut.

Noiz hasi zinen palaz jokatzen? Hastapenetako zer oroitzapen dituzu?

Eskola kirolean, kirol ezberdinak praktikatzen genituen, eta Eneko Martija eta ni palaz jokatzen hasi ginen, 10 urterekin-edo. Ordutik, palaz aritu izan gara etengabe, eta gustura asko, gainera.

Ez al duzu beste kirol batzuk probatzeko tentaziorik izan?

17 urtera arte edo, futbolarekin uztartzen nuen pala, baina garbi neukan niri pala gustatzen zitzaidala, eta palaren eta futbolaren artean aukeratu behar nuenean, pala hautatuko nuela.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste kirol hori?

Pixka bat ibili eta gustua hartuz gero, engantxatu egiten zaitu palak. Palaren zarata, pilotari ondo emanez gero hartzen duzun gozamena... Horrek harrapatu egiten zaitu.

Bilbon egiten dituzu entrenamenduak. Astean zenbat aldiz joaten zara hara?

Astean behin. Saiatzen naiz astean entrenamendu bat Azpeitia inguruko pilotalekuren batean egiten, eta beste bat egiten dut Bilbon. Bi entrenamendu horiekin eta sasoi fisikoa pixka bat landuta, moldatzen naiz.

Oro har, Bizkai aldean Gipuzkoan baino gehiago praktikatzen da pala.

Bai, Gipuzkoan baino askoz indar handiagoa du kirol horrek Bizkaian. Gipuzkoan oso klub gutxi daude. Nafarroan ere badu indarra palak, baina ez dago oso profesionalizatuta. Horregatik, Bizkaira joaten gara entrenatzera nahiz partidak jokatzera.

Zein da palaren egungo egoera?

Kaskarra. Bi katu gara, eta horietako askok beren artean tirabirak dituzte. Gainera, antolakuntza falta dago. Eta horri jende gutxi ibiltzen dela gehitzen baldin badiogu...

Profesional izanda ere, palak ez du emango bizitzeko adina...

Ez, ez. Palatik oso jende gutxi bizi da. Hiru-lau lagun, guztira? Beste denek lana eta pala, biak, uztartzen dituzte. Irakasle ikasketak egiten ari naiz unibertsitatean, eta orain praktikaldian nago. Egia esan, denboraz nahiko larri ibili behar izaten dut denera iristeko: klasea bukatu eta zuzenean entrenatzera joaten naiz askotan. Baina, beno, esfortzuak mereziko duela espero dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide