Hementxe bertan

Yalila Mouhoub: "Emakumeok ere badugu makinekin lan egiteko gaitasuna"

Ihintza Elustondo 2022ko api. 16a, 12:25

Yalila Mouhoub. (Ihintza Elustondo)

Marokoko ipar ekialdekoa da Yalila Mouhoub, baina 2008az geroztik, Euskal Herrian bizi da. Lehenik, Azkoitian egin zituen zenbait urte, eta gaur egun Azpeitian du bizitokia. 2022ko apirileko Uztarria aldizkariko Hementxe bertan ataleko elkarrizketan hainbat kontutaz aritu da.

Marokon, kontrol orokorreko arduraduna zinen ehungintzako fabrika batean.

Bai, mila langile inguru zeuden nire ardurapean. Kalean barrez ikusiko nauzue normalean, baina lanean serio aritu behar izaten nuen.

Zergatik erabaki zenuen lan hori utzi eta Euskal Herrira etortzea?

Bizitza hobe baten bila etorri nintzen, mundu guztiko migratzaileek egiten duten bezala. Marokotik Europara etorrita, denok uste dugu bizitza hobea izango dugula. Espainiatik Alemaniara ere horregatik joaten da jendea.

Herrialdea aldatuta, nola aldatu da zure bizitza?

Marokon, lan egiten nuen, baina horretaz aparte, ez neukan inolako ardurarik etxean, gurasoekin bizi nintzelako. Euskal Herrian, ezberdina da egoera; hemen ardura handia dut, eta bizitza nola bizi ikasi dut. Gurasoekin bizi zarenean, haien babesa duzu, baina bakarrik zaudenean, ikasi egiten duzu bizitzako kolpe bakoitzarekin.

Zuretzako, beraz, ikasketa bat izan da Euskal Herrira etorri izana.

Bai. Gurasoen etxean ez nuen platera bat ere garbitzen, baina hemen hori eta beste gauza asko egiten ikasi dut. Marokon, etxalde bat dauka aitak, eta asko laguntzen nion han. Dena den, sukaldean aritzea ez zitzaidan gustatzen, eta ez nekien horretan.

Euskal Herrian bizi zarenetik, hainbat lanetan aritu izan zara.

Bai, lehenik, Azkoitiko taberna batean aritu nintzen, eta orain, Bordatxo tabernan lan egiten dut, asteburuetan. Sukaldean aritzen naiz, eta oso gustura nago. Oso ondo hartu naute. Gainera, bulego bat garbitzen dut, eta hango arduradunek ere oso ondo tratatzen naute. Gabonetan oparia eta dena egin zidaten, beste langileei bezalaxe. Jende ona topatu dut Azpeitian.

Ekoizpen mekanikoko laguntzaile ikastaroa ere egin duzu.

Bai, eta oso gustura egin dut, gainera. Praktikak ere egin nituen, Azkoitiko Sidenorren. Orain, ikasketak amaituta, horiei lotutako lanen bat aurkitzea gustatuko litzaidake. Mekanizatu arloa asko gustatzen zait: umea nintzela, beti nik konpontzen nituen etxean hondatzen ziren tresnak. Eskulan kontuetan ondo moldatu izan naiz beti. Egia esan, asko ikasi dut ikastaroan, eta orain gehiago ikasteko gogoa daukat.

Ikastaro horretako partaide gehienak gizonak izango ziren, ziur asko.

Bai, baina emakumeek ere berdin-berdin egin ditzakegu halako lanak. Gizonek emakumeek baino indar handiagoa izan ohi dute, baina guk ere badugu makinekin lan egiteko gaitasuna. Ehungintzako lantegian ere gizon askorekin aritzen nintzen beharrean, baina niretzako berdin du emakumea edo gizona izan, ez dago ezberdintasunik. Inportanteena lanerako eta ikasteko gogoa izatea da. Egiten dudan lanagatik baloratzea nahi dut nik, eta ez emakumea naizelako.

Maroko eta Euskal Herria oso ezberdinak izango dira...

Bai. Ni bizi nintzen zonaldea fabrikaz inguratuta dago. Lorategiak ere badaude han, baina ez hemen bezalakoak. Hemen aldapa eta mendi asko dago, eta han ez daukagu halakorik. Inguruko mendi gehienak igo ditut, lagun batekin. Asko gustatzen zait leku berriak ezagutzea; Igeldora joan nintzen egun batean, esaterako. Nahiko nukeena eta oraindik egin ez dudana da gaztelania eta euskara ondo ikastea. Gaztelania pixka bat badakit, baina aditzekin-eta zailtasunak dauzkat oraindik.

Zer egin ohi duzu denbora librean?

Oinez ibili. Batzuetan hamazazpi kilometro egiten ditut oinez. Azkoiti aldera joaten naiz lehenik, gero Lasaora, Urrestillara...

Sorterriaren falta sumazten al duzu?

Bai, familiarena eta gertukoena, batez ere. Hiru urte daramatzat hara joan gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide