Arte Ederretako ikasleak

Bost irakasle euskaldun eskatzetik, unibertsitatea hankaz gora jartzera

Argia 2022ko api. 4a, 11:00

Oier Etxeberria eta Joseba Parron Arte Ederren fakultatean bizitu ziren hiru hilabetez, euskaragatik protestatzeko. (Dani Blanco)

Borroka gogoangarria egin zuten 1994an Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasleek. Ehunka ikasle mobilizatu ziren arrazoi sinple bategatik: euskaraz ikasi nahi zutelako. Joseba Parronek eta Oier Etxeberria azpeitiarrak garai haietan bizitu zutena kontatu dute. Argiako Leire Artola kazetariak honako erreportaje hau egin du Parronekin eta Etxeberriarekin hitz eginda, Hitzetatik ekintzetara serierako.

Joseba Parronek eta Oier Etxeberriak ez zuten zalantzarik izan 90eko hamarkadan euskararen alde borrokatzeko: "Gure eskaria erabat oinarrizkoa eta zentzuzkoa zen. Ulertezina da euskal unibertsitatean euskarazko klaseak ez ematea". Bost irakasle euskaldun, horixe izan zen Leioako campuseko Arte Ederretako ikasleen eskakizun zehatza. Euskarazko adarrean matrikulatuta zeuden biak, baina ezingo zuketeen lizentziatura euskaraz burutu, egindako borrokagatik izan ez balitz. Hainbat hilabeteko bidearen ostean, lortu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak bost irakasle horiek kontrata zitzan. Halere, lorpena baino, bidean ikasitakoa dute gogoan.

Ez zen nolanahiko bidea izan: "Arte Ederretakoak izanik, gure aldarrikapenak egiteko era oso librea, alaia eta festa girokoa zen". Konturatu zirenean bide formaletik entzungor egiten zietela, ikasleen artean antolatu eta hainbat ekintza egin zituzten fakultatea euskalduntzea exijitzeko. Hasteko, greba mugagabea hasi eta fakultatea euren etxe bilakatu zuten, okupatuta. 200 lagun inguru bizi ziren Arte Ederren fakultatean, eta 700 ikasle inguru batzen ziren Asanblada deitzen zioten "siglarik gabeko" batzarrean. Fakultate osoak egin zuen bat aldarriarekin, gaztelerazko adarrekoek ere bai.

Elkarbizitza hori nostalgiaz begiratzen dute Parronek eta Etxeberriak: "Espazio utopiko bat sortu genuen, harreman berriak egin, eta guztiontzat izugarrizko heziketa izan zen". Gaur egun ikustea zaila dena lortu zuten, alegia, iritzi eta ideologia desberdinetako jendea Asanbladan elkarrizketan jartzea, parez pare. "Izan zintezkeen Ikasle Abertzalea, EAJkoa, anarkista… denok libreki parte hartzen genuen, eta inork ez zuen inor isilarazten", gogoratzen dute.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Argiaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide