Liher: "Azpeitia plaza garrantzitsua da guretzat, eta gogotsu gaude"

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 6a, 10:57

Lide Hernando, Liher taldeko abeslaria eta kitarra, 2020ko urriaren 17an Soreasu antzokian eman zuten kontzertuan. (Kulturaz)

2020an, Hemen herensugeak daude lan berria labetik atera berritan harrapatu zuen pandemiak Donostiako musika taldea. "Kolpe emozionalaren penaz bizi ordez", 2021aren amaieran beste disko bat plazaratu zuen Liherrek (Eta hutsa zen helmuga), eta azken lanaren aurkezpen biran murgilduta dabil taldea. Etzi, ostiralarekin, Sanagustin kulturgunean emango dute kontzertua, Lamiak taldea aurretik dutela (22:00). Sarrerak eskuragarri daude oraindik Kulturaz.eus webgunean.

Joan den udazkenean argitaratu zenuten Eta hutsa zen helmuga diskoa aurkeztera zatozte Azpeitira. Zer moduz birako orain arteko zuzenekoetan?

Pandemia osteko argia ikusten ari gara zuzenekoetan. Diskoa udazken amaieran atera genuenez, gehien bat aretoetan eta gaztetxeetan jo ditugu kontzertuak orain arte, eta jendearen kontzertuetarako itzulera izugarria izan da. Guk inoiz ikusi ez bezala bete dira aretoak Donostian, Oñatin, Leitzan edota Orion, eta oso eskertuta gaude jendeak erakutsitako gogoarekin.

Zuen laugarren disko luzea da Eta hutsa zen helmuga, aurrekoa (Hemen herensugeak daude) 2020an atera zenuten, eta bost urtetan lau disko luze plazaratu dituzue. Ez zaudete geldirik egoteko.

Ez dugu inoiz gustuko izan geldirik egotea. Gainera, pandemiak gasolina are gehiago eman zien gure buruei, eta aurreko diskoarekin izandako kolpe emozionalaren penaz bizi ordez, aurrera egin eta beste disko bat egitea erabaki genuen.

Hemen herensugeak daude diskoaren aurkezpen biran aritu zineten azken aldiz Azpeitian, 2020ko urrian, Cobrarekin batera. Soreasun jo zenuten, jendea eserita, ezohiko moduan... Nola oroitzen duzue ordukoa?

Egia esan, pandemia garaiko kontzerturik jendetsuena izan zen guretzat. Neurri murriztaile handiko garaiak ziren, eta aretoan 300 pertsona ikustea izugarria izan zen. Ez dugu gau hura erraz ahaztuko, Euskal Herri osotik etorri zen jendea.

Disko haren bira ezin izan zenuten egin nahi bezalako baldintzetan. Horrek izan al du zerikusirik disko berriaren prozesuan?

Bai, guztiz. Nahiz eta guretzako oso disko berezia izan, penaz ikusi genuen Hemen herensugeak daude diskoaren zikloak ez zuela askoz gehiagorako emango. Zorte txarra izan genuen data horretan ateratzean [2020ko otsail amaiera], baina hori asumitu egin behar da eta aurrera egin, frustratu eta lan horri alferrik zuku gehiago ateratzen saiatu ordez.

Ostiralean Sanagustin kulturgunean joko duzue. Bestelako aretoa. Bestelako kontzertua?

Ez gara inoiz Sanagustinen izan, taldekide batzuk ezta publiko gisa ere. Leku hori oso berezia da, ederra eta handia, oso handia. Errespetua eragiten digu lekuak, baina Azpeitia plaza garrantzitsua da guretzat, eta gogotsu gaude. Kontzertua, halaber, aurrekoarekin alderatuta guztiz ezberdina izango da; publikoa zutik egotetik hasita, errepertorioari disko berri bateko abestiak gehitzeraino.

Zer nabarmenduko zenukete zuen azken lanaz? Zer aurkituko dute ostiralean Sanagustinera joaten direnek?

Liherren betiko rock kutsua topatuko dute, hori hasteko. Baina aurreko diskoak gai latz bat jorratzen zuen bitartean [emakumeen aurkako indarkeria], azken honek sendatze kolektiboa helburu duten mezuak biltzen ditu, guretzako pertsonalagoak direnak eta barrenagotik ateratzen direnak; eta hori dena eszenatokian islatuta ikusten da. Dena den, disko guztietako abestiren bat topatuko dute bertaratzen direnek. Denetik egongo da!

Azpeitikoaren ondoren, zenbat hitzordu dituzue hitzartuta?

Baditugu batzuk: larunbatean Andoaingo Basteron izango gara, apirilaren 16an Elizondoko Gazte Martxan, Berrizko gaztetxean apirilaren 23an, Gasteizen maiatzaren 5ean... aukera egongo da gurekin elkartzeko. Gure sare sozialetan topa daitezke data guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide