Herritarren doinuak herritarrekin eman ditu Juan Antxieta musika eskolak

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 7a, 09:50

Aspaldiko partez, bai oholtza, bai eserlekuak gainezka zirela eskaini ahal izan zuten jaialdia ikasleek eta irakasleek. Uztarria.eus-en Azpeitiarren doinuak egitasmoaren haritik, Haritz Garmendia, Olatz Prat, Felipe Murillo eta Kepa Susperregi gonbidatuek borobildu zuten euskal musikaz betetako saioa.

Koronabirusak jarritako enegarren oztopoa gainditu ezinda gelditu ziren Juan Antxieta musika eskolakoak azaroan, baina atzo kitatu zuten Santa Zezilia egunaren bueltako urteroko emanaldiarekin zuten zorra, eta ordurako prestatuta zuten Herritarren doinuak jaialdia eskaini zuten atzo iluntzean Soreasu antzokian. Bertan, gainera, azarotik ikasketa amaierako aitortza jendaurrean jasotzeko zeuden ikasleek beren diplomak jaso zituzten.

Aspaldiko partez, bai oholtza, bai eserlekuak gainezka zirela eskaini ahal izan zuten jaialdia ikasleek eta irakasleek. Uztarria.eus-en Azpeitiarren doinuak egitasmoaren haritik, Haritz Garmendia, Olatz Prat, Felipe Murillo eta Kepa Susperregi gonbidatuek borobildu zuten euskal musikaz betetako saioa.

Lau gonbidatuek Uztarriarako aukeratutako bosna doinuetako bat eskaini zuten atzokoan. Auntxa eta Iturbideren Urrestillako festetan izan zen Soreasun entzun zen aurrena, Haritz Garmendia musika eskolako trikiti ikasleekin batera soinua jotzen zela. Olatz Praten txanda etorri zen gero; Imanolen Zure tristurarekin goxatu zituen Pratek ikus-entzuleen belarriak. Felipe Murillo, berriz, oholtzatik asko urrundu gabe ibili zen arrats osoan, musika eskolako irakasle gisa bete beharreko lanari gonbidatu rola gaineratu baitzion. Patxi Saizen Amaren sabelean kanta aukeratu zuen azken betekizun horretarako.

Merezitako txalo artean hartu zituzten ikus-entzuleek ikasleen zein gonbidatu berezien emanaldiak, baina txalo zaparrada handienak Kepa Susperregi erretorearentzat izan ziren. Jaialdiko laugarren eta azken gonbidatua izan zen Susperregi, baina oholtza zapaldu gabe gelditzeko zorian egon zen. Jaialdian bere txanda iritsita, lana tarteko oraindik ez zela ailegatu iragarri zuten, eta Azpeitiko parrokoak hautatutako Benito Lertxundiren Loretxoaren beste bertsio bat eskaini zuten ikasleek, Susperregi gabe. Baina pieza amaitu baino lehen iritsi zen, azkenean, laugarren gonbidatua antzokira. Oholtzara igo, eta bigarren saiakeran, baina dotore abestu zuen Loretxoa apaizak, ikus-entzuleen eta ikasleen txalo artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide