Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Donostian egin zituen atzo, asteazkena, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako modalitate guztietako zozketak. Hain zuzen ere, eskuzko, palako, zesta puntako eta gomazko paletako txapelketen koadroak osatu zituzten. Azpeitiak eskuzkoan eta pala motzean izango ditu ordezkariak aurtengo txapelketetan. Lasarte-Oria izango da Azpeitiko eskuzko pilotarien lehen aurkaria, eta Donostia palistena.
Guztira, hamazazpi herri lehiatuko dira eskuzkoan, hamabost gomazko paletan, bederatzi larruzko paletan nahiz pala motzean eta hiru zesta puntan. Eskuzko egungo txapeldunek, beraz, Gipuzkoako beste hamasei herrirekin batera parte hartuko dute eskuzko txapelketan, eta pala motzeko lehian zortzi herri izango dituzte aurrez aurre palista azpeitiarrek.
Eskuzkoan, Lasarte-Orian hasiko du aurtengo Herriartekoaren ibilia Azpeitiak. Hain zuzen ere, maiatzaren 15eko asteburuan ekingo diote azpeitiarrek lehiari, final zortzirenetan, eta handik astebetera jokatuko dute itzulerakoa Azpeitian. Final laurdenetarako urratsa eginez gero, Amasa-Villabonak eta Ataunek jokatuko duten kanporaketako irabazlearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak azpeitiarrek. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala ekainaren 25ean jokatuko dute.
Pala motzean ere Azpeitiak etxetik kanpo ekin beharko dio Herriartekoari. Maiatzaren 22ko asteburuan, Donostian jokatuko dituzte lehen partidak, eta handik astebetera Azpeitian. Finalerdietara sailkatuko balira, Andoain, Oiartzun edo Deba izango lukete aurkari herriko palistek. Pala motzeko finala ekainaren 19an jokatuko dute.