Indarkeria matxista jasan duten nerabeentzat eta gazteentzat arreta zerbitzua jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2022ko api. 10a, 09:59

Gipuzkoako Foru Aldundiak EDE fundazioaren bidez sustatu du egitasmo pilotua, eta aurrez aurreko arta eskainiko dute herrian. 13 eta 21 urte bitarteko emakume gazteei zuzendutako zerbitzua izango da. Bizi dituzten indarkeria egoeren inguruko kontzientzia hartzeko aukera ematea da xedea, nerabeek indarkeria egoeretatik ateratzeko aukera izan dezaten.

Indarkeria matxista jasan duten nerabeei zein adin txikikoei (13 eta 17 urte bitartekoak) nahiz emakume gazteei (18 eta 21 urte bitartekoak) zuzendutako arreta zerbitzu berri bat jarri dute martxan Azpeitian. Gipuzkoako Foru Aldundiak EDE fundazioaren bidez sustatu du egitasmo pilotua, eta aurrez aurreko arta eskainiko dute herrian.

Nerabeei bizi dituzten indarkeria egoeren inguruko kontzientzia hartzeko aukera ematea da zerbitzuaren xedea, egoera horietatik ateratzeko aukera izan dezaten. "Abiapuntua biktimarentzako ikuspegi ahalduntzailea eta begirada feminista izango dira, berdintasun harremanak eta tratu onak sustatuz", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

Hain zuzen ere, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik abusuzko harremanak jasan dituzten herritarrei arreta integrala eskainiko diete aurrerantzean. Gainera, bikotekide izan gabeko harreman afektiboei, sexualei edo biak batzen dituztene gazteek ere jo ahal izango dute zerbitzura. Halaber, indarkeria egoerak bizi izan dituzten nerabeei ez ezik, haien familiei ere eskainiko diete zerbitzua.

Nerabeei espazio segurua eta konfidentziala eskainiko dietela azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek, eta horiek informazioa, orientazioa eta arreta psikosoziala jaso ahal izango dute, hainbat saioren bitartez. Familiei, berriz, informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskainiko dizkiete. Zerbitzuaren proiektua pilotua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailak finantzatu du, berrikuntzara bideratutako laguntzak tarteko.

Zerbitzuaren inguruko informazioa eskuratu edo kontsultaren bat egin nahi dutenek nerabeak@edefundazioa.org helbidera idatz edo 747 45 85 82 telefono zenbakira dei dezakete. Aurrez aurreko zerbitzua ez ezik, modu ez presentzialean ere eskainiko dute, aurrez aipatutako telefonoaren edo posta elektronikoarenbidez zein @nerabeak Telegrameko kontuan.

Hainbat helburu

Aldundiak eta EDE fundazioak azaldu dutenez, hainbat dira proiektuaren helburuak, laguntza, prebentzioa eta segurtasuna oinarri hartuta. "Nerabeak ingurune fisiko seguruan eta fidagarrian izitzea erraztu nahi da, maila psikologikoari, emozionalari nahiz moralari dagokionez, batez ere", azaldu dute haiek. Horrez gain, indarkeria kasuak jasan dituzten nerabeei emozionalki osatzeko eta autoestimua berreskuratzen laguntzea ere nahi dute, erasotzailearengandik edo erasotzaileengandik banatzeko erabakia hartzeko gaitasunak garatuta, eta etorkizuneko eraso saiakera posibleen aurrean babesteko tresnak garatuta.

Bestalde, nerabea gizarteratzeko eta komunitatean integratzeko izaera soziala eta komunitarioa duen esku hartzea erraztu nahi dute, baita familiako, gizarteko eta komunitateko sareekin dituen harremanen eta loturen mapa berreraikitzen lagundu ere. Nerabe horiei, bestalde, jasandako indarkeriak eragindako min soziala eta traumatikoa gainditzen laguntzea ere bada egitasmoaren helburua. Halaber, nerabeak heldu izan bitartean eraiki eta landu behar dituen arloen garapena arriskuan jartzea saihestea ere nahi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide