Jannuren ekialdeko gailurrera igotzeko baliatuko dute lau mendizale nafarrek Joxe Takolo beka

Ihintza Elustondo 2022ko api. 9a, 09:30

Joxe Takolo bekaren sustatzaileak eta irabazleak Azpeitiko udaletxean. (Ihintza Elustondo)

Mikel Zabalzak, Ekaitz Maizek, Iker Madozek eta Mikel Norizak aurkeztutakoa izan da aurtengo deialdiko proiektu irabazlea; 3.000 euro eskuratu dituzte. Sekula inork zapaldu ez duen gailur bat igotzea da haien helburua: Jannuren ekialdeko gailurra (7.486 metro). "Proiektu anbiziotsua" dela nabarmendu dute. 

Jannu (Nepal) mendiaren ekialdeko gailurra igotzen saiatuko dira aurtengo Joxe Takolo bekaren irabazleak. Hain zuzen ere, Mikel Zabalzak, Ekaitz Maizek, Iker Madozek eta Mikel Norizak aurkeztutakoa izan da aurtengo proiektu irabazlea, eta ostegunean azaldu zituzten egitasmoaren nondik norakoak udaletxean egindako agerraldian. Aurrez inoiz zapaldu gabeko tontorra da urrian igotzen ahaleginduko direna, eta beraz, "proiektu anbiziotsua" dela nabarmendu zuten. Horretarako, baina, Joxe Takolo bekaren laguntza oso ondo etorriko zaiela adierazi zuten.

Espedizioa gauzatuko dutenetako bi izan ziren ostegunean Azpeitian: Zabalza eta Maiz. Horiez gain, agerraldian parte hartu zuten Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak, Koldo Sansinenea Gipuzkoako Mendi Federazioko presidenteak, Jabier Urbietak –Joxe Urbieta Takolo zenaren anaiak– eta bekaren komisioko kideek.

Takolo mendizale azpeitiarra zenaren "izena, izana eta ibilbidea" ezagutarazteko helburuarekin ematen dute Joxe Takolo beka Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak urtero. Beka horren bidez, mendizaletasunari lotutako proiektuak gauzatzeko 3.000 euroko laguntza eman ohi dute. Aurtengoan, bi egitasmo aurkeztu dituzte deialdira, eta Arrutiren arabera, "maila altukoak" dira biak ala biak: "Bi proiektuak zein ziren ikusi genuenean, izugarrizko poza hartu genuen. Era berean, komisioa osatzen dugunontzako lan gogorra izan da bien artean bat aukeratzea, bi proiektuak oso kalitate, maila eta originaltasun handikoak zirelako". Aurkeztu diren proiektuen kalitateari erreferentzia eginda, Arrutik nabarmendu zuen beka "hasierako izpiritura" itzuli dela. Bestalde, Sansineneak azaldu zuen, halako proiektuei bultzada emateko, beka sustatzeko lanean jarraituko duela federazioak.

Proiektu irabazlearen xehetasunak

Maizek azaldu zuenez, espedizioa lau nafarrek egingo badute ere, Zabalza izan da egitasmoaren "garuna". Ibilbide oparoko mendizalea da hura, hainbat gailur zapaldutakoa, baina Jannuren ekialdeko gailurrera egingo duten igoerak erakargarri izateko "osagai guztiak" dituela azpimarratu zuen. "Originala da, altua, zaila, ezezaguna... Abenturarako izugarria da, eta hara joateko gogotsu gaude". 

1981ean euskal herritarrez osatutako espedizio bat Jannuko tontor nagusira (7.710 metro) igo zen, baina inor ez da sekula igo ekialdeko gailurrera (7.486 metro). Espedizioko kideek ekialdeko gailurraren ekialdeko aurpegia eskalatuko dute, alpetar estilo garbian. Maizek nabarmendu zuen horma horrek "izua" sortzen duela, eta "faktore asko" izan beharko dituztela alde igoera gauzatu ahal izateko. Urriaren hasieran ekingo diote espedizioari: "Behe kanpalekura iristeko glaziar bat zeharkatu beharko dugu, eta ez da nolanahikoa. Nahiko lan emango digu oinarrizko kanpalekura iristeak, baita bidean sartzeak ere", azaldu zuten. Espedizio guztiak hilabete eta erdi inguruko iraupena izango duela aurreikusten dute.

Furlan eta Pockar esloveniarrek bi urtean bi saiakera egin dituzte Jannuko ekialdeko gailurra zapaltzeko, baina ez dute helburua lortu, eta bide beretik igotzea da mendizale nafarren asmoa: "Mendiaren goiko partean, uste dugu gailurra lortzeko aukera gehiago ematen dituela hego-mendebaldera jotzen duen korridoreak, ekialdeko aurpegitik goraino jarraituta baino. Hala ere, momentuan aurkitzen diren baldintzen arabera egin beharko dugu igoera", zehaztu zuten.

Zabalza oso eskertuta azaldu zen beka jasotzeaz: "Guretzat bultzada handia izan da beka, batez ere, animoz, aurrera egiteko. Egia esan, aurrekontu potoloa du gure proiektuak; osoa ezingo dugu ordaindu bekarekin, eta laguntza gehiagoren bila jarraitu beharko dugu. Dena den, aurrera jarraitzeko indarra eman digu bekak". Zabalzak 2018an ere jaso zuen Joxe Takolo beka, Alberto Fernandezekin batera, Drangnagri proiektua gauzatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide