Azpeitira ekarri dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza nagusia

Ihintza Elustondo 2022ko api. 12a, 13:24

Andoitz Antzizar, Agustin Lizarralde, Agurtzane Elustondo, Tomas Soraluze 'Epelde' eta Eneritz Albizu, egoitza berrian. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalaren eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen elkarlanaren emaitza da elkartearen egoitza Azpeitira lekualdatu izana. Duela aste batzuetatik, Basazabal jauregiaren solairu tartean kokatzen da egoitza hori. Udalaren arabera, Azpeitiko kultur mugimendua "aberastera" dator trikiti elkartea herrira.

Esan beharrik ez dago Azpeitian trikitiak indar handia duela, eta orain, gainera, bertan kokatzen da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza nagusia. Azpeitiko Udalaren eta elkartearen elkarlanaren emaitza da egoitza Azpeitira lekualdatu izana. Duela aste batzuetatik, Basazabal jauregiaren solairu tartean kokatzen da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza, eta dagoeneko bertan ari dira lanean elkarteko kideak.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, Euskal Herriko Trikitixa elkartearekin urteetan izan duten harremanak "emaitza ugari" eman ditu: "Elkarlan horren emaitzarik ikusgarriena urtero Azpeitian antolatzen den San Jose trikiti jaialdia da. Hala ere, jaialdi horretatik harago, elkarlan horri esker, proiektu ugari ari gara ontzen bi erakundeen artean". Trikitiari dagokion garrantzia aitortzeko zenbait egitasmo esku artean dituztela zehaztu du udalak.

Azpeitiko Udalarentzat "pozgarria" da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza Azpeitian izatea; hala azaldu du Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak: "Azpeitian kultur mugimendu bizi eta aberatsa izateko lanean daramagu azken hamarkada luzea, eta trikiti elkartea mugimendu hori aberastera dator", esan du. Trikitiak bailaran izan duen indarra eta garrantzia ere nabarmendu nahi izan ditu Albizuk: "Trikitiak indar handia izan du Azpeitian eta eskualdean hamarkada luzeetan. Euskal kulturaren eta bizitzeko modu baten ardatza izan da, eta kultura hori ezagutarazteko eta gordetzeko beharrezko baliabideak jartzea dagokigu guri". Kulturalki ez ezik, trikiti elkarteak "historikoki eta gizarte ikuspegitik ere balio handia" duela azpimarratu du: "Izan ere, gure aurrekoen izateko eta bizitzeko modua islatzen dute trikitiak eta haren bueltako guztiak, baita gure hizkuntzaren eta gizartearen joan-etorriak ere. Horregatik, guretzat ohore bat da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen bidelagunak izatea, kasu honetan eta gainontzekoetan".

Elkarlana, "estrategikoa"

Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak, bere aldetik, elkartearen egoitza Azpeitian kokatzearen "garrantzia" azpimarratu du. Azpeitiko kultur mugimendua Euskal Herrian "erreferente" bihurtzen ari dela eta testuinguru horretan parte hartzeko aukera izatea "ezin hobea" dela adierazi du. "Estrategikotzat" jo du Kulturaz kultur kooperatibarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean aritzea, trikiti elkarteak datozen urteetan dituen asmoak gauzatu ahal izateko. "Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak urte asko daramatzagu elkarlanean, eta lankidetza hori indartzera gatoz, herriko kultur eragileekin indarrak batuta". Bestalde, aipatu du bailarako trikiti komunitateari eta Kulturaz kooperatibaren laguntzari esker eman dela egoitza Azpeitira ekartzeko pausoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide