Onintza Bastida: "Ez genuen espero Kenian grabatutako bideoak halako oihartzuna izango zuenik"

Ihintza Elustondo 2022ko api. 14a, 09:00

Onintza Bastida bideoko partaideekin, grabazioaren eguneko irudi batean. (Utzitakoa)

Sanferminak, Irujo pilotaria nahiz kalimotxoa gustuko dituen keniarraren bideoa bolo-bolo zabaldu da azkenaldian sare sozialetan, biral egiteraino. Borja Lezaun nafarrak grabatutakoa da bideo hori, baina proiektu horren atzean bada azpeitiar baten izena ere: Onintza Bastidarena (Azpeitia, 1982), hain zuzen ere. Lezaunen bikotekidea da Bastida, eta atzeko lanean aritu da bideoaren grabaketan.

Nolatan parte hartu duzu Patxi masaiaren bideoan? Zer da zehazki egin duzuna?

Iazko azaroan, Keniara joan ginen oporretara Borja eta biok. Borjak ikus-entzunezkoen munduan lan egiten du: bideoak, bideoklipak eta antzekoak sortzen aritzen da. Haren burua beti martxan egoten da, eta ideia ugari etortzen zaizkio burura. Hala, egun batean, zera esan zigun: 'Zer iruditzen zaizue hemengo jendearekin bideo bat grabatzen baldin badugu?'. Keniako masaien kultura eta sanferminak uztartzea bururatu zitzaion, eta bideo hori egiten lagunduko al genion galdetu zigun. Beste bi lagunek egin zuten bidaia hura gurekin, eta haiek eta ni laguntzeko prest azaldu ginen. Gau batean, garagardo bat hartzen ari ginela, ideiari forma eman zion Borjak: bideoan aipatuko ziren broma denak-eta idatzi zituen. Egun bateko kontua izan zen dena.

Nolakoa izan zen grabaketa prozesua?

Bideoko protagonista gure gida izan zen Keniako bidaia hartan. Hari aipatu genion bideoa egitea gustatuko litzaigukeela, eta ondo iruditu zitzaion. Orduan, haren lagunen herrira joan ginen, eta han grabatu zituen Borjak irudi guztiak. Bi lagunak eta ni prozesu horretan laguntzen aritu ginen: bideoan parte hartu zutenei sanferminetako nahiz txupinazoko irudiak erakutsi genizkien, txarangek zer egiten zuten azaldu genien, kantuak entzungai jarri genizkien... Atzeko lana izan zen gurea.

Keniako herri txiki batean bizi den Dennis da bideoko protagonista. Bideoan aipatzen du Patxi izenez ezagutzen dutela. Nor da bera?

Dennis Keniako mutil bat da. Bere kabuz, Internet bidez, gaztelaniaz hitz egiten ikasi zuen,  bisitarientzako gida lana egiteko. Bidaia hartan, gure gida izan zen Dennis. Hango masai herri batekoa da, eta Patxi izena guk jarri genion bideorako. Dena den, uste dut izen hori geldituko zaiola betirako [barreak].

Osasunakoa dela dio Patxik, Irujo gustatzen zaiola, kalimotxoa ere bai... Nolatan ezagutzen ditu hainbeste Euskal Herriko ohiturak?

Guk irakatsita. Borjak gidoia idatzi zuenean, gure kulturari lotutako hainbat gauza irakatsi genizkien bideoan parte hartu zuten keniarrei. Esaterako, pilotarien bideoak erakutsi genizkien, eta erabat harrituta gelditu ziren kirol horrekin; pilotariak futbolariak bezain famatuak al ziren galdetzen ziguten. Patxarana eta kalimotxoa ere ez zituzten ezagutzen; guk azaldu genien zer ziren. Futbolari dagokionez, Osasunakoa zela esaten zuen Dennisek, baina baita Realekoa ere... Horrez gain, sanferminak ospatzeko gogoz dagoela dio, baina hark ez zuen sanferminen berririk. Guk azaldu genion zer diren festa horiek, eta gidoian erantsi genuen gauza bat izan zen.

Bideoa grabatu zenutenean, espero al zenuten halako oihartzuna izango zuenik?

Inondik inora ere ez. Lagunen arteko kontu bat izan zen: Borjak bere kuadrillakoei eta familiari bidaltzeko bideo bat egin zuen, erdi brometan, eta ez genuen uste horrelako oihartzunik izango zuenik, hainbeste jenderengana iritsiko zenik.

Zer moduzkoa izan zen zuretzako Kenian bizi izandako esperientzia hura?

Kenian bizi izan genuen esperientzia oso-oso ona izan zen orokorrean: bai naturari dagokionez, bai kultura aldetik. Oso eskuzabalak dira hango herritarrak, gauza askotan lagundu ziguten, gauza gutxirekin oso gustura bizi dira... Oso esperientzia aberasgarria izan zen.

Bidaia baten atzetik etorri da bestea: orain Kalifornian (AEB) zaudete, ezta?

Bai, eta Borjaren buruak nola funtzionatzen duen ikusita, bidaia honetatik ere, ziur aski aterako da beste horrelako bideoren bat. Ari da hemen ere zenbait ideiari bueltaka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide