Sorrera: 1982-1983 ikasturtea.
Egoitza: Karmelo Etxegarai Ikastola.
Harremanetarako: Luix Alberdi (alberdiluis@yahoo.es).
Historia: Luix Alberdi 1982-1983 ikasturtean hasi zen Azpeitian euskal dantzak irakasten. Lagun talde txiki bat bildu, eta haren etxean bertan aritzen ziren. Taldea handitzen joan ahala, lokal handiago baten premian izan ziren. Gaur egun, Karmelo Etxegarai Ikastolan ematen dituzte klaseak. Azpeitian euskal dantzak bultzatzea da eskolaren helburu nagusia; baita ondorengo belaunaldiei helaraztea ere, "kulturak eguneroko bizitzan duen garrantzia erdigunean" jarrita.
Jarduera:
- Euskal Herri osoko dantza sueltoko txapelketetan parte hartzeko prestatzen ditu Azpeitiko haur eta gazteak. Gaur egun, txapelketetan parte hartzen duten bikote gehienak azpeitiarrak dira.
- Azpeitiko Ikastola Ikasberriko gurasoei klaseak ematen dizkie.
- Azpeitiko Udalak egiten dituen ekitaldi, omenaldi, aurkezpen eta festa denetan parte hartzen du.
- Urtero, udalaren laguntzarekin, San Tomas Egunean dantza sueltoko txapelketa antolatzen du.
- Azpeitiko eta inguruko herrietan euskal dantza erakustaldiak egiten dituzte.
- Euskal Herriko hainbat dantza jaialditan Azpeitia herri bezala ordezkatuta egoten ahalegintzen da.
- Ikasleekin irteerak ere antolatzen dituzte, eskola eta aisia uztartuz.
Elkarrizketa (2022-10-28, Uztarria.eus). Hiru esan:
- “Euskal Herri mailan azkeneko 10-15 urtean jaisten ari da dantza sueltoa. Dena den, eusten diogu Azpeitian; ikusi besterik ez dago txapelketetan zenbat diren azpeitiarrak: bikoteen erdia pasa”.
- “Festatan eta egun berezietan hor izaten gara. Badugu presentzia bat, herrian parte hartze bat. Euskal dantzak bultzatzen ditugu, eta ondorengo belaunaldiei helarazten dizkiegu”.
- “Eskolan 55 ikasle ditut, eta, horiez aparte, hamasei lagun dabiltza txapelketetan. Zifra ona da”.