Iñaki Segurolaren heriotza

Juxtu gaurkoa al huen?

Arantxa Iturbe 2022ko api. 16a, 07:32

Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Iñaki Segurolaren heriotzaren harira, honako iritzi artikulu hau idatzi du Arantxa Iturbek Berria egunkarian.

Gaur, Segurola? Juxtu gaurkoa al huen hiltzeko eguraldia?

Eta zer egin behar diagu? Hil ondorengo hitz lehor moztaile batzuk idatzi pulpitutik? Zer, eta hire alde? Inoren eta ezeren alde jarduteko ezgaitasuna (ezintasuna, ezina) bozgoraz aitortu eta praktikatu zuen saiheslariaren alde?

Aurreneko liburua argitaratu huenean deitu genian irratirako gonbitea egiteko. Hire erantzuna izan huen 'fedabideekin saturatua' hengoala. Deitzeko aurrerago. Eta guk, esaneko, deitu. Eta handik ez askora (asko pentsatu ondoren —ulertuko duk lagunentzat 'Ogrue' denari telefonoz deitzeak berak ausardia punttu bat eskatzen diola erantzun zakarrek mintzeko adinako sensibilitatea duen edozeini), gure irrati tartean sermoia botatzea etorri nahiko ote huen galdetu genian. Xaxardiak maite guk. Lagunak egitea, hik. Eta irratiak horretarako aukera paregabea ematen zian. Hainbeste urtetan ez diagu inor ezagutu hamar minututan irrati-entzuleak bi ekipotan banatzeko halako gaitasuna izan duenik: segurolazaleitsuak versus segurolahorrekzerarraioustedutarrak. Hire esanek eta hire esanmoduek, biek aztoratu izan diate parrokia. Ez hituan denak agertzen, nolanahi ere. Entzule isilak ere bazeudek. Hor bazeuden 'hemen nago' idazteko eskatu genienekoaz akordatzen? Waxapa izuzorabiatu huen erabat. Baina hi nola akordatuko haiz, ez bahago hemen. Gu bai, ordea. Zuztarreko tristura kosmikoak jota bada ere.

Eranskina: ordu batzuk zeramatzat hik esandakoak entzuten. Eta aditzen. Amaraunekoak berrienak: egon lasai esanda ez da inor lasaitu munduan, hildakoek ez dituzte hilerrietako kartel horiek merezi, 'Jabier, ez diat hire heriotza ulertzen, ulertutako heriotzak hildakoa bi aldiz hilda uzten duelako. Zenbat aldiz heriotzaz? Edo hirea jakindakoan joaten ote zaiguk belarria hartara?

Jarraitu artikulua irakurtzen Berria.eus atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide