Iñaki Segurolaren heriotza

Ogrue, zuzen eta garbi

Eneritz Albizu Lizaso 2022ko api. 16a, 10:13

Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Iñaki Segurolaren heriotzaren harira, honako gutun hau idatzi du Eneritz Albizu Lizaso Azpeitiko Udaleko Kultura eta Euskara batzordeburuak.

Labur, zuzen eta garbi. Ez dago zu agurtzeko beste modurik. Patxadaz, baina alferrikako hitzik gabe. Apartekoa zinen horretan, Iñaki. Eta tajuzko zerbait esateko saiakera honetan, nondik hasi?

Kultur eta Euskara zinegotzi bezala, zure lana eta ekarpena nabarmentzea tokatzen zait. Idazlea eta hiztegigilea. Filologoa. Euskaltzain urgazlea. Iritzi emailea ere bai. Inor epel uzten ez zuen horietakoa. Prentsa idatzian zein irratian jarraitzen zintugun. Beti gure hizkuntzarekin jolasean. Hura berreskuratzen eta berritzen. Euskara batuaren maisu eta herri hizkeraren defendatzaile. Estilo berezia utzi diguzu, korapiloz eta ironiaz josia; baina, aldi berean, arina eta ulerterraza. Zuk bakarrik egin zenezaken hori! Zuk idatzitako zerbait irakurtzen dudan bakoitzean, ahoz gora esango bazenu bezala entzuten zaitut nire buruan. Esaten zenuena berezia zelako, baita esaten zenuen modua ere.

Eta maila pertsonalean, ez dakit seguru zer esan, nola esan. Seguru zuk izango zenukeela hitzik egoera hauetarako. Bada, beti hurbil, umil, sentitu zaitudala, sarritan urrunduta egon garen arren. Zurekin izandako elkarrizketak gogora ekartzean, irribarrea ateratzen zait, ezinbestean. Astearte gauetan Korralen mamia jaten zuen Ogruerekin geldituko naiz betiko. Gugan bizitzen jarraituko duzu. 

Garbiñerentzat eta familiarentzat besarkada handi bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide