Bestaldetik

Esku hartze txikien balio handia

Elena Marguello 2022ko mai. 2a, 13:25

Santi Merino, Iraurgi Saskibaloiko laguntzaile elastikoarekin. (Utzitakoa)

Ibartarra da jaiotzez Santi Merino, baina urteak daramatza Azpeitian bizitzen. Danborradan Loiolabide Zahar taldeko zuzendari aritzen da, eta Iraurgi saskibaloi taldean laguntzaile ere bai; hala eraiki du bizimodua herrian. 2022ko apirileko Uztarria aldizkariaren Bestaldetik atalaren protagonista da bera.

Festetan edota kirol munduan, baina aspalditik dabil Santi Merino (Ibarra, Gipuzkoa, 1967) herrian era batera edo bestera laguntzen. Ibarran jaio zen arren, urteak daramatza Azpeitian bizitzen. Hainbat ekintzatan parte hartzen du, eta herrian egin duen ibilbidea kontuan hartuta, Merino azpeitiar asko baino azpeitiarragoa dela esan daiteke.

Urteak daramatza Iraurgi saskibaloi taldean laguntzaile lanetan. Garagardo festan eta antzeko ekitaldietan "beti" lagundu izan du Merinok, eta semeak saskibaloian jokatzeari ekin zionean, are lan karga handiagoak hartzen hasi zen. Juan Jose Arakistain Pino duela hogei urte baino gehiagotik ezagutzen zuen danborrada kontuengatik; hura aspalditik ari zen saskibaloi klubean laguntzaile lanetan, eta harreman horren harira hasi zen gehiago laguntzen Merino ere: "Pinok laguntzera joan ezin zuenean, ni joaten nintzen; eta nik ezin nuenean, Pino joaten zen". Horrela hasi zen Merino Iraurgiko lehenengo taldean laguntzaile lanetan, "oso modu naturalean".

2013-2014 denboraldian lagundu zuen ibartarrak lehen aldiz ISBren gizonen lehenengo taldea, eta ordutik, goizez ez bada arratsaldez, "ia egunero" joaten da kiroldegira bere aletxoa jartzera. "Pino ia egunero ikusten nuen", gogoratu du Merinok.

Aldageletan giro ona sortzeaz eta jokalariei ezer ez falta izateaz arduratzea da laguntzaileen eginbehar nagusia. Gazteek nahiz kanpotik etortzen diren jokalariek taldean "gustura" egon behar dutela uste du Merinok, eta taldea uzten dutenean ere sentipen "ona" izan behar dutela. "Batez ere, klubari laguntzea da egin behar izaten duguna".

Merino (zutik, eskubitik hasita aurrena) Juaristi ISB taldearekin. (Utzitakoa)

Egunerokoan, entrenatzaileei laguntzen die ibartarrak: denborak eta estatistikak hartzen ditu, markagailuei adi egoten da, jokalarientzat izotz ontziak prestatzen ditu, kantxak muntatzen eta desmuntatzen ditu, eta entrenamendu zentroan daudenean, bisitak egiten dizkie jokalariei, besteak beste. "Detaile txikiak dira, baina ingurukoek gustura hartzen dituzte", adierazi du Merinok. Haren arabera, gainerako taldeetan horrelako gauzak "gutxitan" egiten dituzte, eta klubari "nolabaiteko prestigioa" ematen diote ekintza horiek. "Aurrera jarraitzeko indarra ematen du horrek", aitortu du ISBko laguntzaileak.

Hain da beharrezkoa Merinoren lana Iraurgi saskibaloi taldearentzat, pasa den urtean boluntario onenaren saria aitortu zioten. Komunikabideen bitartez izan zuen horren berri, eta Ibon Guridi klubeko koordinatzaileari galdetu zion sariaz. Hark "merezitako saria" zela esan zion: "Klubak badaki zenbat lan egiten dugun laguntzaileok, eta nire buruaz harro sentitu nintzen saria eman zidatenean".

Herriko saskibaloi klubak talde asko ditu hainbat kategoriatan; horietako bi goi errendimendukoak, bata neskena eta bestea mutilena. Talde horiei guztiei laguntzeak "boluntario askoren lana" eskatzen duela azaldu du Merinok. "Laguntzaileen artean ni naiz denbora gehien daramana, eta, agian, gehien ezagutzen nautena; horregatik jaso nuen nik saria. Baina laguntzaile guztien lanagatik izango ez balitz, ezinezkoa litzateke ISB gaur egun dagoen lekuan egotea". Klubeko zuzendaritzak ere beren lana "asko eskertzen" duela azpimarratu du Azpeitiko bizilagunak.

Laguntzaile lanetan "gustura" sentitzen dela eta zeregin horrek "denbora pasatzen" laguntzen diola adierazi du Merinok; horregatik jarraitzen du urtez urte horretan. Pinok eta biek "gure emazteengatik izango ez balitz...", esaten zutela gogoratu du, hura zendu zenetik, egunerokoan haren falta "ikaragarri" sumatzen duela aitortuta.

Loilabide Zaharreko danborrada taldea zuzentzen. (Utzitakoa)

Danbor hotsen festa

Azpeitira ezkondu aurretik, Tolosan ikusten zuen danborrada ibartarrak. Dena den, Azpeitira etortzean, Sanjuandegiko taldearekin hasi zen Merino danborra jotzen. Gerora, Loiolabide Zahar elkartea sortu zuten, eta bazkideek danborradako taldea osatzeko "ilusioa" zutela aitortu du. "Ezin hobeto" iruditu zitzaion ibartarrari elkarteko taldea sortzea, eta "gustura" hartu zuen zuzendari lanetan aritzeko eskaera ere. Elkarteko hamahiru kide eta horien bikoteak animatu ziren aurrena, eta izen ematea ireki zuten gero. "Taldeari danborrak jotzea tokatuz gero, zuzentzen ez nuela jakingo pentsatzen nuen, ordura arte beti txapa jo izan bainuen. Horrek arduratzen ninduen gehien", gogoratu du. Dena den, danborrak jotzea egokituta ere, lortu zuen taldea gobernatzea. "Oso harro sentitzen naiz. San Sebastian eguna sekulakoa da".

"Gabonak pasatu bezain laster", bere kasa entseatzen du Merinok. "Etxean nahiz autoan" San Sebastian festetako diskoa jarrita aritzen da prestatzen Loiolabide Zaharreko zuzendaria. Taldearen hasierak ere ekarri ditu gogora, eta danborrada haiek "urduri" bizi izan zituela dio: "Orain, berriz, gehiago sartzen naiz taldeko dinamikan, eta gehiago gozatzen dut festaz". Hala ere, zuzendariek "ardura berezia" dutela uste du Merinok: "Adi egon behar dugu guztia ondo irten dadin".

Taldeko zuzendari izateak ez dio lan handirik ematen: "Taldea ondo portatzen bada, ez da lanik egin behar". Gainera, "festan parte hartzen duen orok ondo pasatu behar" duela uste du. Urte batzuk eman ditu Loiolabide Zaharreko zuzendari lanetan, eta aurreratu duenez, ez daki zenbat urtez jarraituko duen horretan: "Gazteagoei pasatu nahi diet testigua".

Helduen danborradan "ilusioz" parte hartzen du Merinok, baina bada festa horretan are gehiago gustatzen zaion beste hitzordu bat: haurren danborrada. "Seme-alabak izan ditugunok badakigu zeinen ondo pasatzen duten horiek eta zeinen berezia izaten den danborrada haurrentzat. Ikaragarri gustatzen zait hori ikustea", adierazi du irribarrez.

Loiolabide Zaharreko danborrada taldearekin. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide