Iñaki Segurolaren heriotza

Hi ez hago hemen, Segurola

Nagore Telleria 2022ko api. 23a, 14:41

Iñaki Segurola, Euskadi Irratiaren estudioetan. (EITB)

Nagore Telleriak Iñaki Segurola zenari idatzitako gutuna da hau, gaur goizean Euskadi Irratiko Amarauna saioan irakurri duen bera.

Mundua mundu denetik, "egon lasai" esanda inor ez dela lasaitu zenion. "Hemen nago" esatea dela baleko formula bakarra. Ez "hemen nago ni", ez "hemen ni nago" edo "ni nago hemen". "Hemen nago" soil-soil bat. Eta, orain, zu ez zaude.

"Udaberrira arte" esanez agurtu genuen elkar abenduan, pandemiaren zeharminak krakatekoa eraginda. "Orain ez da posible" zenidan hizketaldi luzean, "ulermenetik" behin eta berriz. Zuk sermoirik ez egitea galera zela esan nizun nik eta denborari bere lana egiten utziko geniola erabaki genuen. "Ondo segi. Eutsi goyei, udaberrira arte", dio Whatsappeko zure azken mezuak. Orduan ez nekien galera hitzak gainezka egingo zigunik, esanahiz beteegi.

Azken laugarren mezuan esan nizun Koiteretzia irakurriz, dudazionista lasai eta umoretsuaren arteko diferentzia zein den entenditu nahian ari nintzela, eta zuk erantzun, ez zinela momentuan esplikatzeko adina akordatzen. Neska da lasaia, fisioterapeuta umoretsua eta pasteurizatua gizon heldua, oraintxe hotz eta oraintxe bero dabilena, nik. Ez nuen esan beharrik dudazionista guztiak zirela zu. Putasemiotikoez barrez jarri ninduzun. Eskerrak behintzat Chosmky salbatu duzun, idatzi nizun azken bigarren mezuan, karkar artean. Esker oneko irribarrea egingo zenuen seguru asko, igandeetan sermoia ematen hasi aurretik egiten zenuena bezalakoa, txikitik handirakoa. Bi besoak altxatu eta gora begira jartzen zenituen eta hiru aldiz astindu hizketan hasi aurretik. Barre egiten nuen nik eta "Jauna egiguzu argi" esaten nizun, zuk ere barre egin zenezan. Agur Jesusen Ama entzutean hasten zen zirti-zarta. Ondo pentsatu eta hobeto esandakoa. Eskuz idatzitako letra zopa hari propio egindako eten, errepikatze eta ahotsaren lainezak ematen zioten perfekzioa. Txalo egiten nizun batzuetan, ez neukan txapela kendu edo erreberentzia egin beste batzuetan, eta ez nengoela deacuerdo esan ere bai. Egurtzen atrebitzen ez zinenak zein ziren esaten nizun tarteka, xaxatzearren, eta zuk ez zitzaizkizula interesatzen erantzun. Ez zenuen inoren eztenik behar, zeu zinen eta zeure buruaren akuilu zorrotzena.

Eta nik zure hitzek sortzen zidaten ondoeza sentitu nahi nuen. Pentsamendua leku labainetara eramaten utzi, eta ados ez egonda ere, aitortu, egia zati handi bat zutela beti zure hitzek.

Akordatzen naiz nola jardun genuen iritzira eta aliritziraren arteko aldeaz, Sed quia suari buruzko telefonozko berriketaldian. Gure amak apartatu egiten dituela kontatu nizun, iritzirak gutxi gorabeheratik duena duela alitzirak ausatik. Filologo belarriz gozatu eta etsipenez esan zenidan makina bat halako galdu ditugula bidean.

Zutaz akordatu naiz irakurri dudan azken nobela leitzean. "Ez naiz akordatzen ere", dio idazleak, eta niri liburua harrika botatzeko gogoa eman dit, zuri emango zizukeen bezala.

Baina orain zu ez zaude eta akordatzenka jardun beharko dugu, derrigorrean. Zer moduz belauna zela gure diosala, checkpointa zela  EITBko segurtasun etxola, egoki eta zuzen esanda. Orain, ordea, olgetan-benetan jardun nahi eta ezin. Olgetarako gogorik ez, eta benetako hitzak, denak alferrik.

Zeinek galdetuko dit orain Pako Aristiri buruz? Nik zeini kontatuko dizkiot azpeitiartasunari buruzko nire teoriak?

Ederra hitza emaztea izendatzeko asmatu huena: andrelaguna, eta orain maskal-maskal eginda utzi duk. Zer esan behar dugu, andrelagun ohia txepel bat? Andre lagun-galdua? Alarguna, korriente-korriente? Segurola, hau ez zegok aguantatzerik eta txarrena duk hi ados hengokeela!

 

(Nagore Telleriak Euskadi Irratiko Amarauna saioaren hasieran irakurri du testu hau. Hemen entzun daiteke osorik saio hori).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide