Gizartearen zahartzea

Biztanleria gora, adina ere bai

Anartz Izagirre 2022ko api. 26a, 18:00

Gero eta jende gehiago bizi da Urola Kostan, eta iazko datuen arabera, gero eta gertuago du 80.000 biztanleko langa. Bestalde, biztanleria zaharragoa da eskualdean, jaiotza tasa beheraka ari da, eta horrek zein bestelako hainbat faktorek bailarako demografia aldatzea ekarri dute. Eskualdeko populazioaren erradiografia errotik aldatu da, baita erronkak ere.

Tamaina, itxura, estilo eta ezaugarri desberdinak dituzten 11 herrik osatzen dute Urola Kosta eskualdea, eta haren barruan, bi azpi eskualde bereizten dira; barrualdea edo Urola Erdia deiturikoa, eta kostaldeko herriak edo Urola Kosta bezala ezagutzen dena. Horixe litzateke begiratu batean gure bailararen erradiografia orokorra, baina herri eta txoko bakoitzaren zertzeladak eta ñabardurak desberdinak dira, baita azken mendean populazioan, herritarren nolakotasunean eta paisaiaren itxuran izandako aldaketak ere. Horietako aldaketa batzuk eskualdean eragin duten faktore propioak izan dira, eta, beste batzuk, Gipuzkoa osoan, Euskal Herrian nahiz nazioartean ere eragin dutenak.

Atzera begira, 1877. urtean, 24.908 biztanle ziren Urola Kostako 11 herrietan INEk emandako datuen arabera, eta egun, 145 urte geroago, oso bestelakoa da egoera: 76.475 biztanle ditu eskualdeak. Hamarkadaz hamarkada goranzkoa izan da populazioaren bilakaera, eta ez da egon biztanleria jaitsi den hamarkadarik, nahiz eta denbora tarte bakoitzean ez den modu berean hazi herritarren kopurua. Herrien tamainan eta biztanle kopuruan ere aldaketak izan dira 1877. urtetik hona. Duela 145 urte, esaterako, Azpeitia zen eskualdeko herririk jendetsuena, 6.379 biztanlerekin, eta Azkoitia zen zerrendan hurrengoa, 4.901 biztanlerekin. Egun, ordea, Zarautz da, alde handiz, biztanle gehien dituen herria: 23.271 herritar. Dena den, duela 145 urte, 2.204 biztanleko herria zen, eskualdeko bosgarren jendetsuena Azpeitiaren, Azkoitiaren, Zestoaren eta Aiaren atzetik.

Eskualdeko populazioa goraka joan den arren, herri guztiek ez dute joera bera izan 1877tik gaur arte, eta guztiak ere ez dira neurri berean hazi edo gutxitu. Duela 145 urte baino biztanle gehiago dituzten herriak honako hauek dira: Aizarnazabal (+401), Azkoitia (+6.756), Azpeitia (+8.812), Getaria (+1.781), Orio (+5.112), Zarautz (+21.067) eta Zestoa (+1.300). Txanponaren beste aldean, landa eremuko herriak daude: Aia (-321), Beizama (-552) eta Errezil (-1,125). Herri guztietatik Zarautz da proportzioan gehien hazi den herria, egun hamar bider herritar gehiago baitaude han erroldatuta. Orio eta Zumaia ere asko hazi dira, eta egun 1877an baino sei bider pertsona gehiago bizi dira herri horietan. Kontrara, Beizama eta Errezil izan dira nabarmen biztanle gehien galdu dituzten herriak. Errezilen duela 145 urte baino hiru aldiz biztanle gutxiago bizi dira, eta Beizaman, ia bost bider gutxiago.

Beraz, oro har, kostaldeko herrietan izan da jende gehikuntzarik handiena XIX. mende amaieratik hona, eta aldaketa horretan hainbat faktorek izan dezakete eragina; besteak beste, turismoak, eta Urola Kostaren kasuan, lurraldeko hiriburutik gertuago egoteak. Gehien hazi diren bi herriak –Zarautz eta Orio– Donostiatik gertu daude, esaterako. Turismoaren kasuan, Zarautzen kasua aipatu du Demografian doktorea den Marta Luxan soziologoak: "Ikertzekoa da egun Zarautzen erroldatuta dauden guztiak bertan bizi ote diren edo horietako batzuk udatiarrak soilik al diren. Horrelako gauzak gertatzen dira eta". Era berean, turismoaren bueltan sor daitezkeen lanpostuek jendea erakar dezaketela ere aipatu du hark. Albo kalteak ere eragin ditzakete faktore horiek, adibidez, etxebizitzen prezioak garestitzea: "Apartamentu turistikoek prezioak asko garestitu ditzakete herri horietan".

Bilakaera, negatiboa?

Populazioaren gorakada eta beherakada sarritan izan ohi dira albistegietako lerroburuak, eta azken hamarkadan, bereziki, jaiotza tasaren jaitsieran egiten dute azpimarra hedabideek. Luxanen arabera, demografiaren bilakaeran egiten den irakurketa sarritan ez da egokia izaten, ordea: "Joera dago esateko populazioa igotzen bada bilakaera positiboa dela, eta jaisten bada, negatiboa. Ez du zertan horrela izan. Ikuskera aldatzen badugu eta konturatzen bagara azken 40 urteetan Mendebaldean jendea sortu dela, krisi ekologikoaren ikuspegitik ez da oso berri ona".

Ildo horretatik, Luxanek dio jaiotza tasaren jaitsiera "hondamendi moduan" ikusten dela batzuetan, baina jaitsiera horren atzean hainbat arrazoi daudela. "Pentsatu behar dugu jendeak guraso izatea gauza batzuen arabera erabakitzen duela, eta horien artean, besteak beste, beren gurasoekin ez bizitzea eta ekonomikoki gutxieneko ziurtasun bat izatea daude", azaldu du Luxanek. Horrez gain, genero harremanek ere zerikusia dutela azaldu du: "Hainbat demografok aztertu dutenaren arabera, ugalkortasuna txikiagoa da genero harremanetan desorekak dauden tokietan. Esaterako, Europaren barruan, ugalkortasun handiagoa dago herrialde eskandinaviarretan. Han gertatzen dena da espazio publikoan eta pribatuan dauden genero harremanetan ez dagoela desoreka handirik".

Bestalde, biztanleriaren zahartzea eta ugalkortasuna ere lotuta daudela dio soziologoak: "Asko aldatu da jaiotzen diren pertsona horien bizitza: zenbat urte bizi diren gurasoekin, zenbat heltzen diren helduak izatera... Orain pertsona gehienok heltzen gara nagusi izatera". Julio Perez Diaz demografoaren kontzeptu bat mahaigaineratu du Luxanek hori azaltzeko: iraultza erreproduktiboa. "Hark dioenez, bizitza luzatzeak berak eragina izan du populazioan, eta dio antzeko jende kopurua egoteko nahikoa dela pertsona gutxiago jaiotzearekin. Uste dut testuingurua aldatzen ez bada ugalkortasuna aldatzea oso gauza bitxia izan daitekeela daukagun adin egiturarekin".

Urola Kostako datuei erreparatuz, adin piramidean nabarmen islatzen da populazioaren zahartzea. INEk 2021. urtean ateratako datuen arabera, 40-44 eta 45-49 adin tarteetako gizon-emakumeak dira eskualdean nagusi, eta hortik aurrera jende zaharragoaren proportzioa jaisten badoa ere, 40 urtez azpiko herritarrak baino gehiago dira uneotan 40 urtetik 70 urtera bitarteko bailarako herritarrak. Era berean, 0 eta 4 urte arteko haurren kopurua, hau da, azken lau urteetan jaiotakoen kopurua, azken urteetako baxuena da.

Biztanleriaren zahartzea jomugan

Luxanen arabera, zaintzekin zer egin pentsatu beharko litzateke biztanleriaren bilakaeraren egungo joera ikusita. "Niretzako Euskal Herriak duen erronka nagusienetakoa da zaintzen krisiari nola aurre egin zaintzaileak esklabutzara bultzatu gabe. Nola antolatuko dugu hori? Aukera asko daude, baina argi dagoena da zaintza merkatuaren esku uzteak ez duela funtzionatzen. Momentu honetan horren isla da mugimendu feministaren aldarrikapena, hau da, zaintza sistema publiko bat sortzea". Instituzioek gai horren inguruan ikuspegia aldatu beharko luketela ere badio soziologoak: "Jarraitzen dugu pentsatzen jende gehiagok jaio behar duela, baina argi dago hori ez dela bihar gertatuko den zerbait. Eta gertatuko balitz ere, kezkatu egin beharko ginateke; izan ere, nork zainduko ditu haur horiek?".

Gauzak horrela, "biziraupenaren demokratizazioan" egin du azpimarra Luxanek, eta prozesuari "baikortasunez" begiratu behar zaiola uste du: "Argi dago oso nagusiak diren pertsona horiek zaintzak behar dituztela, eta adin nagusiko jende asko egoteak osasungintzan eta zaintzan esfortzu berezia egitea ekarriko duela. Aldi berean, pertsona horiek beren bilobak zaintzen ari direla ere pentsatu behar da. Ez dugu pentsatu behar pertsona horiek inaktiboak direla, baizik eta pertsonak zaintzen ari direla". Horregatik, beharrak egungo egoerara egokitzea premiazkoa dela dio: "Egun ditugun pertsonak nola kudeatu jakitea da kontua, eta ondasunak modu ekitatibo batean nola banatu pentsatzea".

Aniztasuna da nagusi

Migrazioa, era batean edo bestean, beti egon da presente, azken mendean behinik behin, Euskal Herri osoan. Hainbat hamarkadatan, asko izan dira Euskal Herritik beste zenbait lurraldetara joan diren herritarrak, baita Euskal Herrira bizitzera etorri direnak ere. Urola Kosta ez da salbuespena; izan ere, bailarako 11 herrietan ehunka dira Espainiako Estatuko beste hainbat erkidegotatik nahiz nazioarteko herrialdeetatik lekualdatutakoak. INEk 2021an emandako datuen arabera, Zarautzen bizi dira eskualdeko udalerri denak aintzat hartuta, Espainiako Estatutik kanpoko etorkin gehien (1.361); gutxien, aldiz, Beizaman (5).

Dena den, proportzioan Azkoitia da Espainiako Estatutik kanpoko etorkin gehien dituen herria, udalerriko biztanle guztien %9,46 osatzen baitute horiek. Getaria da zerrendan hurrengoa, %8,58 tasarekin. Zarautzen, berriz, nabarmen baxuagoa da ehuneko hori; han erroldatutako herritarren %5,84 da Espainiako Estatutik kanpokoa, hau da, 5.000 biztanletik gorako herrietatik proportzioan immigrante gutxien jasotzen dituen herria da, Zumaiaren atzetik –%5,64 da hango etorkinen tasa–. Pertsona horien adinari erreparatuta, berriz, bailarako herri guztietan bizi diren etorkinen hamarretik zazpik 16 eta 64 urte bitartean dituzte, eta 64 urtetik gora dituzten etorkinak ez dira hamarretik bat izatera heltzen; Errezil da salbuespena, han etorkinen %12,9 baita 64 urtetik gorakoa. 16 urtez azpiko etorkinak, berriz %10-20 inguru dira bailaran. Azkoitia da Espainiako Estatutik kanpoko herritarren artean 16 urtez azpiko biztanleen tasarik altuena duen herria, %23,2 baitira horiek.

Kultur aniztasunak eta migrazioek eragina izan dezakete eskualdearen nolakotasunean eta bizimoduan, eta sarritan, euskararen erabilera jartzen da jomugan halakoetan. Hala dio Luxanek: "Uste dut hizkuntzan migrazioak izan dezakeen eragina herritar horien jatorriaren araberakoa izan daitekeela, eta egia da eragina izango duela gizartean, baina eragin horren nolakotasuna lotuta egongo da bakoitzak euskara ikasteko dituen erraztasunekin". Bestalde, egoera diglosikoa aipatu du Luxanek: "Gaztelania lehen hizkuntza duten etorkinak heltzen badira gurera, horiek euskalduntzeko politikak egin beharko lirateke. Pertsona horiek hamabi orduz lanean baldin badaude, ezin izango dute euskara ikasi. Goazen pentsatzera pertsona horiek euskara ikasteko aukera izan dezaten zer egin".

Funtsean, ukaezina da Urola Kostako biztanle kopuruaren bilakaera goranzkoa izan dela XIX. mende amaieratik gaur egunera arte, baina bilakaera hori kostaldeko herrietan gehiago igarri dela barrualdeko herrietan baino. Landa eremuko herriak, aldiz, populazioaren gainbehera eten nahi eta ezinean dabiltza, beste hainbat txokotan gertatzen ari den moduan. Eta bigarren ondorio nagusia da biztanleria zahartzen ari dela, eta urtez urte geroz eta jende gutxiago jaiotzen dela. Luxanek argi du zein den etorkizuneko erronka: "Adin egitura zer-nolakoa den ikusita, gizartea nola antolatu erabakitzea da erronka". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide