Etxeko energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta faktura murrizteko kanpaina abiatu dute

Ane Olaizola 2022ko api. 29a, 15:41

Energia Argitu programaren barruan abiatu du kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Herritarrei etxeko energiaren kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatuko die, eta energia aurrezteko proposamenak helaraziko dizkie. Besteak beste, udalak Energia Argitu Kit maletak banatuko dizkie herritarrei, haiek beren etxeetan neurketak egin ditzaten. Beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, etxeko energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina jarri du abian, Energia Argitu programaren barruan.

Kanpainaren bidez, Aldundiak herritarrei etxeko energiaren kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatuko die, eta hori ulertzeko ahal izateko beharrezko tresnak emango dizkie. Horrez gain, energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko proposamenak jasoko dituzte. Horretarako, lehendabizi azalpen-tailer bat eskainiko du erakundeak, Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izenpean. Maiatzaren 10ean izango da saioa, Azoka Plazako aretoan, 18:30ean. Bertan, etxean autodiagnostikoa nola egin azalduko dute, eta etxebizitzetan ohiko arazoak konpontzeko irtenbidea plazaratuko dituzte.

Ondoren, udalak Energia Argitu Kit maletak banatuko dizkiete interesa duten herritarrei, haiek beren etxeetan neurketak egin eta energia gabeziak detekta (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur-emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar) ditzaten. Horrez gain, energia %5 eta %10 artean aurrezteko neurriak proposatuko dizkie herritarrei. Energiaren diagnosia egiten dutenean, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin kontsultatzeko aukera izango dute, lortu dituzten emaitzen inguruko zalantzak argitzeko asmoz.

Kanpainan parte hartzeko maiatzaren 6ra bitartean eman behar da izena, argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezua idatzita edo 605 75 76 87 telefonora deituta (astelehenetik ostiralera, 9:00etik 18:00etara). Informazio gehiago nahiz izanez gero, www.argitu.eus ataria kontsultatu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide