Erretratua

Jabier Maiz: "Ez beti, baina gehienetan esker oneko lana da gurea"

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 7a, 10:00

Jabier Maizen erretratua. (Olatz Alkorta)

Hogeita bost urtez igeltsero lanetan aritu ostean, hainbat arrazoi tarteko, lanbidez aldatu zen Jabier Maiz. Duela sei urtetik Azpeitiko Udalaren brigadaren koordinatzailea da. "Pazientzia" eskatzen duen lana den arren, ofizioa atsegin duela dio Maizek. Mendizalea, euskaltzalea eta kobazalea ere bada, besteak beste. Harena da Erretratua 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Askotariko lanetan aritutakoa da Jabier Maiz (Azpeitia, 1959), baina azken urteetan Azpeitiko udal brigadaren koordinatzailea da. "Lotura eta prestutasun handia" eskatzen duen eginbeharra den arren, atsegin duela dio. Jantzi laranja soinean ikusiko dute herritar ugarik, eta askok joko zuten harengana arazoren bat edo beste konpontzeko eskean. Udal brigadako langile izatetik aparte, ordea, baditu beste hamaika zaletasun.

Arantzazun (Gipuzkoa) egin zituen ikasketak Maizek, eta, ondorioz, "frailekumea" dela dio, barrez. Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI) amaitu eta selektibitatea egin zuen arren, gazteagoa zela hasi zen lan munduan murgiltzen. "15 urterekin Danonan hasi nintzen lanean, eta bederatzi-hamar urte inguru egin nituen han. Ondoren, pare bat urtez zerbitzari lanetan aritu nintzen, anaiaren tabernan. Dena den, nire betiko afizioa eta ofizioa igeltsero lana izan da", kontatu du. Hain zuzen, hogeita bost urtez aritu zen igeltsero lanetan, eta ondo gogoan ditu urte haiek. Mimoz oroitzen ditu, gainera: "Igeltsero aritzea izan da nire betiko afizioa; izan ere, eginda, gorpuztuta edo jasota gelditzen den lana da gehien gustatzen zaidana. Iñaki Aizpururenean ibili nintzen lanean urte luzez, eta bide hori bukatuko zela ikusitakoan hasi nintzen beste zer lan egin nezakeen pentsatzen, halabeharrez. Garai hartan ekin nion udal brigadetarako azterketak prestatzeari".

Azpeitiko udal brigadara iristerako, Maizek bazuen eskarmentua. Aurrena, Bergarako (Gipuzkoa) udal brigadan aritu zen lanean, igeltsero gisa. "Lan bila nenbilen, eta Bergarako udal brigadarako lan poltsa ireki zutela ikusita, izena ematera animatu nintzen. Oso ondo kontrolatzen nuen igeltsero ofizioa, urte luzeko esperientzia nuelako, baina hori ez zen nahikoa postua lortzeko. Azterketaren zati teorikoa prestatu behar izan nuen, eta orduak eta orduak eman nituen testak egiten. Hura izan zen horrelako zerbait egiten nuen aurreneko aldia", gogoratu du. Horren ondotik hasi zen azterketatik azterketara, Azpeitira iritsi arte: "Bergaran nengoela jakin nuen brigada arduradun posturako lan poltsa ireki zutela Zestoan, eta izena eman nuen. Ez nuen posturik lortu, baina handik gutxira Azpeitian ireki zuten lan poltsa, eta saiakera egin nuen. Bergarako brigadan nenbilela deitu ninduten Azpeitiko Udaletik. Baiezkoa eman nuen, etxetik gertu lan egiteak dituen abantailez jakitun".

Beharrei erantzuteko ardura

Gremioka banatuta dago Azpeitiko udal brigada: arotzak, igeltseroak, margolariak, elektrikariak, lorezainak... daude talde horietan. Arlo horietako langileen zereginak zehaztea eta koordinatzea da Maizen eginbeharra gaur egun: "Azpeitian sortzen diren askotariko beharrak brigadaren gremio edo taldeen artean banatzen ditut. Zeregin zehatzak brigadako gremioetako langileek egiten dituzte, eta nire lana da langileen eginbeharrak sailkatzea, ordenatzea eta koordinatzea. Herritarren eskaerei erantzuteko, langileekin harremanetan jartzeaz eta eskaerak bideratzeaz arduratzen naiz nolabait". Gremioak eta zereginak koordinatu ez ezik, eginbeharren jarraipena ere egiten du Maizek.

Maiz, udal brigadaren biltegiko sarreran. (Maialen Etxaniz)

Lanbideaz gehien zer atsegin duen galdetuta, hark dio brigadarena, oro har, esker oneko lana dela: "Ez beti, baina gehienetan esker oneko lana da gurea. Gauzak zuzentzea da brigadaren zeregina, udalak zein herritarrek egindako eskaerei erantzutea, eta zentzu horretan, jendeak eskertzen du brigadak egindako lana". Ofizioaren alderik txarrena ere horri lotuta dagoela dio: "Izan ere, zenbaitetan, ez dugu jendeak nahi bezain azkar lan egiten edo ez dugu aurrenekoan asmatzen, eta haserreak ere izaten dira tarteka. Zaila da guztiak gustura gelditzea". Horri lotuta, "pazientzia" edukitzeaz aparte, "kontzientzia lasai" izatea garrantzitsua dela dio: "Finean, udalaren irizpideak jarraitzen ditugu guk, eta horiek kontuan hartuz, gure eginbeharrak ahalik eta ondoen gauzatzen saiatzen gara".

Ohiko lanegunez aparte, egun edo ordu berezietan ere lan egin behar izaten du udal brigadak, eta horrek baditu bere alde txarrak. Dena den, Maizek dio festetan ez dela egunerokoan baino lan askoz gehiago egoten: "Beti esaten dut festetan ez dela ohi baino lan gehiago egiten. Astegunetan jendea ez da ohartzen brigadak zer-nolako lana egiten duen, baina festetan ezorduetan ibiltzen garenez, gehiago bistaratzen da brigadaren lana; langileen txaleko laranjak-eta gehiago ikusten dira. Festetan lan egitearen gauzarik zailenetakoa presioa izaten da; izan ere, zerbait antolatzen duenak dena ondo atera dadin nahi du, eta presio horrek neke handia eragiten du".

Beharra dagoenean, udal brigadaren koordinatzailea "bertatik bertara" egotea garrantzitsua dela uste du Maizek, eta horregatik dio ofizio hori duenak edozein unetan lanerako prestutasuna izan behar duela. "Askotan sortzen dira ezusteko beharrak, eta horiei erantzuteko herritik gertu egotea garrantzitsua da. Nik, zentzu horretan, zorte handia daukat, bizi naizen herrian bertan egiten dudalako lan". Kontuak kontu, bere ofizioa atsegin duela dio udal brigadaren koordinatzaileak, eta "oso gustura" dagoela aitortu du.

Arantzazun ikasitakoak, zaletasun

Lanetik ateratzean, zaletasunei egiten die leku Maizek. "Arantzazun ikasi nuen, eta han barneratu nituen egun ditudan zaletasun guztiak. Euskaltzalea naiz, kobazalea, mendizalea... Arantzazun igarotakoak urte erabakigarriak izan ziren", kontatu du.

(Maialen Etxaniz)

Ikasketaz eta ofizioz arkeologoa ez bada ere, kobazalea izanik, Antxieta arkeologia elkarteko kidea izan zen Maiz urte luzez, eta hainbat aurkikuntza egin zituen orduko kideekin batera. Sasoi hartako "oroitzapen ederrak" ditu, eta gaur egun elkarteko kide ez den arren, oraindik badu gaiarekiko interesa. "Gure garaian, arkeologian aritzeko, jakintza baino garrantzitsuagoa zen ikasteko gogoa edukitzea. Horrek gaian sakontzeko grina piztu zigun askori. Gainera, hainbat aurkikuntza egin genituen, eta sekula ahaztuko ez ditugun une zirraragarriak bizitzeko aukera izan genuen. Jarraikortasuna eskatzen duen lana den arren, ederra da inguru hauetako aintzinako gizakien arrastoa jarraitzea", dio. Arkeologiak, historiak nahiz antzeko gaiek jakin-mina pizten diotela aitortu du: "Iberotarren garaiko kontuak, Euskal Herrikoak, Espainiakoak, historiari lotutakoak... asko interesatzen zaizkit. Kateatu egin nauen zaletasuna da, eta ez jakintza intelektuala ematen didalako; kuriositatea asetzeko modu bat da niretzat".

Azken boladan, mendian ibiltzea ez ezik, yoga praktikatzea, irakurtzea nahiz bilobarekin egotea ditu atsegin, eta horiez gozatzeko aprobetxatzen du lanetik ateratzean gelditzen zaion denbora. "Ahal den bitartean horretan jarraituko dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide