Eduki babestua

"Herrian giroa sortzeaz gain, kontsumoa bultzatzen du eta herritarrak sentsibilizatzeko ere balio du bonu kanpainak"

Uztarria.eus 2022ko mai. 13a, 19:00

Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonuak aterako dituzte. Herriko merkataritza indartzeko helburua duen egitasmoaz eta hark duen eraginaz hitz egin dute Tilin-Talan haur dendako Sonia eta Alicia Gomez ahizpek.

Pandemia garaian abian jarri ondoren, berriro Azpeitia Zaindu bonu kanpaina antolatu du Bertan merkatari elkarteak. Zer onura ekartzen ditu egitasmoak?

Alicia Gomez: Bonu kanpainak, herrian giroa sortzeaz gain, kontsumoa bultzatzen du eta herritarrak sentsibilizatzeko ere balio duela uste dut. Merkatari eta ostalariei dirua ematea baino zerbait gehiago da azkenean, jendea adi eta zain dagoen zerbait da, eta plus bat ematen du: giroa, arreta, sentsibilizazioa, ezagutza.... Askok ez dakite herriko saltokiek zer produktu eskaintzen dituzten, eta honelako ekimenekin, aukera zabala deskubritzen dute. Bonuak ezin baitira online erabili, zuzenean saltokietan erabili behar dira.

Eragin zuzena du. beraz, saltokietan.

Sonia Gomez: Saltoki bezala esan dezakegu bonuei esker, salmenta gehiago izaten ditugula. Bonuekin beharrezkoa erosteaz gain, kapritxoa izan daitekeena ere erosten dute bezeroek, eta hori garrantzitsua da. Gainera, ez herri barruan bakarrik, herritik kanpoko bezeroak ere adi egoten dira eta erosten dituzte, eta ondorioz, Azpeitira etortzen dira, eta herriko saltokietan ibiltzen dira, horrek herriarentzat duen eraginarekin.

Aurten, gainera, berrikuntzekin dator egitasmoa, eta 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei hamabost euroko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Zein da helburua?

Alicia: Gazteak kontzientziatzea du helburu. Ezinbestekoa da adin tarte horretakoei herriko saltokien garrantziaz aritzea, eta horretan ari gara indarrak batzen. Adibidez, azken asteetan, 147 ikasle, taldeetan banatuta, herriko 37 saltokitako erakusleihoak apaintzeaz arduratu dira, udaberria gaitzat hartuta. Egitasmoak etorkizuneko kontsumitzaileak tokiko kontsumoaren inguruan sentsibilizatzea du helburu nagusitzat. Izan ere, adin horietan online erosteko ohitura dute dagoeneko, eta horren aurrean zerbait egin beharra dago.

Sonia: Azkenean, belaunaldi berriak erakarri behar ditugu, eta horrelako egitasmoei esker herriko saltokiak eta produktuak ezagutzen dituzte gazte horiek. Bi ekimen txiki dira, baina poliki-poliki, pauso handiak ematera iritsi gaitezke.

Nola izango da bonuen funtzionamendua?

Sonia: 50 euroko balioa izango duten 1.835 bonu aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Astelehenean, maiatzak 16, jarriko ditugu bonuak salgai, eta horretarako, herritarrek aurrez aurre —Azpeitiko Azoka Plazan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara— zein online —honako lotura honetan— erosi ahalko dituzte bonuak. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 30era bitartean erabili ahal izango dira horiek. Gainera, Bertan elkarteko establezimenduetan ez ezik, egitasmoarekin bat egiten duten merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztietan erabili ahalko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide